→Ugao

Iñaki Garcia: “CERN partikula-azeleragailua da nire bizitza profesionalean gehien harritu nauen lekua”

Egun, Ingalaterran, Durham Universityn ari da irakasle Iñaki Garcia ugaotarra. Ibilbide nabarmena izan du Korden teoria deritzonaren inguruan ikertzen. Eta hori zer den? Berarekin luze berba egin du Mikel Garcia Martikorena kazetariak.

// Geuria

Iñaki García Etxebarria (Ugao, 1981) Korden teorian espezializaturik dagoen fisikaria da. Egun, Durham Unibertsitateko irakaslea da, Ingalaterran. Ugaotarra izan arren, azkar egin zuen salto nazioarteko bizitzara, Madriletik pasa ondoren. Lehenik, ikasketa nagusiekin ari zen bitartean, Danimarkan igaro zuen ikasturte oso bat, eta, bertan, bere pasioa ezagutu zuen: ‘Korden teoria’ izenekoa. Unibertsitateko lehen ikasketak amaitu ostean, doktoretza hasi zuenetik gaur egunera arte, ibilbide profesionalak hainbat herrialdetara eraman du: Pennsylvaniako Unibertsitatea (Amerikako Estatu Batuak), CERN partikula-azeleragailua (Suitza), Munichko Max Planck institutua (Alemania) eta, azkenik, Durham Unibertsitatea.

Zein izan da gehien harritu zaituen lekua?
Egon naizen lekuetatik, tokiari erreparatzen badiogu, CERN partikula-azeleragailua da bizitza profesionalean gehien harritu nauena. Lehenengoz bertan egon nintzenean makina erraldoia ikusi nuen: katedral baten tamainakoa. Izugarria. Gainera, makina hori detektagailu bat besterik ez da, ez da partikula-azeleragailu osoa. Pentsa! Han egin nahi dutena anbizio handikoa da. Inoiz eraiki den esperimenturik handienetako bat da, eta, bertan, materiaren eta unibertsoaren inguruko gai garrantzitsuei erantzunak bilatzen saiatzen dira. 

CERN. Zer da eta zergatik da hain garrantzitsua?
Suitzako eta Frantziako lurretan kokatzen da CERN. Eraztun forma duen eraikina da, barruan duen makinaren modukoa. Bertan, partikulak azeleratu egiten dira: protoiak edo urrezko partikulak, unean-unean ikertzen ari direnaren arabera. Eraztunean partikulak azeleratzen dira elkarrekin talka egin dezaten, eta talka hauek sortzen dutena da ikergaia. Partikula-azeleragailua osatzen duen eraztunak kilometroko luzera du, baina partikulak talka egiten duten puntua txikia eta zehatza da; hori dela eta, detektagailu erraldoia dago bertan. Izan ere, partikulak, elkarrekin talka egin aurretik, ia argiaren abiaduran jartzen dira. 

2012an ‘Higgsen bosoia’ edo ‘Higgsen partikula’ deritzona aurkitu zuten. Aurkikuntza garrantzitsua da fisikarentzat, horrek azaltzen duelako zergatik duen masa ezagutzen dugun materia orok. Kasu zehatz honetatik kanpo, eta ideia orokor bat hartzeko, bertan saiatzen dira naturaren legeak ahalik eta zehaztasun handienarekin azaltzen. Gaur egun, eta aspalditik, paper batean idatz ditzakegun lege batzuk ditugu, baina badakigu ez direla behin betikoak; partikula-azeleragailuaren bidez, pausoz pauso, legeetan aurrerapausoak ematen ari gara, behin betikoak izan daitezkeen legeetara gerturatuz. Laburrean eta zuzen esanda, jakintzak fintzea eta partikula berriak topatzea da bere eginkizuna. 

Munduan han-hemenka ibili zara.
Egon naizen herrialdeetatik esango nuke Alemania dela gurearekin alderatuta urrunen dagoena, kulturalki. Topikoa izan daiteke, baina Munichen eman nituen urteetan alemaniarrak gu baino zurrunagoak direla iruditu zitzaidan. Estatu Batuak ezberdinak dira: oso handia denez, herrialdean bertan oso gune desberdinak daude. Ni Philadelphian bizi nintzen, gure antzekoak direla esango nuke. Noski, oso ezberdina da Philadelphia edo Ugaon bizitzea, baina eguneroko harremanak ez dira hain ezberdina. Egia esan, banan-banan hitz egiterako orduan konturatzen zara danok antzekotasun asko ditugula leku guztietan. Komunitateak barnean duen kultura da ezberdintasun gehien eratzen dituena. Horregatik diot Alemania dela desberdintasun kultural handiena nabaritu dudan lekua.

Eta unibertsitateen artean ere ezberdintasun handiak daude?
Hemen, Ingalaterran, irakasleok ikasleei laguntza gehiago ematen diegula uste dut, hori da nire sentsazioa eta ni EHUn egon nintzen garaiko oroitzapena. Durhamen irakasleok ordu asko ematen ditugu ikasleen galderak erantzuten edo eurei zuzendutako tutorialak sortzen. Irakasle-ikaslearen arteko harremana estuagoa da. 

Ezberdintasun handiena da unibertsitateko lehenengo urtean ikasle oro college batean bizi dela, beste ikasle guztiekin. Unibertsitateak antolatu egiten du eta derrigorrezkoa da. Nire ustez, lehenengo ikasturtea horrelakoa izatea oso onuragarria da ikasleentzat: lagunak egiten dituzte eta unibertsitate giro batean murgildurik bizi dira. Izan ere, asko dira inor ezagutu gabe datozen ikasleak, eta lehen urte hau funtsezkoa da bakarrik ez egotearen sentsazioa kendu eta lagun taldeak sortzeko. 

Urte asko sorterritik kanpo. Zein da Ugaotik gordetzen duzun oroitzapenik onena?
Familiarekin egotea, noski. Eta, ziurrenik, frontoiaren inguruan jolastea. Ordu asko eman ditut haurtzaroan baloiarekin!

‘Korden teoria’ modu ulerkor batean azaltzerik badago?
Ea bada! XX. mendean bi iraultza nagusi izan ziren fisikaren eremuan: mekanika kuantikoa eta Einsteinen grabitatea. Baina bi hauek arazo handi bat dute: bateraezinak izan dira, behintzat, orain arte. Korden teoriak egiten duena da bi hauek elkartu. Teoriaren mugetan arakatuta, mekanika kuantikoa eta Einsteinen grabitatea kalkulatzeko balio du; eta, biak elkartzen direnean, adibidez, zulo beltzen kasuan, eragiketa matematiko eraginkorrak ahalbidetzeko. Hortaz, Korden teoria ezagutzen ditugun fenomeno fisiko guztiak hartzen dituen hizkuntza da. 

Eta zergatik da hain garrantzitsua?
Batetik, alde filosofikoa dago: zientzialari bezala hizkuntza unibertsal bat egotea nahi duzu. Inork ez du nahi teoria batzuekin esperimentu batzuk egin, beste teoria batzuekin beste batzuk, baina bi teoriak bateraezinak direnez, ezin modu sendoan aurrera egin. Hau da, orain arte esaten ari garena da gure ideiak ez direla guztiz egiazkoak, naturan jarriko bagenitu ez liratekeela sendoak izango, zerbaitetan okertu garela. Korden teoriak fisikariei aukera ematen digu esaten dugun guztia kontzeptualki trinkoa izateko. Jakin badakigu, esaldi berean Einsteinen grabitatea eta mekanika kuantikoa erabiltzen baditugu zerbait gaizki egiten ari garela. 

Bestetik, hizkuntza bateratua abiapuntua izan da Korden teoria garatu al izateko. Laurogeiko hamarkadan fisikarientzat motibazio handia izan zen hau. Garatuz zihoazen heinean konturatu ziren hizkuntza berri horrekin fisikan zeuden buruhauste askori erantzun bat topatzen zitzaiela.

Fisikari teorikoak baditugu Euskal Herrian?
Nire ikerketa-esparrua kontuan izanda, Korden teoria, beharrezkoa ikusten nuen atzerrira ateratzea. Gaur egun ez dut nire burua Ugaon ikusten, gustura nago Durhamen. Baina, bai, gurean ere badaude fisikariak eta onak gainera. Adibidez, Euskal Herriko Unibertsitatean fisika jorratzen duen talde on-ona dago, baina erakundeen aldetik laguntza gehiago jasoko balute, hobeto. Euskal Herrian oso proiektu polita dago, Ikerbasque izenekoa, baina nire ustez bultzada handia behar du. Ni egon naizen lekuetan finantzazio handiagoa dago, ikerlari gehiago kontratatu daitezke, kontratuen kalitatea hobetu daiteke edo konferentzia gehiago antola daitezke. 

XIX. mendean Lord Kelvinek esan zuen ezin zela ezer berririk aurkitu fisikan. Argi dago ez zela oso zorrotz egon egun hartan. Asko geratzen da esateko fisikaren eremuan?
Nire ustez, historiaren garai horrekin konparatuz, gaur egun dugun abantaila da jakin badakigula ezjakintasun handia dugula fisikaren esparruan. Zenbat geratzen den jakiteko oso adierazgarriak dira CERN zentroan erabiltzen ditugun bi zenbaki: Plancken eskala energetikoa eta LHCren eskala energetikoa. Batetik, Plancken eskala zulo beltzetan gertatzen dena adierazteko erabiltzen da, zeri buruz berba egiten ari garen jakin dezagun. Bestetik, LHCren eskala dugu eta honek balio digu Plancken eskala handitzeko, hau da, LHCren eskalari 1 balorea jartzen badiogu, hamabost 0 gehitu behar zaizkio Plancken eskalara heltzeko. Horrek adierazten duena da bide luzea dagoela fisikan eta bide hori egiteko dagoela.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak