Sareak

☉ Ugao

Nagusientzako bisita gidatu antzeztuak antolatu ditu Ugaoko Udalak Ondarearen Europako Jardunaldietan

Ugaoko Udalak nagusientzako bisita gidatu antzeztuak prestatu ditu Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiak direla eta.

|

Jane Jauregia // Geuria

Ugaoko Udalak nagusientzako bisita gidatu antzeztuak prestatu ditu Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiak direla eta, urriaren 7an eta 8an, Jane Jauregian. “Guztion ondarea, guztiok parte” lelopean txanda bi antolatu ditu Udalak egun bakoitzeko: 10:00etan eta 12:00etan. Bisita antzeztuaren izena “Ondarea eta hirugarren adina, guztiona eta guztientzat” da eta Martin Merkatariak gida lanak egingo ditu, bisitariei errege-bidearen abenturak ezagutaraziz edota erdi-aroko jokoak erakutsiz. Bisitaren azken atalean tailer batean parte hartuko dute bisitariek eta museoko oroigarri bat eramango dute etxera.

Gazteen eta nagusien parte-hartzea bultzatzea da edizio honetako beste helburuetako bat, belaunaldien arteko tailerren bitartez. Nagusien lekukotzak, “oroimenaren zaindarienak”, gazteenekin partekatuko dira Artzentalesen, Bermeon, Garain, Getxon eta Ugaon. Besteak beste, bizimoduen eta ohituren eraldaketa edo kultur paisaia bezalako gaiak jorratuko dira”, azaldu zuen Bizkaiko Foru aldundiak Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien aurkezpen egunean, Bilbon.

Ondarearen Europako Jardunaldiak Etxebarrin, 2020an // Geuria

Museoa, nagusiengana

Egun batzuk lehenago, urriaren 5ean eta 6an Ugaoko museoa eguneko zentrora eramango dute, Jane Jauregian antolatu duten jarduerara joan ezin diren nagusientzat. Eguneko zentroan belaunaldien arteko tailerretan parte ahal izango dute nagusiek, jakintzak zein esperientziak elkarbanatzeko aukera eskainiz.

Edukiera mugatuko jarduera denez, antzeztutako bisita gidatuetan parte hartzeko derrigorrezkoa da izena ematea 946 480 704 telefono zenbakira deituz. Informazio gehiago webgune honetan topa dezakezu.

☉ Ugao

Gastronomia jardunaldiek Michelin izarrez beteko dute Ugao

Plazak mugatuak izango dira eta izen ematearen prezioa 20 eurokoa izango . Bildutako diru guztia Aspanovas Elkarteari emango zaio

|

Iazko gastronomia jardunaldiak / Geuria

Goi mailako sukaldaritza eta elkartasuna batuko ditu datorren apirilaren 22an Ugaon (18:00etatik 20:15etara Jane Jauregian) ospatuko den Sukaldaritza eta Gastronomia lehiaketaren hirugarren edizioak. Jon Gil herriko sukaldakariak eta Ekaintz Mentxaka alkateak aurkezpen prentsaurrekoan adierazi dutenaren arabera, “sorpresaz betetako” edizioa izango da aurtengoa.

Iazkoak etorkizuna izan bazuen ardatz, Euskadiko sukaldari gazteentzat erakusleiho bikaina izan baitzen, aurten Mitxelin izarrek eta estatu mailako sukaldari ospetsuek dir-dir egingo dute Ugaon: María Amundarain (Arzakeko partidaburua, hiru Michelin Izar), Carito Lourenço (Valentziako Fierro jatetxekoa, Michelin izar bat), Mariana María Sánchez eta Gonzalo Baquedano (Logroñoko Ajo Negro jatetxea, Michelin izar bat), Marcos Mistry (Asturiasko Marcos Jatetxea, Michelín Izar bat), Alatz Bilbao (Mungiako Bakea jatetxea, Repsol eguzki bat) eta Víctor Decastro (Mungiako Leku-Ona gozotegia).

Gilek berak azaldu du sukaldariak ez direla protagonista bakarrak izango:”Garrantzitsua da Euskadiko eta Estatu mailako talentu gazteen potentziala ikusarazten jarraitzea eta herriarekin elkarrekintzarako loturak edo esperientziak bilatzea. Horregatik, aurten ere, sukaldariak, ekoizleak, enologoak, mahastizainak eta nekazaritzaren munduko pertsonak elkartuko gara herritarrentzat interesgarriak diren hainbat ideia eta kontzeptu balioesteko”. Ez da jardunaldi honen helburu bakarra, ordea: Mota honetako ekimenek” borobildu du sukaldari ugaotarrak, “sukaldaritza lehiaketetara hurbiltzeko aukerarik ez duten pertsonei gure sukaldaritzak, gure kulturak eta hemengo profesionalak nola eboluzionatzen ari diren ikusteko aukera eskaintzen die”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak, bere aldetik, nabarmendu du “gastronomiak eta elkartasunak beti primeran uztartzen dutela”.

Lehiaketa plater-dastatze formatuan gauzatuko dute,  eta bertara hurbiltzen diren ugaotarrek, bere elaborazioaren sekretuak ezagutzeaz gain, prestatutako platerak dastatu ahal izango dituzte.

Hirugarren lehiaketa honetan parte hartu nahi duten 18 urtetik gorako ugaotarrak Jane Jauregira bertaratu beharko dira dagokion inskripzioa egiteko (ugaotarrek lehentasuna izango dute): 688 69 38 36.

Apirilaren 12an hasi eta apirilaren 21era arte egongo da zabalik izena emateko epea. Presentzialki egin behar da, hurrengo ordutegian: goizez 10:00 14:00 eta arratsaldez 16:00 18:00.

Plazak mugatuak izango dira eta izen ematearen prezioa 20 eurokoa izango . Bildutako diru guztia Aspanovas Elkarteari emango zaio.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Envases Universales enpresako langileek herri asanblada eta mobilizazioak deitu dituzte Ugaon

08:00etan elkarretaratzea egingo dute Herriaren plazan, udaletxearen aurrean. 10:30ean, Bilboko Albia lorategietara abiatuko dira Ugaoko langileak

|

Envases Universaleseko Ugaoko langileak, lehen elkarretaratzean // Geuria

Martxoaren 26an herri asanblada deitu du Envases Universaleseko enpresesa batzordeak Ugaoko Jane jauregian, 19:00etan.

Data honek “garrantzi berezia” dauka Ugaoko langileentzat, egun horretan bukatzen baita batzordea eta zuzendaritza taldeko kontsultak egiteko epea.

Horren haritik, eta ikusita egun horretan bertan osoko bilkura egingo dutela Ugaoko udaletxean, 08:00etan elkarretaratzea egingo dute Herriaren plazan, udaletxearen aurrean. 10:30ean, Bilboko Albia lorategietara abiatuko dira langileak, bertan egingo baitute kontsulta-epearen azken bilera.

19:00etan herri asanbladaren txanda izango da, Ugaoko jane jauregian. Multinazionaleko langileek beren egoeraren berri emango diete hitzorduan parte-hartuko duten herritarrei.

Apirilaren 8tik 19ra bitartean mobilizazioak deitu dituzte eta horien berri laster emango dutela aurreratu diote batzordetik GEURIAri.

Kronologia laburra

Otsailak 19: Aldi Baterako Enplegu Erregulazio-Espedientearen iragarpena enpresa batzordeari
Otsailak 26: Enpresa batzordea eta zuzendaritzaren arteko bilera, Bilboko egoitzan, eta iragarpen ofiziala
Otsailak 28: Enpresa batzordearen asanblada Ugaoko lantegiko langileekin
Martxoak 7: Lehen mobilizazioak: langileen lehen lanuzteak eta elkarretaratzeak Ugaoko lantegian zein Bilboko egoitzan
Martxoak 16: Manifestazioa Ugaon
Martxoak 20: Elkarretaratzea Gernikako Juntetxean

Martxoak 26: Elkarretaratzeak eta herri asanblada Ugaon
Apirilak 8-19: Borroka-astea

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkiak / Korrika Arrankudiagatik heldu eta Zeberiorantza abiatu da Ugaoko bazterrak arakatu ostean

13:00ak aldera iritsi da Korrika Ugaora, Arrankudiagatik. Trenbideen gaineko zubian harrapatu ditu korrikalariak GEURIAk.

|

13:00ak aldera iritsi da Korrika Ugaora, Arrankudiagatik. Trenbideen gaineko zubian harrapatu ditu korrikalariak GEURIAk. Horra hor gaurkoan Ugaon bizitako irudi batzuk.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugao / Korrika 23 / 2024

|

23. Korrika bigarren egunez igaro da Hego Uribe eskualdetik. Arrankudiagak lekukoa pasa dio Ugaori. Hauek AEKk furgonetatik egin dituen argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Ugao

Herri bazkaria antolatu dute apirilean Ugao ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko

“Sorpresez betetako eguna” izango da apirilaren 27a, antolakuntzakoek GEURIAri azaldu lez, eta txupina eta kale animazioa antolatu dituzte herrian. Gainera, omenaldi “berezia” egingo diete ikastolako guraso eta irakasleei

|

Ugaoko ikastolako protagonistak, Herriaren plazan // Ugaoko ikastola

Ugao ikastolako guraso eta ikasle ohiek ikastolaren sorrerako 50. urteurrena ospatuko dute apirilaren 27an. Mende erdia ospatzeko bazkaria prestatuko dute herriko frontoian herritar guztientzat eta bertan parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek martxoaren 25etik apirilaren 20ra Zelai, Felipe eta Lainoa tabernetan.

Bazkariaz gainera “sorpresez betetako eguna” izango da apirilaren 27a, antolakuntzakoek GEURIAri azaldu lez, eta txupina eta kale animazioa antolatu dituzte herrian eta omenaldi “berezia” egingo diete ikastolako guraso eta irakasleei, besteak beste.


GEURIAk ikastolaren inguruko erreportajea argitaratu zuen iazko urte amaieran, sorreraren garaiko uneak birgogoraziz eta Esther Idirin, Karmele Belar, Karmele Landeta, Bego Reketa, Lino Ayesta, Ana Tere Salazar eta Cecilia Cortazar protagonisten berbak jasoz.

Osorik irakurri