Sareak

☉ Ugao

Datorren astean hasiko dira Ugao KT-ko eskolarren entrenamenduak

|

Ugao Kirol Taldeko futbol zelaia / Geuria

Urriaren 19an hasiko dira Ugao Kirol Taldeko eskolarren entrenamendu-saioak. Lehen saioa neska-mutilen haurren taldea izango da eta entrenamenduak astelehen eta ostegunetan izango dituzte 16:45tan. Emakumeen hasiberrien taldeak ere urriaren 19an hasiko ditu entrenamendu saioak, astelehen eta ostegunetako saioekin.

Bestalde, Hasiberrien eta Benjaminen A taldeek urriaren 20an, asteartea, hasiko dituzte entrenamenduak eta saioak astearte eta ostiraletan antolatuko dituzte, 16:45tik 18:15ak arte. Antzekoa egingo dute Hasiberrien eta Benjaminen B taldeek, baina euren saioak 16:55tik 18:25ak arte izango dira.

Ugaoko Kirol Taldetik jakinarazi dute jokalariak entrenatzeko arroparekin, maskararekin jantzita joan beharko direla etxetik futbol zelaira eta jokalari bakoitzak ur-botila propioa eraman beharko duela. Gainera, sarreran tenperatura neurtuko zaiela eta eskuak desinfektatu beharko dituztela azpimarratu dute zuzendaritzatik. Halaber, futbol zelaira eta harmailetara jokalariak baino ez direla sartuko azaldu dute futbol taldetik.

☉ Ugao

Veronica Martin zeberioztarrak elikagai osasuntsuen etiketak identifikatzeko tailerra eskainiko du Ugaon

Hitzaldia Ugaoko Jane jauregian antolatu du AEK-k apirilaren 24an, 18:00etatik 19:30ak arte, ‘Praktikatu eta Bizi’ programan

|

Elikagai osasuntsuen etiketak identifikatzeko hitzaldia eskainiko du Veronica Martin Requena nutrizionista zeberioztarrak Ugaoko Jane jauregian, apirilaren 24an, asteazkena. GEURIAk iazko apirilean elkarrizketatu zuen Zeberioko nutrizionista.

“Elikadura osasuntsua erosketa-saskian hasten da, baina gaur egun ez da batere erraza supermerkatuan elikagai onenak aukeratzea”, azaldu du nutrizionistak HasiHazi Jaten kontsultategitik. “Hainbat eta hainbat produktu mota daude, ezen jakin ere ez dakigun zer jaten dugun”. Hori dela eta, produktuen etiketak bereizten jakitea garrantzitsua dela nabarmendu dute, nahasketa batzuek gure dietak desorekatzeko arriskua sortzen dutelako.

Zeberioko produktuak // Geuria

Saioa 18:00etatik 19:30ak arte antolatu du HasiHazi jaten kontsultategiak AEK-ko Praktikatu eta Bizi programan eta Ugaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du. Hitzaldian parte hartu nahi duten interesdunek 663 040 035 telefonora deituz eman beharko dute izena.

Osorik irakurri

☉ Ugao

HAPO berria ezagutarazteko saio parte-hartzailea antolatu dute Ugaon

Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri onartua ezagutarazteko saio irekia Jane Jauregian egingo dute apirilaren 29an, 18:30ean

|

Goikiri auzoko eraikinak // Geuria

Ugaoko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri (HAPO) eta onartua ezagutarazteko saio irekia antolatu du Jane Jauregian apirilaren 29an, 18:30ean. Bertan izango da Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatea Udaleko teknikari eta HAPOa idatzi duten taldearekin batera: “Ekimen honen helburua ugaotarrek, onartutako dokumentuaren xehetasunak ezagutzea da, aurrekoetan egin den bezala”, azaldu du herriko alkateak.

Udal ordezkariek gogoratu lez, Ugaoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartu zuten Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatuaren 2024ko otsailaren 20ko 130/2024 Foru Aginduaren bidez eta ebazpena martxoaren 26ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (61 zk.) argitaratu zen, onartutako hirigintza araudiarekin batera, Ugao-Miraballesko Udalari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari jakinaraziz.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkilaritza digitaleko hastapen ikastaroa antolatu dute Ugaon

klaseak hilaren 22an hasiko dira eta astelehenero izango dira, 17:00etatik 20:00ak arte, Jane jauregian. Izena emateko azken eguna apirilaren 18a izango da

|

Kostaldeko argazki bat // urtzivera.com

Argazkilaritzaren maitale amateurrek apirilaren 18ra arte izena eman dezakete Urtzi Verak (Orozko, 1975) Ugaon eskainiko duen hastapen ikastaroan. Lehen saioa apirilaren 22an izango da eta klaseak astelehenero izango dira 17:00etatik 20:00ak arte, Jane jauregian.

Ikastaroa 27 ordukoa izango da eta argazkilaritza digitalean interesa duten herritarrei zuzenduta dago, “argazkilaritza digitalaren munduan prestakuntza-oinarri garrantzitsu batekin hasi nahi duten argazkilaritza-zaleei eta maitaleei”, udal ordezkariek azaldu lez.

Izena emateko azken eguna apirilaren 18a izango da eta modu bitan egin daiteke: Jane jauregian, aurrez aurre edo esteka honen bidez. Edukiera mugatua izango da eta ikastaroak 29 euroko prezioa du.

Urtzi Vera // urtzivera.com

Irakasleari buruz

Urtzi Vera artea eta natura maite dituen argazkilaria da eta sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar eta guztien artean Fritz Polking izenekoa (2014) nabarmentzen da, urtero ematen dena eta Alemaniako argazkilariaren izena daramana. Hala ere, Amurriokoak bestelako sari ugari irabazi ditu, den-denak bere webgunean iragarrita ditu.

Urtzi Vera irudien garai digitalean murgildu zen duela hamabost urte baino gutxiago. Ogibidez Industri ingeniari teknikoa da, arkatz, errotulagailu eta plastilina artean eman zuen haurtzaroa. Betidanik maite izan zituen marrazketa eta jolas sortzaileak.

Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, marrazketa, pintura eta eskultura tailerretara itzuli zen Vera. Oso urte entretenigarriak eta ikaskuntza handikoak izan ziren berarentzat, eta, ziurrenik, haien lanaren oinarriak finkatu ziren.

Natura eta animaliak inspirazio-iturri izan ditu beti. 2005ean, mendira kamera konpaktu bat eramatea bururatu zitzaion… eta momentu hartan piztu zitzaion argazkigintzarekiko grina.

Gaur egun Ingeniari tekniko lez egiten du lan Amurrion, baina horrek ez du bere pasioa, argazkilaritza, oztopatzen.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Envaseseko langileek “Ugao osoari eragingo dion” ordu biko lanuztea egingo dute hilaren 19an

Enpresa batzordetik azaldu dute lanuzte honen helburua “Ugaon pairatzen ari diren industria sarearen suntsiketa salatzea” dela

|

Envases Universaleseko Ugaoko langileak, lehen elkarretaratzean // Geuria

Joan den apirilaren 8an aste biko grebari hasiera eman zioten Ugaoko Envases Universales multinazionaleko langileek, Aldi Baterako Lan Espedientearen kontsulta-aldia enpresa batzordearekin akordiorik lortu gabe amaitu ostean.

“Kontsulta-aldia akordiorik gabe amaitu da”, azaldu dute enpresa Batzordetik. “Izan ere, sindikatuek argi ikusten dute enpresak argudiatutako arrazorik ez dagoela eta ekoizpena multinazionalaren beste lantegi batzuetara deslokalizatu nahi dutela, besteak beste, Leonera eta Holandara”. Gainera, Endika Ibañez enpresa batzordeko zuzendariak azaldu moduan, enpresako zuzendaritzak prozesu honen bidez egingo dituen kaleratzen kopurua eta baldintzak nolakoak izango diren argitu gabe amaituko dela gehitu du.

Herritarrak, Envases Universalesen Ugaoko lantegian // Geuria

Lanuzteak herrian

Datorren apirilaren 19an ordu biko lanuzteak deitu dituzte enpresa batzordetik Ugaon eta horrek “herri osoari eragingo diola” goraipatu dute: “Lanuzte honen helburua Ugaon pairatzen ari garen industria sarearen suntsiketa salatzea da” azaldu du Ibañezek. “Egoera hori larriagotzen ari da Envases-ek, Ugaoko enpresa handienak, bertako zentroko ekoizpena beste lurralde batzuetara eramatea eta deslokalizatzea erabaki duelako, langileak kaleratzearekin batera”.

Endika Ibañez: “Lanuzte honen helburua Ugaon pairatzen ari garen industria sarearen suntsiketa salatzea da”

Enpresa batzordeak azaldu bezala, “Ugaon enpresak desagartzen ari dira eta ekoizpenak deslokalizatzen ari dira, herriak eta kaleratuak izaten ari diren pertsonak arrisku-egoeretan utziz”.

Horiek horrela, enpresa batzordetik azaldu dute ordu biko lanuzteekin eta hurrengo egunetan deituko dituzten mobilizazioekin “horrelako prozesuak zailduko dituen industria politika” eskatu nahi dutela. “Horrela, langileak eta enpresak kokatuko dituen herriak enpresen aldebakarreko erabakien aurrean babestuko ditu”.

Kronologia laburra

Otsailak 19: Aldi Baterako Enplegu Erregulazio-Espedientearen iragarpena enpresa batzordeari
Otsailak 26: Enpresa batzordea eta zuzendaritzaren arteko bilera, Bilboko egoitzan, eta iragarpen ofiziala
Otsailak 28: Enpresa batzordearen asanblada Ugaoko lantegiko langileekin
Martxoak 7: Lehen mobilizazioak: langileen lehen lanuzteak eta elkarretaratzeak Ugaoko lantegian zein Bilboko egoitzan
Martxoak 16: Manifestazioa Ugaon
Martxoak 20: Elkarretaratzea Gernikako Juntetxean
Martxoak 26: Elkarretaratzeak eta herri asanblada Ugaon
Apirilak 8-19: Greba
Apirilak 19: ordu biko lanuzteak

Osorik irakurri

☉ Ugao

Egitaraua / Ugaoko ikastolaren 50. urteurrena 1973-1993

Mende erdia ospatzeko bazkaria prestatu dute Ugao ikastolako guraso eta ikasle ohiek Udalaren babesarekin

|

Ugaoko Ikastolaren 25. urteurrenean ateratako familia argazkia // Maider Gaztaka

Ugao ikastolako guraso eta ikasle ohiek ikastolaren sorrerako 50. urteurrena ospatuko dute apirilaren 27an. Mende erdia ospatzeko bazkaria prestatu dute Ugao ikastolako guraso eta ikasle ohiek Udalaren babesarekin. Hitzordua herriko frontoian izango da eta herritar guztiek parte hartu ahalko dute. Bertan parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek apirilaren 20ra arte Ugaoko Zelai, Felipe eta Lainoa tabernetan.

Barazki paella, oilasko errea patatekin, pantxineta, Arabar errioxar urteko ardoa eta ura, kafea, likoreak… dastatu ahal izango dituzte bazkarian parte hartuko duten herritarrek 20 euroan. Bazkaria 14:30ean hasiko da eta bertan izena emateagatik zapi bat jasoko du partaide bakoitzak oroigarri gisa: “Oso garrantzitsua izango da zapi hori bazkarira ekartzea”, iragarri dute antolakuntzatik. Eguraldi txarra egiten badu, bazkaria herriko frontoitik institutura lekuz aldatuko lukete.

Bazkariaz gainera “sorpresez betetako eguna” izango da apirilaren 27a, antolakuntzakoek GEURIAri azaldu lez, eta txupina, kale animazioa, photocalla, materialaren salmenta… antolatu dituzte herrian eta omenaldi “berezia” egingo diete ikastolako guraso eta irakasleei, besteak beste.

Egunean zehar antolatu dituzten jardueren artean, azken asteetan ikastolaren 20 urteko ibilbidearen inguruan filmatutako dokumentala dago eta 12:00etan proiektatuko dute guraso eta ikasle ohiek Jane jauregian. Zintan ikastolako lehen ikasleen (gero Basauriko ikastolara OHO egitera joan zirenak), Ugao ikastolatik Zaratamokora joaten lehenengoen eta 20 urteko ibilbidean (1973-1993) Ugaoko ikastolan hasi eta amaitu zuten ikasleen aurpegiak eta testigantzak ikusiko dira, besteak beste.

GEURIAk ikastolaren inguruko erreportajea argitaratu zuen iazko urte amaieran, sorreraren garaiko uneak birgogoraziz eta Esther Idirin, Karmele Belar, Karmele Landeta, Bego Reketa, Lino Ayesta, Ana Tere Salazar eta Cecilia Cortazar protagonisten berbak jasoz.

Grabaketa saioa, Herriaren plazan // Maider Gaztaka

Programa | Ugaoko ikastolaren 50. urteurrena

Apirilak 27, larunbata

11:00 Kalejira txistulariekin herrian zehar
12:00 Ugao Ikastolaren 20 urteko ibilbidearen proiekzioa, Jane jauregia
12:30 Omenaldia fundatzaile, guraso eta irakasleei + agurra + familia argazkia + txupina
13:00 Kale animazioa Etxebarria Aita-Seme Trikitilariekin
14:30 Herri bazkaria, frontoia (euria bada institutuan) + argazki-erakusketa
16:00 Photocall + musika eta kantak
17:30 Kale animazioa Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak

Osorik irakurri