Sareak

☉ Ugao

Umeentzako hiru antzerki saio antolatu ditu Ugaok abenduan

ilabete honetako azken hiru igandeetan umeentzako antzerki saioak antolatu ditu Ugaoko Udalak, kultura sailaren bidez, ziklo honen laugarren edizioa ospatuz. Abenduaren 12an ‘Botadun Katua’ izango dugu, 19an ‘Meri, Mari eta Lari’ eta 26an ‘Plast & Co’ ikuskizuna. Hiru saioak 12:30ean antolatu dituzte Ugaoko Jane Jauregiko goiko solairuan.

|

'Meri, Mari eta Lari' Karegako Kale Artisten Plazan // Sorgina Elkartea

Hilabete honetako azken hiru igandeetan umeentzako antzerki saioak antolatu ditu Ugaoko Udalak, kultura sailaren bidez, ziklo honen laugarren edizioa ospatuz. Abenduaren 12an ‘Botadun Katua’ izango dugu, 19an ‘Meri, Mari eta Lari’ eta 26an ‘Plast & Co’ ikuskizuna. Hiru saioak 12:30ean antolatu dituzte Ugaoko Jane Jauregiko goiko solairuan.

Bertara hurbildu nahi direnek izena eman beharko dute 946 480 704 telefono zenbakira deituz edo kultur-etxea.ugao@bizkaia.org helbide elektronikora e-posta bidaliz. Aurrez aurre izena emateko aukera ere badago, Jane Jauregiko ordutegia honako hau izanik: astelehenetik ostegunera 08:30etatik 15:00ak arte eta 16:00etatik 18:00rak arte.

‘Meri, Mari eta Lari’ Karegako Kale Artisten Plazan // Sorgina Elkartea

Ikuskizunak, gertutik

BOTADUN KATUA: Amona batek errota zaharreko trasteak banatuko ditu iloben artean herentzia gisa eta proba modura: umetako bakoitzak gazteluko ateak irekitzea lortu beharko du jaso duen elementuaz baliatuta. Gazteluak aspaldi galdu zuen magia. Amonak ez du bere ilobek magia galtzerik nahi eta jolas honekin iloben irudimena eta kemena piztuko ditu. Amonak dioen moduan, ezina ekinez egina! Abrakuk, iloba gazteenak, jasotako bota zaharrei esker ezagutuko du katua, Botadun Katua. Elkarrekin ipuin zaharrak eta tradizioak jasoko dituzte herri inguruan. Arbasoen ondare kulturala eta ohiturak jasoko dituzte. Kultura-transmisioaren magiak, beharbada, gazteluko ateak irekiko ditu berriz.

MERI, MARI ETA LARI: Meri haurdun dago. Laster izango du umea.
Aspaldi ikusi gabeko Mari lagunarekin topo egingo du. Marik ez zekien Meri haurdun zegoenik. Ezusteko ederra jaso du. Eta iritsi da betiko galdera: umea zer izango den galdetu dio Marik Meriri. Zergaitik galdetu behar dugu neska ala mutila izango den?. Hori ez al du umeak berak aukeratuko etorkizunean?.Zergaitik mugatu bi aukera horietara?. Izan nahi duen guztia izango du aukerak umeak: ameslaria, dantzaria, pilotaría, borrokalaria, jostalaria.Horregatik jarriko diote Lari izena.

PLAST & CO.: Nerbio kolapsoaren ertzean dagoen gizon batek, hiri zaratatsuan bere pisua mendietan galdutako baserri abandonatu bategatik aldatzea erabakitzen du. Bere itxaropena han hainbeste irrikatzen duen barne bakea aurkitzea da, baina baserria itxuraz bezain lasaia da. Han bazeuden izaki arraro batzuk, etxetik alde egin nahi ez zutenak, Plast jaunaren, “Plast a Company” ren jabearen, aurkako gudu batean murgilduak, zeinak bere etxea plastiko nazkagarriz bete baitu. Alferrikako material horretatik libratzeko, premiaz aurkitu behar dute Nicasio, bere sortzaile eta etxeko nagusi zaharra, kaosa dagoen bitartean ordena pixka bat ezar dezakeen bakarra baita. Bestalde, gure protagonistak ere bilatu behar du, izaki astun hauengandik libratzeko. Hala ere, eta guztien etsipenerako, Nicasiok ez du bizi seinalerik ematen, eta badirudi ez dela inoiz itzuliko.

☉ Ugao

Bideoa / Sute batek zazpi auto kaltetu ditu Ugaoko Gernika enparantzako aparkalekuan

03:30ak aldera, Ugaoko Gernika enparantzako txandakako aparkalekuko auto batek su hartu du eta kalteak eragin dizkie aparkalekuan zeuden beste sei ibilgailuri

|

Kiskalitako autoak, txandakako aparkalekuan // Utzitakoak

Gaur goizean, 03:30ean, Ugaon gertatutako sute baten abisua jaso dute larrialdi zerbitzuek eta Basauriko suhiltzaileak gerturatu dira bertara. Segurtasun sailak azaldu bezala, Ugaoko Gernika enparantzako txandakako aparkalekuko auto batek su hartu du eta kalteak eragin dizkie aparkalekuan zeuden beste sei ibilgailuri. Segurtasun Saileko arduradunen arabera ez da zauriturik egon. Ertzaintza ezbeharraren arrazoiak ikertzen ari da.

Aste honetako bigarren sutea da Ugaon honako hau. Joan den maiatzaren 14ko goizaldean Udiarraga okindegiko lantegiak su hartu zuen Usilako industrialgunean. San Migelen, gainera, furgoneta batek su hartu zuen Atxukarro industrialgunetik gertu eta bertan irudiak jaso zituen GEURIA komunikabideak.

Autoak, suhiltzaileen aparrarekin, aparkalekuan // Utzitakoak

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketak marrazkigintzarako materiala eta 500 euro banatuko ditu

Ugaoko aurtengo jaiak irailaren 6tik 9ra izango dira eta kartelak ekainaren 25era arte aurkeztu ahalko dituzte parte-hartzaileek

|

Ugaoko jaietako txupinazo eguna, iaz // Geuria

Ugaoko aurtengo jaiak irailaren 6tik 9ra izango dira eta Udalak Udiarragako Ama birjinaren omenezko jaiak iragartzeko kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu du.

Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 25a izango da eta kategoria bitan parte hartu ahalko dute interesdunek: A mailan (sei eta 14 urte bitartekoena) eta B mailan (15 urtetik gorakoak). A mailako saria marrazkigintzarako materiala izango da eta B mailakoa 500 euro.

Udal ordezkariek azaldu dute kartelak “berdintasunaren aldeko planteamendua” islatu beharko duela eta gaia librea izango dela: “Hala ere Ugaoko jaietako berezitasunen bat, ohikoa den zerbait, agertu beharko da proposamenean”.

Lanak Jane jauregian aurkeztu ahalko dira 10:00etatik 13:00ak arte ekainaren 25era arte. Ugaoko Jai Batzordeko kideek osatutako epaimahaiak uztailaren 5ean iragarriko ditu kategoria bakoitzeko irabazleak.

Lehiaketako oinarriak eta eskuorria Udalaren webgunean topa ditzakete interesdunek.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Txapelfest inkestak Ugaoko gazteen beharrak aztertuko ditu aisialdiko jarduerak indartzeko

15 eta 35 urte bitarteko gazteek maiatzaren 31ra arte parte hartu ahalko dute Ugaoko Udalak martxan jarri berri duen prozesu parte-hartzailean

|

Leire López, Ekaitz Mentxaka, Urtzi eta Maite Olabarri // Geuria

Ugaoko Udala 15 eta 30 urte bitarteko gazteengana hurbildu nahi da Ugaotar gazteen beharrak eta kezkak ezagutzeko eta, horrela, kolektibo horri zuzendutako aisialdi-jarduerak indartu ahal izateko. Horretarako Txapelfest izeneko inkesta “informal eta dibertigarria” abiarazi du, “gazteentzako aisialdiko eta programazio erakargarriagoa diseinatzeko”.

Gaur egun 15 eta 30 urte bitarteko 640 biztanle bizi dira Ugaon, biztanleriaren % 15,44. “Proiektu honek aukera bikaina eskaintzen digu beraiengana hurbiltzeko, maila berean hitz egin eta entzuteko eta elkarrekin programazio erakargarriagoa eraikitzeko, haien gustuen arabera”, azaldu du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak ekimenaren prentsaurrekon. “Haien interesak ezagutzeaz gain, ekimen honek gazteekin interakziorako espazio berriak sortzeko aukera emango digu”.

Ekaitz Mentxaka: “Ekimen honek gazteekin interakziorako espazio berriak sortzeko aukera emango digu”

Gazteen bila

Hurrenketa hori gauzatu ahal izateko, Ugaoko gazteek Udalak berak diseinatutako Txapelfest izeneko inkestan parte hartu ahalko dute maiatzaren 31ra arte webgune honen bidez. Ana Guinea kultura teknikariak azaldu lez, “inkesta nahiko dibertigarria” sortu dutela azaldu die prentsaurrekora hurbildu diren komunikabideei. “Betetzeko erraza izango da eta herrian zehar ipiniko dituzten karteletako QR kodeak eskaneatuz hartu dezakete parte gazteek bertan”.

Izenik gabeko inkesta hau, kanpaina osoa dinamizatzen lagunduko duten, gazteen parte-hartzea bultzatuko duten eta, aldi berean, gazte-politika berriak abian jartzeko informazio osagarria jasoko duten kontratatutako bi gazterekin osatuko da. Langile horiek Ugaoko hainbat gunetan izango dira herriko gazteek inkestan parte hartzera animatzen: institutuan, Gaztelekuan, Gazteinfon, Kultur Etxean (Jane Jauregian) eta herriko eragileen hainbat egoitzatan .

Proiektu honekin batera kanpaina bat sortuko du Ugaoko Udalak eta parte hartzeko prozesu osoaren estrategia errespetatuko du: harritzea, erronka jotzea eta, batez ere, gazteekin konektatzea.

“Inkesta amaitzean, parte-hartzaileek zein ‘txapelfest maila’ eskuratu duten mezua jasoko dute plataformatik”, azaldu du Leire López Gazteria saileko teknikariak. “Horrela feedbacka sortuko da Udalaren eta gazteen artean”

“Legegintzaldi honen helburuen artean gazte politikari bultzada ematea da eta horixe da prozesu honen xede nagusia”, azaldu du Mentxakak.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Okindegi baten lantegia erre da Ugaoko Usila industrialgunean

Larrialdi zerbitzuek 05:45ean sute baten abisua jaso dute eta Basauri, Derio eta Uriosteko suhiltzaileak gerturatu dira Ugaoko lantegira

|

Udiarraga okindegiko lantegiko fatxada, Usila auzunean // Geuria

Gaur goizaldean sute bat gertatu da Ugaoko Usila auzuneko industrialgunean kokatuta dagoen Udiarraga okindegiaren lantegian. Hala azaltzen zuen kartel batek Torre de Ugao kaleko 8. zenbakian kokatuta dagoen okindegiko kartel batek: “Itxita. Arrazoia: sutea. Barkatu eragozpenak”.

Larrialdi zerbitzuek 05:45ean sute baten abisua jaso dute eta Basauri, Derio eta Uriosteko suhiltzaileak gerturatu dira Usila auzuneko 1 kalean kokatuta dagoen Virgen de Udiarraga okindegiko lantegira.

Sutearen arrazoiaren azalpena jakiteko ikerketa abiarazi dute larrialdi zerbitzuek: “Sutea berehala itzali dute suhiltzaileek eta zorionez ez da beste pabilioietara hedatu”, azaldu dute Segurtasun Sailetik. Okindegiaren lantegiko fatxadan suteak eragindako kalteak ikus daitezke.

Hala ere, Virgen de Udiarraga okindegiko lantegiaren ondoan Banana Drift izeneko enpresa dago eta tailer barruan zegoen materiala kiskalita azaldu da goizeko lehen ordutik. Poliziak ingurua segurtatu eta sokaz inguratu du.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Adingabeei Ugaon egindako grabaketa kasu bat bigarrenez artxibatu izana salatu du Emahotsek

Umeen familiek epailearen “haurrak babesteko interes falta” salatu dute, eta gainera, salatuak “biktima-rola” hartu duela gehitu dute

|

Arandiako igerilekuak // Geuria

Datorren maiatzaren 17an elkarretaratzea deitu du Ugaoko Emahots Elkarte Feministak, joan den urteko ekainean herrian 12 urtetik beherako zenbait neskari grabaketak egin ostean.

Iaz herritar bat atzeman zuten Ugaoko udal-instalazioetako aldageletan 11 eta 12 urte bitarteko hainbat neska biluzik “telefono mugikorrarekin grabatzen”. “Eraso horixe bera epaitzen duen prozesua bigarren aldiz artxibatu dute, epaileak erabaki baitu ez dagoela froga nahikorik Ugaon bizi den gizonaren aurkako akusazioak mantentzeko, nahiz eta une berean tokitik gertu paseatzen ari ziren pertsonek gizon gaztea besoa aldagelako leihotik sartuta mugikorrarekin grabatzen harrapatu edota eskola-kiroleko entrenatzaile batek, hilabete batzuk lehenago, herriko futbol-zelaian adin bereko umeak grabatzen harrapatu”, azaldu dute umeen senideek. “Epaitegiak ebidentzia nahikorik ez dagoela adierazi eta kasua artxibatu du”.

“Mehatxuengatik” salatua

Umeen familiek epailearen “haurrak babesteko interes falta” salatu dute, eta gainera, salatuak “biktima-rola” hartu duela gehitu dute ume baten ama ustezko mehatxuengatik salatzeagatik. Izan ere, familien gertuko ezagunek GEURIAri azaldu lez, “salatuaren etxebizitza eta aparatu elektronikoak ez dituzte erregistratu, eta tamalez, ez dago haurren aurkako indarkeriaren kontrako zerbitzu ezta epaitegi espezifikorik ere”.

Emahots talde feministak gertaerak zein bidegabekeria-prozesua salatzeko eta biktimei babesa helarazteko, elkarretaratzea deitu du maiatzaren 17an, 19:00etan, Ugaoko Herriaren plazan.

Osorik irakurri