Iazko abuztuan iritsi zen Ane Ayerdi Coira Dublinera, Luttrell House Creche and Montessori ikastetxean irakasle bezala lan egitera. Beste irakasle bategaz 1 eta 2 urteko 10 umez osatutako taldean egiten du lan Ayerdik.
Dublinen lur hartu zuenetik argi izan zuen Korrika bere taldeko programazioan txertatu nahi zuela, eta aurten Ugaoko Korrikan egon ezin izan bada ere Dublineko haurrei irakatsi die: “Lehen urtea da Korrikan parte hartzen ez dudala, eta oso berezia izan da betidanik niretzat. Gauzak horrela, Korrika eskolan egitea bururatu zitzaidan eta bertako haurren gurasoen elkartasuna eta babesa izan dut lehen momentutik”.
Ugaotarraren hitzetan gurasoak “oso motibatuta” egon dira lehen unetik eta euren kulturakoa ez den proiektu “oso interesgarri hau” beren umeekin lantzeagatik eskerrak eman dizkiote irakasleari. Eskuz egindako petoak eta kartoizko pankarta prestatuta eskolako patiora irten ziren irakasleak txikitxoekin ‘Hitzekin’ abestiagaz ‘korrika’ egitera.
