→Ugao

Untzueta gaztelura igoera egingo dute Ugaotik Amaiurreko gudaren 500. urteurrenean

Datorren maiatzaren 21ean urteroko Orozkoko Untzuetako gaztelura igoera antolatu dute Untzueta Nafar Gaztelu taldekoek Ugao, Zeberio, Arrankudiaga, Arakaldo eta Laudiotik ‘Amaiur-Untzueta 1522-2022’ egunean, 500. urteurrena ospatzeko

Mendizaleak eta animaliak, Untzuetara bidean // Iñaki García Uribe

Datorren maiatzaren 21ean urteroko Orozkoko Untzuetako gaztelura igoera antolatu dute Untzueta Nafar Gaztelu taldekoek Ugao, Zeberio, Arrankudiaga, Arakaldo eta Laudiotik ‘Amaiur-Untzueta 1522-2022’ egunean, 500. urteurrena ospatzeko: “Amaiurko urtemuga honekin ziklo historikoa ixten da, 1512. urteko konkista odoltsu hartatik bederatzi urtera, Nafarroako Erreinua berreskuratzeko hirugarren saiakerarena”, azaldu dute antolakuntzatik.

Kronologia laburra

  • 1512: Tropa inbaditzaileek Nafarroako Erresumaren mugak zeharkatu eta konkistari ekin zioten
  • 1516: Nafarroako Erresumako gaztelu eta gotorleku gehienak eraitsi ziren
  • 1521: Noaingo Bataila. Nafarroako erregeekiko leialek Amaiurko gaztelua berreskuratu zuten
  • 1522: Nafarroako erresistentziakoek, borroka handia egin ostean, tropa erasotzaileek gaztelua hartu eta Amaiurko gaztelua lehertu zuten.

Hainbat izan ziren gaztelua hartzeko saiakerak, eta eraikuntza leku estrategikoan zegoenez, erasotzaileek 50 eta 60 kilo bitarteko harriak jaurti zizkieten gaztelukoei ‘fundibulo’ izeneko katapulten bidez 400 metroko distantzatik.

Gaur egun Erdi aroko gazteluaren arrastoak baino ez dira geratzen mendi tontorrean, bertan UHF errepikatzailea jarri zutenean geratzen ziren arrastoak deuseztatu zituztelako, gotorlekuko mendebalde aldeko zonaldea bereziki.

Nafarroako Amaiurreko gazteluan hainbat ekitaldi antolatu dituzte ekainetik uztailera gazteluaren konkistaren 500. Urteurrenagatik. Zonaldeari Untzueta mendiko Untzueta Nafar Gaztelua dagokio, eta maiatzaren 21eko urteurrenari begira, gailurrera heltzean  hamaiketako herrikoia antolatu dute bertan, 11:30ean. 12:00etan aurreskua eta ekitaldia egingo dute ere. Bertan, txalapartariak eta albokariak izango ditugu, jarduera girotuz.

“Aipatutako herri bakoitzatik nork bere bideari ekingo dio Untzuetako gailurreraino”, azaldu dute Untzueta Nafar Gaztelu taldetik. “Ugaoko kasuan, autoz joango dira Udiarraga auzora eta 09:00ak aldera martxari ekingo diote tontorreraino”.

Untzueta gazteluaren irudia // Orozkoko museoa

Gazteluaz…
50 metroko luzeerako eta 20 metroko zabalerako hesi batez inguratuta zegoen Untzueta gaztelua. Eraikina mendi tontorrean zegoen, %90eko maldak dituen zonaldean. Gazteluak 5 eta 15 gizon inguru hartu bazitzakeen ere, 300 soldaduen erasoa jasan zezakeen.

Dorrean hiru solairu zeuden eta bertako hormek metro t’erdiko zabalera zuten: beheko solairua biltegi bezala erabili ohi zuten. Herritik asto eta idien bidez igotzen zituzten horniketa guztiak. Soldaduek lekadunak jaten zituzten batez ere, ahuntz, ardi eta behien okelaz gainera. Ura dorre parean zegoen aljibe batetik lortzen zuten.

Lehenengo solairura egurrezko eskailera baten bidez igo ohi zen. Horrela, erasorik egonez gero eskailera kendu zitekeen, sarrera zailtzeko. Azken solairuaren gainean adarbe batek babestutako lau isuriko teilatu bat zegoen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak