Sareak

☉ Ugao

Gorka Urbizuk bi emanaldi eskainiko ditu Ugaoko Ganbarako Kontzertuetan

Gorka Urbizu musikari nafarrarekin elkarrizketa musikatua antolatu dute maiatzaren 29an Ugaon, Ganbarako Kontzertuaken barruan.

|

GORKA URBIZU, BILBOKO KAFE ANTZOKIAN // TOM HAGEN

Maiatzaren 29an, larunbatez, Gorka Urbizu izango da Ugaon, Ganbarako Kontzertuen barruan. Ez da kontzertu soila izango, baizik eta elkarrizketa musikatua izango da: “Gorkarekin solastatzeaz gain, 8-9 kanta eskeiniko dizkigu musikari nafarrak formatu akustikoan”, diote Sarea Sound System elkartetik.

Antolatzaileek aurreikusten duten sarrera eskaera handiari aurre egiteko, bi emanaldi antolatuko dituzte: bata 13:00etan eta bestea 18:00etan. Saio bakoitzean 60 lagunentzako edukiera egongo da. Sarrerak salgai jarriko dituzte maiatzaren 24an (16:30-18:30), 25ean (11:30-13:30) eta 26an (16:30-18:30) Jane Jauregiko beheko solairuan, 5 euroan. Pertsona bakoitzak gehienez bi sarrera erosi ahal izango ditu.

☉ Ugao

Ugaoko lantegiko 42 langile kaleratu ditu Envases Universales enpresak

Joan den asteartean iragarpena egin ondoren, ostegunean 42 langile kaleratu ditu Envases Universalesek eta joan den maiatzaren 6an egin behar zuten greba mugagabea bertan behera utzi dute

|

Ugaoko langileen mobilizazioa // Geuria

Joan den asteartean langileei iragarpena egin ostean, Envases Universales enpresak Ugaoko lantegiko 42 langile kaleratu ditu. Horietako 29 boluntarioak izan dira eta beste 13 lagunei bidegabeko eraizpen modura.

“13 horiei legeak adierazten duen kopuru gutxienekoa ordaintzen zien”, azaldu du Endika Ibañez Enpresa batzordeko zuzendariak. Enpresa batzordetik maiatzaren 6an greba mugagabea hasteko asmoa iragarri zuten duela egun batzuk, baina hilaren 6a baino egun batzuk gehiago bilera bat eskatu zuen enpresako zuzendaritzak batzordearekin.

“Bilbon egindako bilera hartan langile guztiei diru kopuru bera ordaintzeko asmoa zutela azaldu ziguten zuzendaritzatik, pertsona boluntarioek jasoko zuten kopuru bera, alegia”, gehitu du Ibañezek. “Gainera, enpresa bertan behera utzi “nahi” zuten langile boluntario horiei lana lehenbailehen uzteko aukera ere eskatu genien enpresako jabeei”

“Horretarako, trukean, greba mugagabea bertan behera uztea eskatu ziguten”. LAB eta USO sindikatuak ez zeuden ados proposamen harekin eta UGT, ostera, bai: “Bide erraza hartu genuen eta asanbladara eraman genuen erabakia”. Ibañezen arabera, erabaki hau asanblada batean proposatzeak greba mugagabearen bertan behera uztea ekarriko luke, “baina egin behar genuen, subiranotasuna herriarena baita”, azaldu du enpresa batzordeko zuzendariak.

Asanbladaren emaitzak, iragarri bezalaxe, langileak lanera bueltatzea eta greba bertan behera uztea ekarri zuen. “Baina ez hori bakarrik: laupa bost langile boluntariok enpresa berehala utzi nahi zutelaren asmoa iragarri zieten zuzendaritzakoei eta erantzuna horixe izan zen: ostegunean bertan (maiatzaren 9an) 42 pertsona horiek kaleratuko zituztela. Gauzak egiteko modu asko daude, baina enpresa hau min egitera joan da hasieratik”.

Langileek atzerapausu bezala ikusi dute azken egunetan zuzendaritzatik hartutako erabakia, “azken batean enpresa utzi nahi ez zuen langile asko zegoelako. Jende horrek uste zuen lanak irailerarte iraungo ziola baina bapatean kalean daude”.

Makinak desmuntatzen

Ibañezen arabera, enpresak erabakiak hartzeko estrategia aldatu du eta deslokalizazioaren prozesua berehala ipini dute martxan: “Atzo langileen finikitoak sinatzen zeuden bulegoan eta momentu berean kanpoko enpresa bat sartu zuten Ugaoko lantegian, plantako makinen bi herenak desmuntatzen hasteko”. Beste hitz batzuetan, ekoizpenaren bi heren horiek faltan, hemendik aurrera ez dituzte elikagai-merkaturako edukiontzirik (atun eta zainzurien latak, besteak beste) sortuko Ugaon.

Endika Ibañez: “Atzo langileen finikitoak sinatzen zeuden bulegoan eta momentu berean plantako makinen bi herenak desmuntatzen hasi ziren”

Egungo egoera “kaotikoa” bezala definitu dute Ugaoko langileek: “Lau katu gelditu gara Ugaoko lantegian eta ez dakigu mobilizazioei berrekingo diegun gure lantegiko makinak egun batetik bestera eramatea saihesteko”. Momentuz, enpresa batzordeak epaitegietara eramango du Ugaoko plantan ezarritako Aldi Baterako Espediente Erregulatzailea, baina hala ere ez dakite horrek inolako eraginik izan dezakeen gaur egungo egoeran: “Epaiketa horren emaitza modura nuloa da guk bilatzen duguna: azken batean enpresako zuzendaritzak ez du modu egokian jokatu, hertsapenak egon dira eta beste hainbeste irregulartasun. Hala ere jakin badakigu legeak enpresafrientzat eginda daudela eta ez langileentzat”.

Elkartasuna, auzian

Ugaoko lantegian 108 pertsonak egiten zuten. Horietatik, 80k baino gehiagok ekoizpen esparruan. “Kaleratzeen % 98a eskulan taldekoak izan dira, tailerrekoak hain zuzen ere; bulegoetan betiko langileak diraute, eta beste hainbeste zuzendaritzako taldean”. Honek esan nahi du tailerrean lan egiten duten langileen % 50a kendu dutela eta geratu direnak hiru txandatan lan egiten jarraitzen dute: goizekoan lau langile, arratsaldekoan bost eta gauekoan bospa sei. Guztira 48 langile geratu dira Ugaoko lantegiko tailerrean lanean.

“Momentu honetan shock egoeran gaude, baina LABetik etengabe mugitzen ari gara. Datorren astean batzordearekin bilduko gara eta hurrengo egunetan eman beharreko pausuak erabakiko ditugu”, azaldu du Ibañezek eta gaur egun sindikatuen artean “elkartasun falta” dagoela jakinarazi du. “Momentu honetan UGT sindikatuarekin ditugu arazoak, kaleratzeak eta Aldi Baterako Espediente Erregulatzaileak sinatzen dituelako eta LABek ez. Eta orain arte elkartuta egon bagara ere, era honetako egoerak gertatu direnean elkartasun falta nabari izan dugu. Epaitegira joateko erabakia LAB eta USOrena izan da

Osorik irakurri

☉ Ugao

Sorgin batek bisita gidatuak egingo ditu Ugaon, Museoen Nazioarteko Egunean

Domekaren bisita gidatua maiatzaren 18an egingo dute, 11:30ean. Parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea

|

Sorgin bat // Kayla Maurais, Unsplash

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna izango da eta egun berean Ugaon jarduera berezi bat prestatu du Udalak Historia Ezagutzeko Zentroarekin batera: Domeka izeneko sorgin batek bisita gidatu antzeztuak eskainiko ditu Ugaoko kaleetan zehar.

Domeka Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldia dinamizatzeaz arduratuko dela azaldu dute udal ordezkariek: “11:30ean hasiko den bisita antzeztu honetan, bertaratzen direnek garai hartan emakumeek egiten zituzten lanbideak eta euren bizitza nolakoa zen ezagutu ahal izango dute, Erdi Arotik gaur egun arte”.

Ordu bateko iraupena izango du ibilbideak eta herrian topa daitezken panel historikoen QRak jarraituz egin ahal izango da. “Halaber, Historia Ezagutzeko Zentrora bisita gidatu labur bat (ordu erdikoa) egiteko aukera ere egongo da”, gehitu dute Udaletik.

Jardueran parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da, bai Jane jauregira hurbilduz, bai kultura.ugao@ortzadar.es helbidera e-posta bat bidaliz.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Udiarragako auzotarrak elkartuko dituen urteroko bazkaria antolatzen ari dira Ugaon

Udiarraga kalean jaiotako auzotarrentzat izan zen lehen urteetan urtean behin antolatzen duten bazkari hau. Aurten maiatzaren 25ean prestatu dute

|

Ugaotarrak, Udiarraga auzoan // Geuria

Beste urte batez, Ugaoko Udiarraga kaleko auzotarrak urteroko bazkarira deitu dituzte Guria tabernako arduradunek maiatzaren 25ean.

20 urte baino gehiago dituen urteroko tradizio hau Udiarraga kalean jaiotako auzotarrentzat izan zen lehen urteetan. Ugaoko auzokide batzuek GEURIAri azaldu lez, inguruetako herrietako auzo jakin batzuetako auzotarrak urtean behin elkartu eta bazkaltzearen ohitura udalerri askotan egiten zen antzina. “Inork ideia hori Ugaoko Udiarragara ekarriko zuen!”, gogoratzen dute herritar batzuek. Ugaoko Usila auzoan tradizio hau mantentzen dute oraindik, eta hala egiten zuten San Bartolomen ere, baina partaidetza faltagatik bertan behera utzi zuten.

Milurteko berriaren hasierako lehen urteko Ugaoko auzoko lehen bazkariak 200 lagun inguru bildu zituen, baina urteek aurrera egin ahala, partaidetza behera egiten hasi zen astiro-astiro. Pandemiak eragin nabarmena izan zuen urteroko hitzordu honetan eta Koronabirusa heldu aurreko urtean, 2019an, 30 lagunek hartu zuten parte bazkarian.

Udiarragako lehen bazkariak 200 lagun inguru bildu zituen, baina urteek aurrera egin ahala, partaidetza behera egiten hasi zen astiro-astiro

Aurtengo bazkariko partaidetzak zalantza ugari ekarri dizkie ugaotar askori baina Guriako ostalariek ez dute itxaropena galdu: hainbat izen ageri dira maiatzaren 25eko zerrendan: “Oraindik astia dago!”. Eta hala da, bazkarian parte hartu nahi dutenek modu bitan egin dezakete: Ugaoko Guria tabernara hurbilduz edo 946 480 034 telefono zenbakira deituz.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Haize Festak fanfarreak eta txarangak ekarriko ditu Ugaora hurrengo larunbatetan

Sama-Siku, Izenbarekuak eta Ardoa Barrura txaranga eta fanfarreen emanaldiak iragarri dituzte hurrengo larunbatetan “herriko kaleetan jai-giroa suspertzeko”

|

Ardoa Barrurako fanfarrea, Ugaoko iazko jaietan // Lesk Castro

Ugaoko Udalak Haize Festa izeneko ekimen berria ipini du martxan Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin “herriko kaleetan jai-giroa suspertzeko”. Horrela, kale animazioa antolatu dute maiatzeko larunbatetan, hilaren 11n hasita.

“Kaleko animazioa izango da nagusi arratsaldeko 18:30etatik 21:30etara. Fanfarreak eta txarangek Ugaoko hainbat txoko alaituko dituzte”, azaldu dute udal ordezkariek eta Bilboko Sama-Siku eta Ardoa Barrura eta Gasteizko Izenbarekuak txaranga eta fanfarreen emanaldiak iragarri dituzte.

Programazioa | Haize Festa

Maiatzak 11, larunbata
Sama-Siku fanfarrea

Maiatzak 18, larunbata
Izenbarekuak txaranga

Maiatzak 25, larunbata
Ardoa Barrura fanfarrea

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko haurreskolan 2024-25eko matrikula egiteko epea zabaldu dute maiatzaren 10era arte

Haurreskolak ate irekien eguna prestatu zuen joan den apirilaren 17ko arratsaldean, ikasle berrien gurasoek edo tutoreek zentroa ezagutu ahal izateko

|

ugao haurreskola 2016 obrak
Ugaoko haurreskola // Artxiboko irudia

Ikasturte berriaren matrikula egiteko epea zabaldu dute Ugaoko haurreskolan. Interesdunek maiatzaren 10era arte eman dezakete izena. Haurreskolak ate irekien eguna prestatu zuen joan den apirilaren 17ko arratsaldean, ikasle berrien gurasoek edo tutoreek zentroa ezagutu ahal izateko.

Informazioa handitu nahi duten pertsonentzako telefono zenbaki bi ahalbidetu dituzte: 944 043 985 eta 946 854 485. E-posta bidaltzeko aukera ere luzatu dute Ugaoko haurreskolatik: ugaomiraballes@haurreskolak.eus

Osorik irakurri