→Ugao

PROGRAMA | Ugaoko ez-jaietan hamabi kultur ekitaldi antolatu dituzte

Amak, Susterbacks eta Etorki Dantza Taldea

Iaz egin bezala, aurten ere Ugaok ez ditu herriko jaiak bere horretan ospatuko pandemiaren erruz. Udiarragako Ama Birjinaren omenezko jaiak bertan behera uzteko erabakia udalerriko elkarte, herritarren ordezkari eta Udalaren artean hartu da. “Egoera sozio-sanitarioak hobera egin du iazko datuekin alderatuta, neurri handi batean txertaketa prozesuak aurrera egin duelako. Hala ere, datu epidemiologikoei erreparatuta, baldintzak ez dira oraindik ere onuragarrienak Ugaon disfrutatzen ditugun bezalako jaiak ospatzeko. Zuhurtasunez eta arduraz jokatuz, gure bizilagunen osasuna lehenetsi dugu”, adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Jaiak ez dira pandemiaren aurretik antolatu izan diren bezala ospatuko, baina herritarren gozamenerako kultur-programazio alternatiboa diseinatu dute antolatzaileek, formatu murriztuan eta jende-pilaketak saihestuz. Ekitaldiak hilabete osoan zehar sakabanatzeko aukera aztertu zuten antolatzaileek, baina programazioa irailaren 3tik 12ra izateko erabakia hartu dute, Ugaoko jaien ohiko daten barruan. Ikuskizun gehienak Institutuko kirol-pistan egingo dira, espazio horrek edukieraren kontrola eta bestelako neurri higieniko-sanitarioak errazten dituelako. Jarduera guztiek covid-aren aurkako dagozkien protokoloak eta neurriak izango dituzte.

Askotariko programazioa izango da: kontzertuak, antzerki eta dantza emanaldiak, herri-kirolak, patinajea, zirku-emanaldiak eta C.D. Ugaoren aurkezpena izango dira. “Programazioak, herriko bizitza soziala dinamizatzeaz gain, pandemiak hainbeste zigortu duen sektore kulturala bultzatzeko balioko du”, adierazi dute antolatzaileek.

UGAOKO EZ-JAIAK 2021
Irailak 3 ostirala
19:00 “Urbasa” – Txalaparta, akrobazia eta zirkua ikuskizuna. CIA Hutsun + Urtzi Acosta Institutoko Kirol pistan

Irailak 4 larunbata
18:00 patinaje artistikoaren erakustaldia El JARO kiroldegian

Irailak 5 igandea
19:00 kontzertua “Demode QUARTET” ahots taldearekin Institutoko Kirol pistan

Irailak 6 astelehena
18:00 KULKI. Euskal herri-kirolen parke tematikoa. Leitoki ikastetxeko patioan

Irailak 7 asteartea
19:00 “5 Bilbaínos” taldeen emanaldia Institutoko Kirol pistan

Irailak 8 asteazkena
12:00 Meza nagusia Udiarragako baselizan herriko Sarea abesbatzak abestuta
19:00 PURO RELAJO taldearen emanaldia Institutoko Kirol pistan

Irailak 9 osteguna
19:30 C.D. Ugao aurkezpena

Irailak 10 ostirala
19:00 Herriko musika taldeen kontzertua Institutoko Kirol pistan: “Smoke Dealers”, “Both”, “Susterbacks”

Irailak 11 larunbata
19:00 “Fresh COOL” ikuskizuna, “Tio Teronen Semeak” konpainiaren eskutik. Institutoko Kirol pistan

Irailak 12 igandea
12:30 Dantza-alardea ETORKI DANTZA TALDEA taldearekin Arandia futbol zelaian. Euria egiten badu, institutuko kirol-pistan egingo da.
19:00 “Amak” taldearekin kontzertua Institutoko Kirol pistan

San Bartolome egunean
Gogoratu beharra dago, abuztuaren 24an, herriko zaindaria den San Bartolome egunean, ez direla ohiko ekitaldiak ospatuko. Horren ordez, jarduera bakarra antolatu da egun honi keinu txiki bat egiteko: “Rojo Telón” zirku-antzerki konpainiaren NUDO ikuskizuna taularatzea.

Hitzordua 20:00etan izango da Institutuko kirol pistan. Ikuskizun honek, umoretik eta zirku berritik abiatuta, hiru pertsonaiek gorputzaren eta mugimenduaren bidez sortutako unibertsoa hartzen du abiapuntu, zirkua lengoaia gisa erabiliz. Lurretik muturrak lotzen eta gaur hitz egin nahi duen korapilo hori airean askatzen. Umorearen, interpretazioaren eta zirku-tekniken (airekoak eta lurzorukoak) bidez, mundu desberdinak zeharkatuko dituzten hiru emakume, publikoa melenga dadin eta esperientzia “zerutiarra” bizi dezan. Ez da plazarik edo sarrerarik erreserbatu beharko. Hori bai, edukiera-muga bat ezarri da (200 aulki), eta maskara nahitaez erabili behar da.

UGAOKO EZ-JAIAK 2021
Egitaraua

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak