→Ugao

Ugaok martxan jarriko ditu 2022ko aurrekontu parte-hartzaileak asteburu honetan

Urriaren 13an Ugaoko Udalak etxez etxe herriko etxebizitza guztietara helaraziko ditu 2022ko aurrekontu parte-hartzaileetako galdetegiak, bizilagunek ekarpenak egin ditzaten: “Udal Gobernutik urte asko daramatzagu gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen arloan lanean. Ugaotarren parte-hartzea funtsezkoa da Ugao hobe bat eraikitzeko, beraiek baitira auzo bakoitzaren beharrak hobekien ezagutzen dituztenak. Aurtengoa, dagoeneko, aurrekontu parte-hartzaileen zortzigarren edizioa izango da, eta prozesu horren ondorioz, eskari eta proposamen zehatz ugari gauzatu ahal izan ditugu. Ildo horretan, entzuteko eta parte hartzeko espazio eta mekanismo gehiago sortzearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, bizilagunekin harreman zuzenagoa izateko”, adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Larunbatean banatuko diren 2.300 galdetegiak jaso ostean, Udaleko teknikariek eta arduradun politikoek herritarren proposamenak aztertuko dituzte “haien bideragarritasuna eta udal-eskumenen barruan sartzen diren edo ez erabakiz”. Udalak azaldu du herritarren proposamen horien balorazio ekonomikoa egingo duela ere. Horrez gainera, aurrekontu parte-hartzaileak egiten dituztenetik tokiko administrazioak “hainbat proiektu” gauzatu dituela gehitu du: “Azken ekitaldietan hobekuntza-jarduera ugari egin dira hainbat arlotan: argiteria publikoan, bide publikoen irisgarritasunean (espaloiak jaitsiz eta egokituz, adibidez) edo bide-garbiketan. Haurreskola handitzea, aire zabaleko gimnasia-aparatuak jartzea, baselizako zabu-gunea estaltzea edo Victor Chavarri edo Agirre Lehendakarian zabuak berritzea, besteak beste”.

Herritarren proposamen guztiak jaso eta balorazioa egin ostean, ugaotarrek aurkeztutako proiektuen xehetasun guztiak eta 2022ko aurrekontuen lerro nagusiak aurkeztuko ditu Udalak abenduaren 9an, Jane Jauregian, 17:00etatik 19:00ak arte.

Aurrez aurre edo internet bidez

Pasa den urtean bezalaxe, betetako galdetegiak udaletxean, Jane Jauregian, Gazteinfoko bulegoan edo El Jaro kiroldegian jarriko dituzten postontzietan utzi ahal izango dira. Bigarren aukera bat Ugaoko Udalaren webgunetik aurrekontu parte-hartzaileen inprimakia jaitsi eta behar bezala bete ostean Udalera bertara e-postaz bidaltzea. Udalak azaldu du Ekaitz Mentxaka alkatearekin aurrez-aurreko hitzordua izateko aukera izango dutelako herritarrek azaroaren 22an eta 29an, 08:30etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 19:00ak arte.

Ekaitz Mentxaka, galdetegi batekin // Ugaoko Udala

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak