→Ugao

Ugaoko HAPO berriak baditu bere asmoak: Osasun zentroa, antzokia, etxebizitzak eta bidegorria

Bidegorria ahalik eta arinen martxan jartzeko Aldundia lan eta lan ari dela ziurtatu dute udal ordezkariek. Herritarren parte-hartzeak eta alegazio batzuk onartu izana, ezezkotik abstentziora mugitu du EH Bilduren bozka

/ Geuria

Ugaoko Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria onartu du Ugaoko Udalak, EAJren aldeko bozkekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Bidegorria, osasun zentroa, erabilera anitzeko eraikina eta etxebizitza eskaintza handitzea dira planak jasotzen dituen asmoetako batzuk. “Horiek gauzatzea da asmoa eta horregatik daude plangintzan”, dio Ekaitz Mentxaka alkateak.

Teknikarien lanarekin batera, herritarren parte-hartzea funtsezkoa izan da. Guztira bederatzi alegazio aurkeztu dira. Parte-hartze prozesuan, banakako sei bilera egin dira interesa agertu zuten herritarrekin. “Herritarren zalantzak argitu ditugu, iradokizunak entzun eta proposamen berriak jaso eta aztertu”, dio Mentxakak. Bi alegazio bere osotasunean txertatu ditu Udalak planean, beste bi ere kontutan izan ditu eta gainontzekoak ezin izan ditu sartu, planean jasotzeko baldintzak ez zituztelako betetzen.

Onartu berri den HAPOaren garapena urte luzez egin da. 2017ko azaroaren amaieran, aurrerapen fasean egindako ‘Etxebizitza eta jarduera ekonomikoak’, ‘Kultura eta natura ondarea, zuzkidurak eta azpiegiturak’ eta ‘Ugaoren etorkizunari buruzko alternatibak’ gaikako hiru solasaldi irekiak “oso lagungarriak izan ziren plana egiterako orduan. Parte hartu zuten herritarrek udalerria bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten”.

Herritarrek egindako ekarpenengatik galdetuta, honako hauek nabarmendu dituzte udal arduradunek: “Irisgarritasuna hobetzea, batez ere Nerbioi ibaiaren bi ertzetan eta Goikiri auzoan. Udalerriari ekipamendu publiko berriak emateko proposamena ere egon da, hala nola, auditorio moduko bat eta osasun-zentroa. Gehiago: Etxebizitza babestuen eraikuntza sustatzea. Jarduera ekonomikoetarako eremu berriak sortzea. Azkenik, oinezkoa lehenestea ibilgailuen trafikoaren aurretik”. Mentxakak zehaztu duenez, “bidegorriarena ez da gure eskumena, Aldundiarena baizik. Baina badakigu lan eta lan ari direla ahalik eta arinen martxan jartzeko”.

EZEZKOTIK ABSTENTZIORA
2019ko urriko eta 2020ko uztaileko osoko bilkuretan kontrako bozka eman bazuen ere, EH Bilduk abstentziora jo du oraingoan. Planean jasotzen diren asmoak gehiago zehaztu behar dela iritzi dio: “Gure errealitateari gehiago hurbilduko den HAPO plana hobea litzateke. Iaz esan genuen HAPOak etxebizitzak irudikatzen dituela nagusiki, baina ez duela zehazten nolakoak izango diren, jakinda, erosketa-eskaerarik ez dagoela eta 4.000 biztanle luzeko herrian 232 etxe huts inguru dauzkagula”. Iritzi berdinari eutsiz eta HAPOan txertatu diren herritarren alegazioak aintzat hartuta, abstenitzea erabaki dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak