→Ugao

Aiskander Jauregi: “Pena da ‘El Conquis’en kirol-lehiaketa bigarren maila batean geratu izana”

Aiskander Jauregi ugaotarra lehiatzera joan zen 2017an ‘El Conquistador del Caribe’ telebista saiora, ez esperientzia bat bizitzera. Bost urte geroago, berarekin batera atzera-begirada egin nahi izan dugu.

Aiskander Jauregi // Geuria

ETBko El Conquistador del Caribe telebista saioa bueltan da. Aurtengoa 18. edizioa da. Aiskander Jauregi (Ugao, 1982) ugaotarra 2017an hartu zuen parte saioan. Ordukoa izan zen lehen El Conquistador del Caribe, El Conquistador del fin del Mundoren ordez. Aiskanderrekin elkartu gara esperientzia huraz eta azken bost urteotan kirolari bezala egindako garapenaz berba egiteko. Aiskanderrek 38 egun eman zituen Kolonbiako Karibean 2017an. Oroitzapen onak ditu, baina saioak realityranzko joera duela dio.

2017an El Conquistador del Cariben parte hartu zenuen. Bost urte joan dira. Zertan zabiltza?
Kontu gutxi aldatu dira, egia esateko. Basaurin sarrailari bezala lan egiten dut eta astia dudanean kirola egiten jarraitzen dut. Bizikletan ibiltzen naiz ahal dudanean. Aldi berean proiektu pertsonal batekin nabil baina ezer esatekotan aurrerago botako nuke, ziurra izango denean (barreak). Aste hauetan urpekaritza ikastaro bat egiten ari naiz Getarian. Ikastaroak lau asteko iraupena dauka, 09:00etatik 18:00ak arte. Lanean oporrak hartu behar izan ditut!

Batean edo bestean, kirola beti hor. Gogoan duzu nolakoa izan zen El Conquistador del Caribe 2017an?
Lau casting egin nituen eta bosgarrena egin baino lehen nire buruari esan nion: “Hau nire azken castinga izango da. Ez banaute hartzen, utziko dut”. Ez nekien zer nolako pertsona profilak bilatzen zituzten saiorako, baina bosgarren castingean nire buruari argi esan nion konkistatzaile izatera nioala eta ez esperientzia bizitzera. Nire helburua ikurrina eskuratu eta lehiaketa irabaztea zen, kirolaren eta lehiaren aldetik disfrutatzen nuen saioa. Bertan lagunak egitearena beste kontu bat da.

Zurearen moduko profilak bilatzen dituzte?
Prestaketa fisikoa garrantzitsua da, baina horretaz gainera pertsona azkarrak eta gogotsuak bilatzen dituztela uste dut: nire kasuan, esaterako, burugogorra izateak arreta erakarri ziela uste dut! Nire buruari helburu bat jartzen diodanean jo eta su lan egiten du lortzeko asmoz. Auskalo, ez dakit. Gazte askok parte hartu nahi dute
  saioan telebistan agertzeko asmoz, baina agian lehiatzeko grina falta zaie.

Grinaz gain, gaitasun bereziak ere beharrezkoak dira.
Bai, noski. Nik sua egiten edo sokagaz korapilo jakin batzuk egiten ikasi nuen. Eta suhiltzaile batek yumararen inguruko klaseak eman zizkidan. Famatuak bihurtu ziren yumarren proba haiek!
 

Eta 2017an El Conquisen aritu zinen.
Lehen astea gogorrena izan zen niretzat. Bost hilabete lehenago jaio zen nire lehen semea eta oso gogorra egin zitzaidan kanpoan egotea. Hala ere, argi neukan ez nuela saioa bertan behera utziko eta nire eskuan zegoen guztia egingo nuela amaierara arte egoteko. Oso pozik bukatu nuen eta Izetaren garaipenaz asko poztu nintzen. Irabazi ez banuen ere, helburuetako bat lortu nuen: finalera heltzea. Harremana mantentzen dugu orduko partaideen artean. Whatsapp talde bat daukagu David Seco, Kemen Aldare, Aitor Barrio eta beste lau lagunakaz. Pandemia hasi baino lehenago bazkaltzeko edo parrandaren bat egiteko lotu ohi ginen.

Orain haur bi dituzu. El Conquisen inguruko galderarik egiten dizute?
Bost hilabete zituenak orain bost urte dauzka. Noizbehinka bideoak erakusten dizkiot eta oso aldatuta ikusten nau: garai hartako piurak komentatzen! A ze barreak! Gaur egun ez daukat ezertarako astirik eta ezin dut telebista saioa gertutik jarraitu. Proiektu pertsonalak denbora asko kentzen dit. Horregatik ez balitz ikusiko nuke!

Telebistan ikusten duguna eta parte-hartzaileek bizitzen duzuenaren artean alde handia dago?
Telebistaren magia hor dago! Hala ere, bertan egiten diren probak benetan gogorrak dira. 15 kilo galdu nituen! Eta egia da partaideei ez zaie antolakuntzaren partetik inolako laguntzarik ematen kameretatik kanpo.

Azken edizioetan realityago bihurtu dela uste duzu?
Kirol-saio bezala hasi zen eta egia da
realityaren formaturanzko joera hartu duela azken urteotan. Badirudi partaideak elkarren kontra jartzea edo polemika sortzea gustuko dutela. 2017an show izatearen joera hori hasita zegoela uste dut. Antza, audientzia handiagoa du formatu horrek. Pena da kirol lehia bigarren maila batean geratzea.

Herrian besoak zabalik hartu zintuzten bigarren postua eskuratu zenuela jakin zutenean?
Herriko jaietan Hiru Hodietako Iturriko bola mugitzeko esperantza nuen, baina azkenean, ezer ez! (Barreak) Pena! Zure galderari erantzunez: ez, familiatik aparte, Udalak ez zuen ezer berezirik prestatu.

Gaur egun animatuko al zinateke beste kirol telebista saioan parte hartzera?
Bai! Zalantzarik gabe. Eta bertan parte-hartzeko entrenatuko nintzateke, ziur!

Herrian bertan entrenatzen duzu?
Ugao kirolarientzako herria aproposa da.
Kiroldegi ederra dauka herriak. Txirrindulariok hainbat bide ditugu, errekaren albotik kasu. Bizikletarekin gutxi nabil azken boladan, baina laster berriro helduko diot indarrez.

Aiskander, Colina Tristen // Utzitakoa

Iaz Colina Tristen lehena heldu zinen.
Bai, etapako lasterketa bat da Colina Triste eta bikotekideagaz lehen postua eskuratu genuen. Master 30 sailkapeneko lehen hamar postuetan ibili izan naiz. Urte berean La Rioja Bike Racen hirugarren postua eskuratu nuen lau eguneko lasterketan. 2019an Euskadiko Txapelketako bigarren eta Arabakoan lehen postua.

Txirrindulara igotzeko gogoz zabiltzala nabaritzen dugu.
Bizikletara igotzeko gogo izugarria daukat, baina lehenik eta behin lan batzuk bukatu behar ditut, txirrindula berriro ganoraz hartzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak