→Ugao

Pintada matxistak eta zentroko ikasle batzuen aurkako mehatxuak egin dituzte Ugaoko institutuan

Otsailaren 8an Ugaoko institutuko indarkeriaren aurkako aldarrikapena egiten duen iazko azaroaren 25ean margotutako murala pintadaz beteta agertu zen

Ikasleak eta Ignacio, institutuko murala konpontzen // Geuria

Otsailaren 8an Ugaoko institutuko indarkeriaren aurkako aldarrikapena egiten duen iazko azaroaren 25ean margotutako murala pintadaz beteta agertu zen: “Azaroaren 25ean berdintasuna sustatzeko egin genuen muralean pintadak egin dituzte”, azaldu du Ugao Ipiko Feminista Taldeak sare sozialetan. “Eraso sexista/matxisten kontra jarritako komentarioak izorratu eta aldatu zituzten eta matxistak bihurtu. Ez dugu honelako jarrerarik jasango”. Eraso matxistez betetako pintadez gainera, zentroko ikasle batzuk mehatxatu dituzte erasotzaileek, muraletik gertu dagoen horman biktimen izenak zituzten pintadak eginez. Kalteak egin ahal izateko zentroko hesiak zeharkatu behar izan dituzte erasotzaileak: “Kalteak larunbat gauan edo igande goizean egin behar izan dituzte”, azaldu dute bertako ikasleek.

Muralaren konponketak, gaur goizean // Geuria

Gaur bertan eta egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute 11:00etan IPI Ugao zentroko ikasleek muralaren aurrean: “Ikastetxeko ikasle, irakasle eta langileok ez dugu onartuko horrelako ekintzarik eta gure gaitzespen guztia adierazten dugu. Oso larria iruditzen zaigu gertatutakoa eta espero dugu horrelakorik ez errepikatzea. Gure babes osoa eskaini nahi diegu pintadetan haien izena agertu den ikasleei”, azaldu du Iraide Aldekoa DBHko irakasleak.

Elkarren arteko konponketak

Kontzentrazioa bukatu bezain pronto, Ignacio García de Mardones zentroko atezainak, ikasle bik lagunduta, kaltetutako muraleko konponketak egiten hasi dira: “Goizean Udaleko langileak etorri dira mehatxuen kalteak porlanez estaltzera eta guk berdintasunaren aldeko muraleko kalteak konponduko ditugu pintzelekin, xehetasun asko baitaude”.

Elkarretaratzea, institutuan // IPI Ugao

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak