→Ugao

Pedro Solaguren Ugaoko Odol-emaileen elkarteko sortzailea hil da

Pedro Solaguren Martinez (Burgos, 1926) Ugaoko Odol-emaileen elkarteko sortzaileetako bat izan zena hil zen atzo, 93 urte zituela. Hileta gaur, maiatzak 12, 19:30ean izango da Ugaoko San Bartolomé elizan. Osasun-alarma piztu zenetik Ugaoko lehen hileta-elizkizuna izango da gaurkoa. 

Pedro Solaguren eta Pruden Peña Ugaoko Odol-emaileen elkartearen 50. urteurreneko ekitaldian // Argazkia: Pruden Peña, Ecos de Ugao

Pedro Solaguren Martinez (Burgos, 1926) Ugaoko Odol-emaileen elkarteko sortzaileetako bat izan zena hil zen atzo, 93 urte zituela. Hileta gaur, maiatzak 12, 19:30ean izango da Ugaoko San Bartolomé elizan. Osasun-alarma piztu zenetik Ugaoko lehen hileta-elizkizuna izango da gaurkoa.

Burgosen jaio zen Solaguren 1926ko abuztuaren 21ean. “Bere aita, Nicolás Solaguren Garizubieta Zornotzakoa zen, baina Burgosen zebilen lanean irute enpresa batean”, dio Iñaki Garcia Uribe etnografo ugaotarrak bere Facebookeko orrialde pertsonalean egindako gogoetan. Ondoren, Ugaora etorri zen familiarekin, eta bertako eskola “nazionaletan” ikasi eta gero, Talleres Miravalles enpresan egin zuen lan.

“Ugaoko Odol-emaileen elkarteko sortzailea izan zen. Gizon xumea zen, hiztun handia, erreferentzia historiko ugarirekin. Gainera, herriko lehen mendizaleetako bat izan zen”, dio Garcia Uribek.

52 urte Ugaoko Odol-emaileen elkarteak

1968ko otsailaren 17an sortu zuten Ugaoko Odol-emaileen elkartea. Pedro Solagurenekin batera, Jesús González, Fernando González, Gotzon Jauregui, José María Sagardui, Carlos Pastor eta Pedro Arribas izan ziren elkarteko fundatzaileak. “1968ko otsailaren 17an ekin zioten jarduera altruista horri, eta gaur egun elkarteak Ugao-Miraballes, Zeberio eta Arrankudiaga-Zollo ordezkatzen ditu”, dio Pruden Peña Ecos de Ugao aldizkariko zuzendariak.

Pedro Solaguren 2018an, Ugaoko Odol-emaileen zubiko plaka oroigarria desestaltzen // Argazkia: Pruden Peña, Ecos de Ugao

2018ko maiatzaren 19an elkartearen 50. urteurrena ospatu zuten Ugaon. Elkartearen zazpi sortzaileetatik Pedro Solaguren zen bizirik zegoen bakarra, eta Odol-emaileen zubiko plaka oroigarria desestali zuen.

“Duela 30 urte inguru utzi zion odol-emaile izateari, baina elkartean beti egon da presente: orientatzen, aholkuak ematen eta esperientziak partekatzen ibili da beti”, dio Peñak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak