→Ugao

Ane Ayerdi: «Korrikaren emozioa haurrei sortzea bururatu zitzaidan»

Ane Ayerdi Coira ugaotarra Dublingo Luttrel House Creche and Montessori ikastetxean irakasle lanetan dabil iaztik. Aurten, eskolako egitarauan Korrika txertatu du eta bere gelako haurtxoekin landu du, peto, lekuko eta guzti!

Ane Ayerdi // Utzitakoa

Iazko abuztuan iritsi zen Ane Ayerdi Coira (Ugao, 1996) Dublinera, Luttrell House Creche and Montessori ikastetxean irakasle bezala lan egiteko. Beste irakasle baten laguntzaz, 1 eta 2 urteko hamar umez osatutako taldean egiten du lan Anek. Urte hasieran, honakoa bururatu zitzaion: Korrika ekimena eskolan lantzea. Ugaotarraren hitzetan, gurasoak lehen unetik “oso motibatuta” egon dira eta euren kulturakoa ez den proiektu “oso interesgarri hau” beren umeekin lantzeagatik eskerrak eman dizkiete irakasleei. Eskuz egindako petoak eta kartoizko pankarta prestatu, eta eskolako patiora irten ziren irakasleak umeekin ‘Hitzekin’ abestiagaz ‘korrika’ egitera. Ikustekoa! Dublinen lur hartu zuenetik argi izan zuen Korrika bere taldeko programazioan txertatu nahi zuela, eta aurten Ugaoko Korrikan egon ezin izan bada ere Dublineko haurrei irakatsi die Korrika zer den.

Zerk eraman zintuen Dublingo Luttrell House Creche and Montessorira?
2021eko ekainean Zeberion lagun baten kontzertua ikusten geundela, ezagun batek Irlandan irakasleak behar zirela esan zidan, argitalpen bat ikusi eta berak bere kurrikuluma bidali zuela. “Irlanda?” pentsatu nuen. Inoiz ez nau Irlandak asko motibatu, ezta udan bisitan joateko ere. Baina Euskal Herrian lan finkorik ez nuenez eta esperientziak eta abenturak bizitzeko prest nagoenez, nik ere kurrikuluma bidali nuen. Gainera, baneukan pentsatuta atzerrira lan egitera joatea. Horrez gain, ingelesa hobetzeko aukera ezin hobea zela pentsatu nuen. Hurrengo astean nirekin kontaktuan jarri ziren eta, elkarrizketa bi egin ondoren, kontratatu ninduten.

1 eta 2 urteko hamar umeko talde bategaz egiten duzu lan. Nolakoak dira bertako haurrak?
Niretzat oso bereziak dira, aurretik ez dut inoiz hain txikiak diren umeekin lanik egin. Beraz, haien lehenengo pausoetan, haien lehenengo hitzetan egotea hunkigarria iruditzen zait. Gainera, zortzi ordu ematen ditut eurekin eta sortu dugun harremana oso estua da. Hamarrak Irlandan jaioak dira, baina baten gurasoak Italiatik etorritakoak. Beraz, gehiengoen ama hizkuntza ingelesa da, ez dute irlanderaz hitz egiten. Egia esan oso gutxi erabiltzen da irlandera, kaletik ez da inoiz entzuten, pena handia da. Hasiera oso gogorra izan zen niretzat: egokitzapena luzea izan zen, bai umeak, bai ni neu berriak ginen zentroan eta errutinara moldatu arte hilabete oso bat igaro zen. Baina orain, orokorrean lasaiak eta bizkorrak dira!

Zein da aldea Dublingo eta Euskal Herriko hezkuntza ereduen artean?
Batetik, hemengo ratioak oso baxuak dira, 1-2 urteko umeekin lan egiterakoan gehienez bost umerekin egon naiteke, horregatik bi irakasle gara gelan, Clara eta ni. Elkarrekin oso ondo moldatzen gara. Zorte handia izan dut, gela berean beste irakasle batekin koordinatzea eta lan egitea zaila izan baitaiteke. Hemen oso ohikoa da, gure gela guztietan bi irakasle daude.

Beste alde batetik, Euskal Herrian beti zure gelan zaude, nahiz eta bi ume izan, baina hemen ez. Hau da, ni beti nago nire gelan ‘class leader’ naizelako, baina ume gutxi baldin baditugu, 5 edo gutxiago, nire lankidea beste gela batera bidaltzen dute errefortzu bezala. Orain, horretara ohitu naiz, baina hasieran ez nuen ulertzen zelan zure klasetik atera eta beste gela batera joan beharraren logika.

Eta lan-baldintzen inguruan, ba al dago aldea?
Euskal Herriko eskola publiko batekin konparatuz gero, alde handia dago. Hemen lau aste ditugu opor eta bi bakarrik har ditzakezu jarraian. Aurten aurrenekoz, eskola abuztuko lehen bi asteetan itxiko dute. Orain arte eskola egunero egon da zabalik, jai egunetan izan ezik, ekaina, uztaila eta abuztua barne. Soldata altua da baina hemen bizitzea garestiagoa ere bai. Orokorrean Euskal Herriko lan-baldintzak hobeak direla esango nuke, horregatik ez dut nire burua hemen ikusten etorkizun urrunean: orain esperientzia batu, ingelesa hobetu, lan berriak bizi eta bueltatu.

Nolakoa da Luttrell House Creche and Montessori zentroa?
Luttrell House Creche and Montessori zentro pribatua da eta Haur Hezkuntzako zikloa hartzen du bere baitan. Hau da, gure eskolan bukatzen dutenean, ikasleak Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza duen zentro batera doaz. Irlandako eskoletan ez dago aukerarik HH eta LHko zikloak zentro berean izateko. Zentroa berez Dublineko auzo aberats batean dago kokatuta, beraz oso garestia da. Gainera, bertako familiek bi seme-alaba baino gehiago izatea ohikoa da. Gutxi gora behera, nire ikasle baten gurasoek 1.200 euro ordaintzen dituzte hilero seme-alaba bakoitzagatik, nahiz eta egunero hiru ordu (9:00-12:00) gobernuak ordaindu.

Zentroan bost gela daude: Tiny tots 1, Tiny tots 2 (nire gela), Play school, junior montessori eta Pre-school. Esan bezala, bi irakasle daude gela bakoitzean. Atzekaldean hiru gune diferente daude, hiru patio, eta bertara irteten dira umeak euria egiten ez duen egunetan.

Goi-mailako familiak direla esan duzu.
Zentrora etortzen diren ume guztiak goi-mailako klasekoak dira eta 95% irlandarrak dira. Etxean italieraz, gazteleraz, portugesez edota frantsesez hitz egiten dutenak ere badaude. Lehen egunetan gurasoak umeen bila nola datozen ikusteak barregura eman zidan: ohikoena gurasoak kotxean etortzea da, eskolaren atean parean gelditu, umea jaso eta barrura! Askotan ‘take away’ bat dela dirudi.

Hizkuntzaren aldetik, ingelesez egiten da, erabat, bai gurasoekin, bai umeekin. Irlandera ez dugu inoiz erabiltzen, bertan lan egiten dugunok ez dakigulako. Baina, orokorrean, HHn ingelesez jarduten da eta LHtik aurrera irlandera sartzen dute.

Ane Ayerdi, Dublingo eskolan // Utzitakoa

Aurten ezin izan zenuen Ugaoko Korrikan parte hartu, eta Korrika bera Dublinera eraman zenuen.
Umeekin beste kultura batzuk lantzea oso aberatsa da. Beraz, zergatik ez nirea? Apirileko plangintza egiterakoan Korrika txertatu nuen ‘extra’ modura. Martxoan Korrika hasi zenean, pena handia eman zidan herrikideekin batera ezin parte hartzea. Beraz, nire emozioa eurei transmititzea eta eurekin korrika bizitzea bururatu zitzaidan.

Zer egin zenuten Korrikaren egunean eskolan?
Korrikako abesti guztiak jarri genituen ikasgelan. Musikarekin batera, petoak, pankarta eta lekukoak prestatu genituen eta patiora irten ginen “korrika” egitera “Hitzekin” abestiarekin. Umeak oso txikiak dira, beraz korrika egitearena ez zen uste bezain ondo atera. Hala ere, asko disfrutatu genuen. Egun berezia izan zen niretzat. Bide batez, Clara aipatu nahiko nuke, nire lankidea. Sevillako herri batekoa da. Asko lagundu ninduen, oso motibatuta zegoen. Hemendik bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiot, gure kulturari izandako errespetuagatik, hainbeste laguntzeagatik eta egun hori nirekin bizi izanagatik.

Korrika22ko eskuz egindako petoak // Utzitakoa

Zelako harrera izan zuen Korrikak ikasle eta euren gurasoen artean?
Gurasoek hasieratik jakin izan dute ni Euskal Herrikoa naizela. Batzuk umeekin euskaraz egiteko eskatu zidaten. “Circle-time” momentuan euskaraz abestiren bat abesten dugu, Pintto-Pintto, kasu. Hortaz, Korrikaren proiektua azaldu nienean asko gustatu zitzaien. Korrikaren proiektua azaltzeko, mezu bat bidali nien nire azalpenekin, wikipediaren linkarekin, YouTubeko zuzeneko emisioarekin, ibilbidearen argazkiarekin eta Ugaoko korrikaren bideoarekin. Harrituta gelditu ziren, ez zekiten Korrika zer zen eta ideia asko gustatu zitzaien. Batzuk bazekiten zeozer Euskal Herriari buruz, baina ezer ere ez Korrikaren inguruan.

Umeek ondo baino hobeto pasatu zuten, egun berezia izan zen eurentzat ere. Gixajoek “korrika” egitera irten ginenean ez zuten ezer ulertzen, baina oso barregarria izan zen: ume bakoitza bere kabuz korrika hasi zen, hara eta hona. Mundiala! Ume guztiek etxera eraman zituzten petoak eta lekukoak.
Lankideen babesa ere izan nuen. Denei piztu zitzaien Korrikaren inguruko jakinmina. Eurei ere bidali nien informazioa.

Irakasleen artean ez zara atzerritar bakarra izango.
Guztion artean haerreman ona dugu. Aste honetan lanean hasiko da gazte bat, eta bera da irlandarra den bakarra. Gainontzekoak atzerritarrak gara: Euskal Herria, Estonia, Polonia, Sri Lanka eta Espainiakoak dira nire lankideak. Sukaldaria eta zentroko nagusia bertakoak dira. Nahiz eta askorekin eskolaz kanpo harremana izan, Kristina, Estoniako emakumea, bereziena da niretzat. Hasieratik izan dut ama bezala, asko lagundu nau. Baita Raquel ere, Valentziako neska bat, berarekin berba egin nuen etorri aurretik eta lagun onak gara.

Nolakoa da zure bizimodua Dublinen?
Ni ez naiz zentroan bizi. Eskola dagoen auzoan bizi naiz. Beraz, oso lasaia eta familiarra da nire bizimodua. Estatu Batuetako pelikuletan ikusten diren auzoen antza du. Asteburuetan umeek etxe aurrean jolasten dute, familiak txakurrarekin paseoan ateratzen dira eta halakoak. Oso lasaia da.

Irlandan bizitzea oso garestia da. Astebururo taberna zuloan sartu eta orduak eta orduak bertan ematea garestia da. Ugaon, arratsalde guztiak eman ditzakegu tabernan, baina hemen ez. Ez dago terrazarik eta trago bakoitzak 7 eurotik gora. Ezinezkoa da gure erritmoa hemen eramatea. Baina esan beharra dago, Pub-etan sortzen den giroa ezin hobea dela, zuzeneko musika aurki dezakezu astebururo. Gustatuko litzaidake horrelakoak gurean izatea.

Asteburuak herrialdea bisitatzeko erabiltzen ditut, kotxea alokatu eta Irlandako gune ezberdinetara goaz, batzuetan hemen ezagututako jendearekin eta beste batzuetan bisitan etortzen diren lagunekin eta familiarekin. Hasieran kotxea beste aldetik gidatzea erronka bat izan zen, baina azkenean moldatu nintzen eta orain ez daukat inolako arazorik eskuinetik gidatzeko!

Etorkizunari begira, non ikusten duzu zure burua?
Etorkizunean nire burua Euskal Herrian ikusten dut, Eskola publiko batean irakasle. Hala ere, behin betiko Euskal Herrian geratu aurretik, esperientzia berriak bizi nahi nituzke. Adibidez, Idahoko (AEB) Boise Ikastolan lan egitea asko gustatuko litzaidake.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak