→Ugao

Oihane Artetxe: «Gaur egungo familia-aniztasuna handia izan arren, gizartea familia tradizionalentzat soilik pentsatuta dago»

Bizitzako gorabeherek familia tradizionalaren eredutik familia gurasobakarrera aldatu zuten Oihane Artetxe. 34 urteko ugaotarrak bere alaba bakarrik hezteko erronkari eutsi zion eta familia eredu gurasobakarren inguruan berba egiteko aukera izan dugu; bere kabuz borrokatutako gerraren inguruan, alegia.

// Geuria

Geuria #087 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Gure Gerrak. Hego Uribe eskualdean ditugun aldarrikapen, hausnarketa eta ekintza ezberdinen solasaldiak”
Irakurri osorik PDFan

Oihane Artetxe (Ugao, 1988) haurdun geratu zen 2010ean. 22 urte besterik ez zituen eta amatasuna, bakardadearekin batera, bat-batean heldu zitzaion bizitzara. Bakardade hori indarkeria matxistaren ondorio izan zen. Gaur egun, Artetxek ez du “aita” hitza erabiltzen haurrarekin bikotekide ohiaz mintzatzen denean, “progenitore” baizik. Izan zuten azken auziaren ondorioz, bikotekideak guraso-ahalaren eskubidea guztiz galdu zuen eta ordutik, haurrak hilabete batzuk baino ez zituenetik, amak zainduta hazi eta hezi zen umetxoa. Parkera irteten zenetan ez zuen bere adineko neskarik ikusten Oihanek, eta hain zoragarria izan beharko lukeen bizitzako fase hori benetan garratza egin zitzaion, lehen urteetan bereziki.

Hasierak beti dira zailak, baina momentua iritsi arte Oihanek ez zuen pentsatu hainbesterako izango zenik. Ugaotarrak bere bizitza berreraiki zuenetik 12 urte igaro dira, familia tradizionalaren eredua alde batera utzi eta amatasunari bakardadean eutsi zionetik, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Herrian batek baino gehiagok behin baino gehiagotan galdetu dio ea diru-laguntzarik jasotzen duen guraso bakarra izateagatik, eta Artetxek uste horiek “mitoak” direla azaldu digu. Eskolan, haurrak ere bere familia-eredu ikusezinaren ondorioak jasan izan ditu behin baino gehiagotan, eta harrituta galdetu dio amari zelan egin zezakeen ezagutzen ez duen aitaren eredua edo nola ospa zezaketen ‘aitaren eguna’, “aitarik ez badu”.

Zergatik ari zara gerra honetan borrokatzen?
Gaur egun familia-eredu mota asko daude gizartean eta estatu mailan 2 milioi gurasobakar bereiz daitezke. Horietako 85.000 gutxi gorabehera Euskal Herrian bizi gara. Egungo gizartearen zati handi batek pentsatzen du familia desegituratuak garela, mito asko daude. Askoren ustetan, esaterako, diru-laguntzak jasotzen ditugu eta hori ez da egia, inondik inora ere: familia gurasobakarrek ez dugu diru-laguntza berezirik jasotzen gure egoeragatik eta ez dugu politika sozial espezifikorik: alargunek bakarrik jasotzen dituzte. Gure borrokaren helburua guraso bakarreko familien eskubideak gainontzeko familienak bezalakoak izatea da.

Datu hauek ondo baino hobeto ezagutzen dituzu zuk, Oihane. Zertan ari zara lanean gaur egun?
Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle bezala nabil lanean, Bilboko Hezkuntza fakultatean, didaktika eta eskola-antolakuntza sailean.

Kasu bereziak ezagutuko zenituen zure lanean, ziur.
Egoera oso larriak gertatzen dira jasaten dugun babesgabetasuna dela eta. Duela gutxi unibertsitaterako egin dudan ikerketa kualitatibo batean 55 familia gurasobakarrek hartu dute parte eta, egia esateko, kasu oso larriak bistaratu dira; ama batek, adibidez, ezin izan du belaunean ebakuntza bat egin ez zeukalako umea norekin utzi ospitalean egon ahal izateko. Beste adibide bat: Lehen Hezkuntzako ume bat ikastetxeko aisialdi jarduera batzuetatik baztertu zuten amak ez zuelako sinatuta irudi-baimena (aita erasotzaile batengandik babesteko). Beste hainbatek ezkutuan eraman behar izan ditu haurrak lanera ez zeukatelako norekin utzi, eta lanik gabe ezin dute bizi. Horiek adibide batzuk baino ez dira… Eta konfinamendu garaian, noski, arazo guztiak areagotu ziren.

Ni, egia esateko, pribilegiatua naiz: nire gurasoak Arrankudiagan bizi dira eta ikasi edo lan egin behar izan dudanean zein gauza larriren bat gertatu zaidanean beti egon dira laguntzeko prest. Beste guraso batzuek ez daukate zorte hori.

Familia eredu asko existitzen badira ere, familia tradizionalaren garrantzia nabarmena da oraindik gaur egun.
Gizartea familia tradizionalentzat pentsatuta dago gaur egun: politika fiskalak, sozialak, lan-baimenak… den-dena familia tradizionalaren eredura begira antolatuta dago. Horren adibide argia da eskola kurrikuluma. Kurrikulum horrek ez du gure familia-eredua kontuan hartzen: gaur egun zentro askotan aitaren eta amaren eguna ospatzen jarraitzen dute. Familia guztiek, arrazoia edozein izanda ere, ez dute zertan guraso bi izan behar. Aniztasun handia dago gizartean eta agian familia batzuetan ez dago aita edo amaren figurarik edo aita bera erasotzailea izan daiteke. Eskolaren antolakuntzak gaur egungo egoerara egokituta egon behar du; bestela, ondorio modura, azkenean haurrak dira kaltetu bakarrak.

Bestelako adibiderik jar dezakezu?
Jaiotza-baimenagaz ere gertatzen da, esaterako: ume bat jaiotzen denean, familia tradizionaleko kideek 32 asteko baimena dute seme-alabak zaintzeko. Guraso bakarrek, ordea, 16 aste dituzte guztira. Beste adibide bat edoskitzea litzateke; guraso bakarrek ezin dituzte baimen horiek eskatu honako baldintza bete ezin dutelako: bigarren pertsona bat (familia tradizionalean, beste gurasoa, alegia) lanean egon behar da. Guraso bakarren kasuan, bigarren pertsona hori ez da existitzen. Horregatik, epe luzeagoko baimen hori eskatzea ezinezkoa da. Kasu horretan bazterketa jasaten dute guraso bakarreko familiek.

Zer dela eta bazterketa hau?
Legeek eta politikak, oro har, ideologia markatua dute. Egia da beste autonomia erkidego batzuetan estatus moduko bat existitzen dela guraso bakarrentzat: Nafarroan, Aragoin, Katalunian, Kanariar uharteetan… Familia ugariek eta alargunek politika espezifiko batzuk dituzte Euskal Herrian, baina guraso bakarren kasuan ez dago ezertxo ere: ez dugu estatus berezi hori, ezta inolako onurarik ere. Adibide moduan, esan dezaket Euskal Herriko Unibertsitatean (EHUn) matrikula egiterakoan deskontuak dauzkatela familia ugariek baina amatasuna bakardadean bizitzen dugunok ez daukagu deskonturik prezio publikoetan.

Familia giza erakunde zaharrena dugu, urtez urte aldatuz doana. Nolako bilakaera izan du erakunde honek denborak aurrera egin ahala?
Azkeneko hamarkadetan familia eredua aldatuz joan da politikak eta legeak ere aldatuz joan direlako. Abortuaren legearekin ere gauzak aldatu egin dira, emakumeak etxetik kanpo lan egiten hasi gara, dibortzioaren legeak aurrera egin du… Familiak gauza garrantzitsua izaten jarraitzen du, etengabe aldatuz doana. Gaur egun aniztasun handia dago gizartean: adituen arabera, estatu mailan 56 familia eredu bereiz daitezke gaur egun. Mota horien artean kokatu beharrekoa da guraso bakarrena; Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGAk) dioenez, gehien azaleratzen ari den familia-eredua gara.

Antzina kartzelagaz zigortzen zituzten ama ezkongabeak. Gaur, kartzela zigorrik ez badago ere, egoera ez da zoragarria, ezta gutxiago ere.
Gaur egun ikusezinak gara gizartean, politiketan kontuan hartzen ez gaituztelako. Kalean “zu guraso bakarra izateagatik diru-laguntza jasotzen ari zara” eta horrelakoak entzun behar izaten ditugu behin baino gehiagotan, sinesgaitza bada ere. Genero ikuspuntutik begiratuta, guraso bakarren familia eredua guztiz feminizatua dagoen kolektiboa dugu. Horrek arazo intersekzionala dakar, emakumeok berez emakume izateagatik bazterketa jasaten dugulako dimentsio askotan: beharrean, kalean, politikan… Imajinatu gainera amatasunean eta, horrez gain, amatasuna bakardadean eroaten. Ama langilea edo ikaslea izatea gogorra bada, are gogorragoa ama etxeko buru izanda!

Bestalde, testuinguru historikoari begira, instituzioek ez dute inolako babesik ematen, eta lehen esan bezala ikusezin bihurtzen gaituzte legeetan zein eskola-kurrikulumean, adibidez. Bazterketa horiek testuinguru ideologiko zehatz batean dute oinarria. Berez, duela hamarkada gutxi arte, Espainiako gobernuak kartzela antzeko zentro batzuetan sartzen zituen amatasuna bakardadean gauzatzen zuten emakumeak, umeak barne. Beste batzuei, “zorte” gutxiago zeukatenei, seme-alabak lapurtzen zizkieten: horren adibide dira Espainian lapurtutako 30.000 haurtxo jaio berriak.

Guraso bakarra izanik, nolako aldea ikusten duzu familia tradizional eta guraso bakarren familien artean?
Egia da guk sare gutxiago daukagula familia lez: azken batean figura bakarra dago seme-alabak zaindu ahal izateko. Hortik harago, gizarteak uste du guraso bakarren familiek hutsuneak dituztela eta gure familia ereduak “desegituratuak” bezala definitzen ditu. Baina “arazo” honi gertutik begiratzen badiogu, “hutsune” horiek gizarteak, gobernuak edo sistemak berak sortzen ditu. Gure familiak diren bezalakoak dira, besterik gabe!

Nola heldu daiteke pertsona bat guraso bakarra izatera?
Bide ezberdinetatik heldu daiteke: lagundutako ugalketa baten ondorioz, espetxeratze bat dela eta, migrazio batengatik, alargun bilakatzeagatik, indarkeria matxista jaso duen emakumea izatearen ondorioz…

Zu zeu egoera horietako batean izan zinen duela 12 urte.
22 urte nituela haurdun geratu nintzen, Balear uharteetan nengoela. Haurra jaio zenean ez zegoen nire adineko pertsonarik herrian nire umearen adina zuen seme-alabarekin. Nire kasuan, indarkeria matxista jasan izanagatik hasi nuen bizimodu berri hau guraso bakarra lez.

Familia hezteko orduan zer nolako oztopoei aurre egin behar diete guraso bakarrek?
Asko dira, baina adibide praktiko bezala, guraso biz osatutako familiek onurak dituzte garraioan, kiroldegian, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) ordaintzeko orduan, errenta aitorpena egin behar denean, bekak, lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak eskatzeko orduan… Gu, halako abantailarik ez izateaz gain, baztertuta geratzen gara gizartean. Guraso bakarra izatearen alde txarrena haurraren aita edo ama gaixotzen denean izan ohi da, zaintza ezin dugulako behar bezala gauzatu. Alderik onena, ostera, seme-alaba horiekin dugun lotura sendoa litzateke: benetan berezia eta indartsua da.

Zer egin dezakete guraso bakarrek gaur egungo egoera aldatu ahal izateko?
Gaur egun emakume asko injustizia horiei aurre egiteko salaketak jartzen ari dira, familia tradizionalen aitatasun edo amatasun baimen horiek erdiesteko, baina horrek ezagutza maila altua izatea eta inbertsio garrantzitsua egitea dakar eta hori ez dago edonoren esku, zoritxarrez.

Sistema honetatik zer aldatuko zenuke zuk, guraso bakar bezala, lehenik eta behin?
Gaur egun politikak, eskola-kurrikuluma… bizi dugun egoerara egokituko nituzke: familia eredu pilo bat existitzen dira gaur egungo gizartean eta ezaugarri ezberdinak izan arren, eskubide berdin-berdinak izan beharko lituzkete.

Betidanik esan izan digute familia bat guraso bik eta seme-alaba(k) osatzen dituela, baina praktikan, familia ez al da indibidualismotik ihes egiten eta jendea nolabait “elkartzen” duen giza egitura, odol kontu hutsa baino?
Jendeak uste du familia odoleko ahaideek sortutako taldea dela. Nire ustez, antzinako pentsaera edo erlijioarekin lotutako kontua da hori. Azken batean, familia bizitzan zehar sortzen dugun “gauza” bat da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak