→Ugao

Sauna eta bainu turkiar berria irailetik aurrera erabili ahal izango da Ugaoko El Jaro kiroldegian

El Jaro kiroldegiko instalazioak hobetzeko 50.000 euro bideratuko ditu Ugaoko Udalak. Kirol kantxako eta padel pistako argiak eta igerilekuaren klimatizazioa ere hobetu dituzte.

Sauna eta bainu turkiar berria jartzeko lanak dagoeneko hasi dituzte // Ugaoko Udala

El Jaro kiroldegiko instalazioak berritzeko lanetan ari da Ugaoko Udala. Besteak beste sauna eta bainu turkiar berria, eta kanpoko argiak, kirol kantxako eta padel pistako argiak, igerilekuaren klimatizazioa eta igerilekuko ura arazteko sistema hobetuko dituzte. Guztira 50.000 euro bideratuko ditu Udalak lan horietan.

Sauna eta bainu turkiar berria jartzeko lanak dagoeneko hasi dituzte, eta aurreikuspenen arabera irailerako amaituta egongo dira obrak. Igerilekuko harmailetan ari dira sauna eta bainu turkiarra jartzen eta horretara 26.000 euroko inbertsioa egin dute: Udalak 14.000 euro bideratu ditu eta UTE Ugao Kirolakek 12.000 euro jarri ditu. Halaber, igerilekuaren klimatizazioa hobetu dute (10.210 euro), baita igerilekuko ura arazteko sistema ere.

Bestetik, Udalak kirol eraikineko kanpoaldeko argiak ere aldatu ditu, instalazioen sarreran daudenak. Gainera, kirol kantxako eta padel pistako argiak ere ordezkatu dituzte. “Jasangarriagoa eta eraginkorragoa izateaz gain, argiteria berritu honek ikuspena hobetu eta segurtasuna eskainiko dizkie erabiltzaileei”, dio Ekaitz Mentxaka alkateak. Hobekuntza horietara 10.000 euro inguru bideratu ditu Udalak.

“Herritarrak eskaintzen ditugun zerbitzuekin pozik egotea nahi dugu. Kirol-instalazio onenak izatea nahi dugu, eta, horretarako, horiek mantentzeko, eraberritzeko eta hobetzeko inbertitzen jarraitu behar dugu, kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzeko, kirol-aukera onenak eskainiz”, dio Mentxakak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak