→Ugao

B.O.T.H: «Lehiaketetan parte hartzea ez dator bat gure musika egiteko filosofiagaz»

Boluetako Castle Rock entsegu lokaletara hurbildu gara, bertan eskualdeko B.O.T.H taldeak ordu biko saioak egiten dituelako eguenero. Formazioa osatzen duten Beñat Ramos (Ugao, 1997), Imanol Velasco (San Migel, 1999), Iñigo Markina (Arrigorriaga, 1996) eta Garazi Santa Cruz (Orozko, 2000) B.O.T.H taldearen lehen diskoa prestatzen ari dira Basauriko Txarraska gaztetxeko barrenetan

B.O.T.H. taldea, Boluetako Caste Rock entsegu-lokaletan // Geuria

Boluetako Castle Rock entsegu lokaletara hurbildu gara, bertan eskualdeko B.O.T.H taldeak ordu biko saioak egiten dituelako eguenero. Formazioa osatzen duten Beñat Ramos (Ugao, 1997), Imanol Velasco (San Migel, 1999), Iñigo Markina (Arrigorriaga, 1996) eta Garazi Santa Cruz (Orozko, 2000) B.O.T.H taldearen lehen diskoa prestatzen ari dira Basauriko Txarraska gaztetxeko barrenetan, ‘Bajo Presión’ taldeko Gorkaren laguntzarekin.
Zazpi abesti propioz osatutako lanaren funtzioa aurkezpen-txartelarena izango da, eta bandako kideek udari begira kontzertu gehiagotan jotzeko ateak irekiko dizkien itxaropena dute. Diskoa formatu fisikoan zein sare sozialetarako formatuan kaleratuko dute ekainean. Diskoaz gainera, taldearen sorreraz eta bilakaeraz berba egin dugu 10 metro karratuko Boluetako lokalean. Non hobe?

Uda heltzear dagoela, zer nolako agenda duzue oporretara begira?

Beñat Ramos: Gure asmoa uda honetan egur asko ematea da, herriz herri kontzertuak emanez. Une honetan gure lehen diskoa grabatzen ari gara eta ekainaren amaierarako grabatuta egotea espero dugu. Horrek eskualdeko txosna-gune, gaztetxe eta parranda guztietan parte hartzeko aukera emango digula espero dugu (barreak).

Nolako formatua izango du diskoak?

Iñigo Markina: Diskoa Basauriko Txarraska gaztetxean grabatzen ari gara Bajo Presióneko Gorkagaz. Zazpi abesti izango ditu eta formatu fisikoan aterako baditugu ere gehienak sareetara igoko ditugu: Facebook, Spotify, Youtube…

Nolatan diskoa uda hasi baino lehen?

Garazi Santa Cruz: Urte bi daramatzagu musika egiteko elkartzen eta gure abesti propioak sortzen. Horregatik, talde lan bezala lehen diskoa izatea aukera ona zela pentsatu genuen, gure lana formatu fisikoan ere plasmatuz. Gainera, disko propioa izateak aurkezpen txartelaren funtzioa betetzen du, beste leku batzuetara zabaltzeko aukera eskainiz.

Nola jaio zen B.O.T.H?

B.R: Bizitza honetan askotan gertatzen den bezalaxe, B.O.T.H parranda batean jaio zen. Garazi eta biok kontzertu batean geunden eta Garazik bere auzunean jotzeko hardcore-melodiko estiloko talde bat osatzea erabaki zuen. Talde hori sortzeko hainbat lagun batu ginen. Baina pandemia garaia iritsi zen eta jotzeko geneukan kontzertu hura bertan behera geratu zen. Koronabirusak pentsatzeko tarte handia eman zigun eta bertsioak egin ordez, abesti propioak sortzea erabaki genuen, talde sendo bezala jaioz. Momentuz eskualdeko herrietan eskaini ditugu kontzertuak eta lehen disko honen proiektua ikusita taldea aurrera doala dirudi!

Eskualde bereko musikariak zarete. Nondik dator bakoitza?

I.M: Ni Arrigorriagatik nator eta musika ikasketak egin ditut: solfeoa, gitarra, pianoa… bizitza osoa musikari eskaini diot eta gaur egun gitarra elektrikoa jotzen dut B.O.T.Hen
B.R: Ni Ugaotik nator eta musika ikasketak ditut ere. Bateriaz gainera, pianoa eta gitarra jotzen ditut. Iñigok eta biok hainbat taldetan jo dugu elkarrekin urte askotan.
G.SC: Ni Orozkotik nator eta duela 7 urte trikitia jotzen hasi nintzen. Koru eta kantu klaseekin osatu ditut ikasketak.
I.V: Ni San Migeletik nator eta berandu hasi nintzen baxua jotzen, Rock School / Mr. Jamen.

Non ibili zarete zehazki?

I.V.: Nire lehen kontzertua Tolosan izan zen, gaztetxe batean.
B.R: Imanol beranduago heldu zen B.O.T.Hera, baina kontzertu gehienak Hego Uriben eskaini ditugu: Ugaon, Arrigorriagan, Zeberion…

Zabaltzeko asmoa izango duzue!

B.R: Beti prest egongo gara kausa onen alde jotzeko eta edonongo leku autogestionatutan jotzeko aukera ematen diguten bakoitzean, bertara goaz!

Boluetako CastleRock lokaletan gaude. Zenbatero zatozte entseguak egitera?

I.M: Astero etorri ohi gara, eguenetan. Pare bat ordu ematen ditugu lokal txiki honetan. Azken boladan gure abestiei errepaso ematen egon gara, disko berriaren grabaketaren haritik. Kontzertu garaian denbora gehiago ematen dugu dena prest uzteko.

Nolakoa izaten ari da disko berriaren grabaketa saioak Txarraskan?

I.V: Pistak banan-banan grabatzen ari gara. Atzoko saioan baxu-lineak grabatu genituen goiz osoan.
B.R: Uste genuena baino gehiago luzatzen ari da disko berriaren grabaketa. Esperientzia hau berria da laurontzat: instrumentu bat isolatuta grabatzen denean presio handia dago eta akats guztiak inoiz baino argiago entzuten dira. Hala ere, sentsazioa oso ona izaten ari da eta benetan gustura gabiltza Basauriko gaztetxean, den-dena amaituta izateko irrikan.
I.V: Proiektua aurrera doala ikusteak ilusioa egiten du eta laster eskuartean izango dugu gure lehen lana: gauzak ondo egiten ari garen seinale.

 

Momentura arte taberna eta eszenatoki txiki zein ertainetan izan zarete. Non erosoen?

G.SC: Tolosan edo Zeberion eskainitako azkenekoan oso gustura ibili nintzen eta oso ondo pasa nuen, egia esateko.
I.M: Nik jendea hurbil dagoen lekuak gustuko ditut. Azken batean, pandemia garaian jendea eserita eta musukoa jantzita ikusten genuen, eta eszenatoki handietan jendearen berotasun falta hori igarri nuen. Tabernetan, jendea hurbilago sentitzen dut eta erosoago sentitzen naiz.

Pandemia atzean uzten ari gara. Horrek eszenatoki handiagoetan jotzeko gogoa ematen dizue?

I.V: Eserlekurik ez dagoen bitartean, edonon jotzeko gogoa dugu izugarria daukagu.
B.R: Leku handietan jotzea edozein talderen ametsa dela uste dut, gero eta jende gehiagorengana heltzeko aukera ematen duelako. Hala ere, eta errealistak izanez, momentuz leku txikiagoak betetzen saiatzen ari gara emanaldi bakoitzean. Hortik abiatuta eta zorte apur batekin eszenatoki handiagoak bete ahal izango ditugu.

Zuen ahaleginek ateak zabaldu dizkizuete eskualdean. Zer gomendio emango zeniekete hasten ari diren bandei musikaren industrian tartea izateko?

G.SC: Gogoa izatea, konstantzia eta konpromisoaz gainera. Gure proiektua aurrera eraman ahal izateko astero behin bildu behar gara gutxienez.
B.G: Ilusio barik ezin daiteke inora joan. Horri lana gehituz aurrera egin daiteke. Azken batean inor ez da hasten San Mamés futbol zelaia betetzen.
I.V: Nire ustez, garrantzitsuena helburua erdiesteko bide hori jorratu eta gozatzea da, azken batean.

Zer deritzozue musika-lehiaketetan parte hartzearen ideiari esparru musikalean tarte bat egiteko?

B.R: Ez dugu oso gustuko taldean. Ez dugu uste lehiaketetan parte hartzea musikarekin bat doanik. Musika egitea gozatzea da guretzat. Egia da lehiaketek aukerak zabaltzen dizkietela musika taldeei diskoak grabatu edo kontzertu jakin batzuk ematea ahalbidetzen dutelako, baina lehiaketak berez ez datoz bat gure filosofiagaz. Ez gara inor baino hobeak edo okerragoak eta horixe neurtzen dute lehiaketek, hain zuzen ere.

Non ikusten duzue B.O.T.H. hemendik urte batzuetara?

B.R: Taldearekin aurrera jarraituz eta zenbait diskogaz, gutxienez, eta herrietako plazak betez. Egunen batean publikoak gure abestiak abestuko ditu agian, batek daki!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak