→Ugao

Aste Berdeak tailerrak, familia-bidaia eta Arbolaren Eguna ekarriko ditu Ugaora

Maiatzaren 2tik 8ra Aste Berdea antolatu dute Ugaon Udaleko Ingurumen sailak eta Ugaoko Historia Ezagutzeko Zentroak, adin guztietarako askotariko jarduerez osatuta

Haurrak, Trakamatrakaren saioan // TrakaMatraka

Maiatzaren 2tik 8ra Aste Berdea antolatu dute Ugaon Udaleko Ingurumen sailak eta Ugaoko Historia Ezagutzeko Zentroak, adin guztietarako askotariko jarduerez osatuta.

Zer egin

Maiatzaren 6an TrakaMatraka familia-tailerra egingo dute material birziklatuekin 17:30ean, Jane jauregiko teilatupean. Musika-tresnak ekoizteaz gainera ikuskizun bat antolatu dute bertan: “Material birziklatuaz edo etxean aurki dezakegun edozein objekturekin musika tresnen funtzionamenduan barneratuko gara eta beharrezko gailuen erabilpen egokia ikasiko dugu. Haize, hari edo perkusio tresna mota ezberdinak, eta hauek jotzeko oinarrizko ezaguera akustikoak jolasaren bidez gozatuko ditugu lagun, ikaskide eta famili artean, besteak beste”, azaldu dute TrakaMatrakako webgyunetik.

Maiatzaren 7an birziklatutako materialak erabiliko dituzten tailerrak egingo dituzte Ludotekan eta Mirabatxon. Horrez gainera, egun berean Ekoirteera izeneko familia-bidaia antolatu dute Urkiola parketxera, 10:00etan. Parke naturala bisitatzeaz gainera ginkana eta 1,5kmko ibilalditxoa egingo dute bertara joango direnek, bazkaltzeko etenaldia eta guzti.

Maiatzaren 8an Arbolaren Eguna ospatuko dute, eta gai nagusia zuhaitzen mozketa bereizi gabea murriztearen garrantzia azpimarratzea izango da: “argi utzi nahi da basoak birpopulatzeko modu bakarra berriak landatzea dela, eta, beraz, udalerriko espazio libre bat aprobetxatuko dugu zuhaitz pare bat landatzeko”, azaldu dute Ugaoko Udaletik. 11:00etatik 14:00ak arte zenbait jardueretan parte hartu eta zuhaitzak landatuko dituzte udalerriko espazio libre batean.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina lekuak mugatuak direnez izena ematea beharrezkoa izango da. Horretarako, interesdunek maiatzaren 4ra arte izena eman dezakete Jane jauregian bertan edo 946 480 704 telefono zenbakira deituz edo ugao-miraballes-museo@ortzadar.es helbidera idatziz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak