→Ugao

Esti Abrisketa, Ugaoko IAEko kidea: “Nazioarteko entrenatzaileak dituen Bizkaiko klub bakarra gara”

Esti Abrisketak (Ugao, 1975), txikitan irristaketarekiko zaletasuna bazuen ere, ez zion denbora askorik eskaini. Gaur egun Ugaoko Irristaketa Artistikoko Taldeko kidea dugu eta bere alabak, 13 urte dituelarik, monitore baten besteko gaitasuna dauka zortzi gurpilen gainean.

IAE irristaketa eskolako ikasle eta irakasleak, El Jaroko pista estalian // Geuria

Esti Abrisketak (Ugao, 1975), txikitan irristaketarekiko zaletasuna bazuen ere, ez zion denbora askorik eskaini. Gaur egun Ugaoko Irristaketa Artistikoko Taldeko kidea dugu eta bere alabak, 13 urte dituelarik, monitore baten besteko gaitasuna dauka zortzi gurpilen gainean. Oreka, trebetasuna eta pazientzia irristaketaren funtsezko osagarriak ditugu, eta bertako maisuak, nazioarte mailakoak oso preziatuak dira Ugaon eta baita Bizkaiko beste herri askotako irristatzaileen artean. Hona hemen Bizkaiko irristaketa elkarte zaharrenaren eta bertako ikasleen istorioa.

Esti Abrisketa eta Hegoa, El Jaro kiroldegiaren aurrean // Geuria

Zein da Ugaoko Irristaketa Artistikoaren Eskolaren (IAE) istorioa? Bizkaiko irristaketa klub zaharrena dugu IAEa. Irristaketa klub ugari daude, irristaketak berez modalitate asko hartzen dituelako, Hockeya, esaterako. Irristaketa artistikoari dagokionez, Bizkaiko Klub zaharrena gara. 35-40 urte daramatzagu patinen gainean irristatzen. Antzina, klubak Santanderretik zetorren irakasle bat kontratatu zuen, herriko eskaria asetzearren. Udalak, irristaketa egin ahal izateko pista utzi zigun herriko parke berdean, gaur egun garaje batzuk dauden lekuan bertan, alegia. Leku hartan, irristaketa artistikoaz gainera hockeya praktikatzen zuten herriko umeek.

Nolako eskaria zeukan klubak garai hartan? Jende pilo bat! 55-60 ume inguru. Ikaragarria zen. Pena izan zen, Udalak lursail hori erosi eta aparkalekuak eraiki zituelako bertan. Garai hartan El Jaro kiroldegia eraiki zuten eta irristaketa artistikoa Ugaora itzuli zen. Gaur egun kiroldegiko pista estalian egiten ditugu entrenamendu saioak.

Ivan Ibáñez Esnaola, entrenamendu saioetan // Geuria

Eta nolakoa da gaurko taldea? 48-49 umek izena eman dute eskolan eta poz-pozik datoz eskoletara nazioarte mailako maisuak ditugulako bertan: Ivan Ibáñez Esnaola entrenatzailea da eta berarekin batera beste lau monitore dauzkagu: Santanderko Desiré Díez, Arrigorriagako Joseba Puente eta Olaia Pinto eta Patricia Moldes ugaotarra. Umeei dagokienez, Arrigorriaga, Bilbo, Amorebieta, Barakaldo eta Santanderkoak ditugu, Ugaokoez gainera.

Ugaokoak ez diren hainbat ikasle dituzue. Zergatik baina? Ez dago nazioarteko entrenatzaile asko, eta gure kluba eskaintza hori egiten duen bakarra dugu.

Nolakoak dira saioak? Udalak El Jaro kiroldegiko pista estalia gure saioetarako gordetzen digu. Kide izanik 50 euro ordaintzen ditu eta astean zehar lau entrenamendu saio egiten ditu. Pista berez doakoa da ordu libreetan edonorentzat, baina entrenamendu saioak daudenean irristaketa klubekoek baino ezin dute erabili.

Ikasle gaztetxo bat, lurretik altxatzen // Geuria

Nolakoak dira lehen hastapenak irristaketa artistikoan? Haurrak kirol honekin lehen kontaktua izaten dutenean ikasten duten lehenengo gauza jausten jakitea da, gorputz-adarrak oso hauskorrak direlako. Orduan, gorputz-adar horiek sendotu behar dira. Jausten ikasten dutenean, haurrek izen jakin batzuetako figura batzuk egiten ikasten dute: limoiak, dantzariak, ilargiari ostikada… koreografiak egiten mailaz igotzen hasten dira haurrak, karatean edo futbolean gertatzen den era berean.

Zer nolako mailak daude irristaketa artistikoan? D, C, B, A eta ‘Ziurtagiria’ deritzona. Maila guztiak homologatutakoak dira, eta guztiak bukatzean, ikaslea irristaketa artistikoko monitore bilakatzen da. Nire alabak 13 urte ditu eta ziurtagiria eskuratu du dagoeneko. Mailaz igotzeko, urtebeteko prestakuntza egiten da eta ikasitakoa froga oso zail bakarrean neurtzen da. Erorketa batek probatik kanpo uzten du ikaslea. Froga oso zorrotza da, eta oso ona aldi berean. Azterketa adinaren arabera egiten zaie ikasleei. Euskadin 8 urtetik gorakoek egin dezakete.

Irristaketa eskolako irakasleak // Geuria

Demagun irristaketan aritutako pertsona batek klubean izena eman nahi duela. Zein mailatan hasi beharko litzateke pertsona hori? Maila baxuenetan. Irristatzaile horrek orekari ondo eutsiko dio ziurrenik, baina horrek ez du esan nahi klubeko figurak edo koreografiak lau gurpileko patinekin egin ditzakeenik.

Posible da haur batek izena ematea eta dena delakoagatik kirola uztea? Hilabete bateko proba egiteko aukera ematen diegu haurrei, eta gauza bat eskatzen diegu: material propioa ekartzea, lerroko edo ez lerroko patinak. Gustukoa badu, hurrengo hilabetean ordaintzen hasiko litzateke. Ume txikiek bi orduko saioak egiten dituzte asteko bi egunetan. Nire alaba, Hegoa, bizpahiru urterekin hasi zen irristaketan eta gaur egun bi ordu t’erdiko hiru saio egiten ditu astean zehar. Irristaketara heldu baino lehen hainbat kiroletan aritu zen eta azkenean hemen topatu zuen benetan gustuko zuena.

Ikasleak, figurak egiten ikasten // Geuria

Zer eskaintzen du irristaketak gainontzeko kirolek eskaintzen ez dutenik? Hasteko, gorputz osoa mugitzen du irristatzaileak. Oso gomendagarria da gehiegizko pisua duten umeentzat, neskentzat bereziki, gorputza igo eta jaisteko ariketa ugari lantzen dituztelako. Ikusi al duzu inoiz irristatzaile lodirik?

Demagun ume batek elkarrizketa hau irakurtzen duela. Inbertsiorik egin behar du irristaketan hasteko? Uste baino gutxiago! Hasteko lau gurpildun edozein patinek balio du eta elastikoak edo praka laburrak bezalako arropa erosoa. Arropa estua izan ohi da. Mailaz igo ahala, material espezifikoagoa eros dezake irristatzaileak: nire alabaren lehen patinak bigarren eskukoak izan ziren eta 100 euro inguru ordaindu genituen, esaterako. Bi urtez erabili genituen, eta hurrengoengatik 300 euro ordaindu genituen eta gaur egungoek 700 euro inguru balio dute.

Hegoa, bere patinakaz // Geuria

Tartea handia da gero! Alde handia dago patin batzuen eta beste batzuen artean. 700 euro ordaintzen direnean botak irristatzailearen oinaren neurrira egokitutakoak dira, larru bereziz egindakoak, eta batez ere oso erosoak. Gurpilak ere leku jakin batzuetarako doitutakoak dira, eta antzekoa gertatzen da galgekin. Hala ere, ikaragarria ematen badu ere, hasierako inbertsioak urte baterako balio du. Futbolean egiten diren inbertsioa askoz handiagoa da!

Ugaoko jaietan ikuskizun polita egin zenuten Urteroko gauza da. Elkarte guztiek zerbait eskaintza egiten dute herrian ekimen bat egiteko. Gure kasuan irristaketa ikuskizun bat antolatzen dugu eta horretarako aurrekontua lagatzen diogu jai batzordeari. Urtez urte, Covid-19a agertu arte ikuskizunak egin izan ditugu klubaren jaian (maiatzean), herriko jaietan eta baita gabonetan ere.

Hego Uriben ba al dago irristaketa librea praktikatzeko lekurik? Hego Uriben badira zenbait leku, eta klubeko umeek pista ez den edozein tokira badoaz, gurpilak aldatzen dizkiete euren patinei. Bestela, irristatzaileak Bilbora joan ohi gara.

Ikasle bat, patinak janzten // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak