→Ugao

Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateko estatutuak behin betirako onartu dituzte

Ugaoko 'Udaleko' zabor-bilketa zerbitzua // Geuria

Arrigorriaga, Etxebarri, Ugao, Zaratamo, Zeberio, Arakaldo, Arrankudiaga, Orozko eta Orduña dira Nerbioi-Ibaizabal mankomunitatean izena eman duten bederatzi herriak. Ingurumeneko arazoak konpontzea helburu nagusia duen udalez gaindiko izaerako entitateak Udaltalde 21  eskualdeko jasangarritasun bulegoa ordezkatuko du eta dagoeneko estatutuak onartu dituzte. Horrek ez du esan nahi bestelako herriek mankomunitateko parte izan ez daitezkenik: Mankomunitatean izena ematea posible dela azaldu dute, horretarako gertutasuneko arrazoi geografikoak edota eskala ekonomiako bezalako berezitasun jakin batzuk bete behar direlarik, mankomunitateko parte diren herrien zerbitzuetako eraginkortasunaren eta efizientziaren alde.

Bulegoa Arrankudiagan jarraituko du eta Nerbioi-Ibaizabal mankomunitateak eskainiko dituen zerbitzuen artean eskualdeko bulegoaren kudeaketa, Agenda 21en garapena eta Agenda 2030eko garapen jasangarriko helburuak erdiestea daude, besteak beste. Horiez gainera, etxeko zaborren bilketa, garraioa eta tratamendua egiten jarraituko du Mankomunitateak.

Ingurumenetik haratago

Ingurumeneko arazoak konpontzeaz gainera, entitate berriak eskua sartu nahi du gizarte eta ekonomia alorretan: Oinarrizko edo eskualdeko, euskarazko edo berdintasunezko gizarte-zerbitzuak martxan jartzeko aukera eskainiko du ere, baita Eskualdeko Enplegu edo Gazteria Plana zentralizatzekoa edo eskualdeko bidegorriei dagokiona kudeatzekoa. Gaur egun, lehendakaritza, lehendakariordetza, batzar nagusia, osoko bilkura eta gobernu-batzar organuak ditu Ibaizabal-Nerbioi mankomunitateak.

Beira eta plastikoak jasotzeko edukiontziak // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak