→Ugao

Argazkiak | Kutxa Birari harrera egin diote zenbait lagunek Ugaon

Kutxa Bira ekimena Ugaora heldu da gaur goizean. Agurtzane Fresno eta Maider Gaztaka ugaotarrek idatzitako testua Kutxa barrura sartu dute.

Ugaotarren idatzia sartu du Agurtzane Fresno herritarrak // Utzitakoa

Kutxa Bira ekimena Ugaora heldu da gaur goizean. Harrera egin diote udaletxeko plazan hogei bat lagunek eta Agurtzane Fresno eta Maider Gaztaka ugaotarrek idatzitako testua barrura sartu dute. Kutxa Bira ekimena martxoaren 20an abiarazi zuen Iparra Hegoa elkarteak Argentinan, eta Euskal Herriko eta diasporako 70 bat herritatik igaroko da. Barruan euskarari lotutako hainbat mezu izango ditu kutxak, hala nola, Amets Arzallus bertsolariarena (‘Hitza da gure lurra’) eta jendeak bere ametsekin idatzitakoak, eta herriz herri ibilbidea egingo du. Hego Uriben, Ugaon geldialdia egiteaz gain, Arrigorriagan ere izango da Kutxa. 

Hau da Agurtzane Fresno eta Maider Gaztaka ugaotarrek Kutxan sartu duten mezua:

NONDIK GATOZEN TA NORTZUK GAREN
BETI MANTENDU DOGUNA,
HOLAN EZPADA EZIN BAILEIKE
ERAIKI ETORKIZUNA.
BEREZIA DA EUSKAL HIZKUNTZAK
ZINEZ EMOTEN DAUSKUNA,
MUNDUA ULERTZEKO MODUA
ETA GURE NORTASUNA.

GURE EKINTZEK ESATEN DABE
ZELAN GAREN IZAKERAZ,
TA SANO LASAI LAGUN ARTEAN
EGITEN DOGU ERDERAZ.
ETA HIZKUNTZAK GU GAREZENA
ZEHAZTEN BADAUSKU BERAZ,
EUSKALDUN SENTIDUTEN BAGARA
BERBA E(G)IN DAIGUN EUSKERAZ.

GEURE AUKERAK EMONGO DOSKU
HALANGO ETORKIZUNA,
HORRETARAKO EUKI BEHAR DOGU
HONEN AURREAN SENTSUNA.
ARGI EUKINDA ZEIN HIZKUNTZA DAN
BERBA EGITEN DOGUNA,
GURA BADOGU LORTUKO DOGU
EUSKAL HERRI EUSKALDUNA.

Euskera gure sorterria,
Euskera gure ama hizkuntza,
Ugaon ere zaindu dezagun,
Maite dezagun, erabili dezagun
Daukagun altxorrik preziatuena da,
Beraz, egin dezagun euskeraz!!

BIZI GIRA… KUTXA BIRA

Ugao-Miraballes 2021-04-30

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak