→Ugao

Itziar Ayesta Isasi: “Kontzertuak baino, entseguak dira saiorik politenak”

Hamasei urtegaz hasi zen kantutan Itziar Ugaoko Sarea Abesbatzan eta ez du musikarik gabeko mundua imaginatzen. Ugaoko Gabonetako kontzertuaren ostean egon gara beragaz.

Ugaoko Sarea Abesbatzako sopranoa Itziar Ayesta Isasi // Geuria

Itziar Ayesta (Ugao, 1982), Ugaoko Sarea Abesbatzako sopranoa dugu eta 16 urte bete zituenetik abesten du (seme txikiak hala uzten dionean). Bizitzako azken bost urteak Zeberion eman baditu ere, aurrekoetan Ugaon bizi izan da eta koruaren sorreratik mantendu da bertan. 2021eko azaroan Fair Saturday-aren ingurua itxialdi osteko lehen kontzertua eskaini zuen abesbatzak eta abenduaren 17an, Ugaoko San Bartolome elizan Gabonetako Musikaldian. Egun hartan, elizako giroa berotu zuten Sareakoek, 60 pertsona ingururen aurrean Gabonetako abesti klasikoak eta Gabon kantak abestuz.

Urtea ondo amaitu zenuten, Gabonetako kontzertuagaz San Bartolomen.
Ondo ibili ginen, etxean jokatzen gainera! Bi zati bereizi genituen kontzertuan: abesti klasikoak lehen zatian eta Gabonetako kantak, bigarrenean. Erraz eta polita irten zen kontzertua, egia esateko.

60 pertsona inguru hurbildu ziren elizara. Zer deritzozu?
Elizak kantatzeko leku aproposenak dira, soinua ondo zabaltzen delako. Lagunak ekartzeko ez, ordea. Kontzertuak ditugun bakoitzean, kanpoan itxaroten naute koadrilakoek, tabernaren baten.

Gizon gutxi ikusi genuen aldarean.
Baxu bakarra daukagu abesbatzan, eta orokorrean oso gizon gutxi daude Ugaoko Sarea Abesbatzan. Kantatzeaz gainera, gizonak ez dira konpromisoak hartzera animatzen! (barreak). 

Urte dezente daramazu Sarea Abesbatzan, baina zergatik Ugaon eta ez Zeberion?
18 urte daramatzat abesbatzan, eta bost urte daramatzat Zeberion bizitzen. 

Nondik datorkizu kantatzeko grina hau?
Etxean betidanik kantatu dugu. Aitak bazkalostean betidanik kantatu du. Ni, Basauriko abesbatzara joatekoa nintzen txikia nintzenean, baina antza “gazteegia” nintzen. Antzina Ugaon bazegoen koru bat, baina desagertzeko zorian zegoen eta garai hartako alkateak abesbatza berreskuratzeko asmoa azaldu zuen. Garai hartan Sarea Sound System musikarien taldea jaio zen (ondoren elkarte bihurtuko zena), eta gaur egungo abesbatza elkarte horren barruan sortu zen.  

Abesbatzaren sorreratik zaude zu bertan. Non kantatu duzue?
Urte sabatikoak izan ditut nik, ez pentsa! (barreak). Baina tira, egia da Bilboko Begoña basilikako Udaberriko Kontzertuekin jarri ginela martxan. Ondoren Pijama Jaiak antolatu genituen, asteburuko irteerak leku batetik bestera koruko kideekaz eta hango eta hemengo abesbatzekaz trukeak egin izan ditugu urtez urte. Horrez gainera Italian ere egondakoak gara…

Itziar, San Bartolome elizan kantatzen Sarea Abesbatzarekin // Geuria

Kontzertu gogoangarririk ba al duzu buruan?
Ez zaizkit kontzertuak gustatzen niri!

Nola ez, bada?
Jende aurrean aritzea ez zait batere gustatzen. Txarto pasatzen dut. Kontzertuak baino, entseguak dira saio politenak, gure artean harreman sanoa daukagulako.

Non elkartzen zarete saioak prestatzeko?
Orain arte Ugaoko udal lokaletan. Normalean astean birritan elkartzen ginen bertan, baina pandemia honek ez digu uzten gaur egun. Gazteok agian ez ginen hainbestetan elkartzen; 15 egunero, kasu. (barreak).

Nolako perfila da abesbatzarena?
Jende nagusiarena. Berez, badago Sarea Txiki izeneko abesbatza, baina bertako kideek laster edo berandu joateari uzten diote, eta ez dakit zer dela-eta gertatzen den hori. Ni 16 urtegaz hasi nintzen abesten eta gaur egun bertan dihardut. Hala ere, bizitzak buelta asko ematen ditu eta gazteak hara eta horra doaz. Horrek ez du esan nahi Sarea Abesbatzan gazte onak egon ez direnik; bertako kide ohi bat Arriagako koru profesionalean dago, esaterako. Azken batean, nork bere denbora eta lehentasunak dauzka.

Eta nolakoak izan dira irakasleak?
Hainbat izan ditugu: Irma Rutkauskaite Egiluz, Ius Pérez eta Jose Ángel. Denekin oso ondo konpondu gara eta beti izan dugu ikasteko zerbait.

Pandemia ez dugu atzean utzi oraindik. Jendea gogotsu dabil kantatzeko?
Oso gogotsu dago, abesteko ‘mono’ izugarria izan dugu denbora honetan. Itxialdian Zoom saioak egiten genituen eta egia esateko, alde handia dago nork bere etxean praktikatzearen eta taldea elkartzearen artean. Koru batean abestea sentsazio oso gozagarria da

Gozoa bai, baina baita garratza ere musukoa jarrita kantatzeagatik, ezta?
Oso sentsazio txarra ematen du musukoak. Behin baino gehiagotan kendu behar izan dut arnasa hartzeko. Arnasa ez da era berean hartzen eta soinua ere beste modu batean botatzen dugu. Baina pandemian zehar ez dago kantatzeko beste modurik.

Zure kabuz abesten al duzu etxean?
Seme txikiak ez dit uzten (barreak), baina tira: nork ez du abesten autoa gidatzen duen bitartean?

Lokalean elkartu ezinik zaudete. Etxeko lanak dituzue, hortaz?
Irakasleek abestiak audio formatuan WhatsApp bidez bidaltzen dizkiete ikasleei. Jendea Ugaon zehar kaskoak jarrita txakurra paseatzen ikusten baduzu… Sarea Abesbatzako kidea izango da, ziur.

Itziar Ayesta Isasi // Geuria

Zein estilo duzu gogoko?
Jazzak txunditzen nau, baina horrek ez du esan nahi edonork abestu dezakeenik: kontuan izan behar da abesbatzako jende askok ez dakiela partiturak irakurtzen. Askok buruz ikasten dute dena. Horregatik ezin dugu edozein gauza abestu: abesti jakin batzuek lan mordoa dakarte.

Zelan ikusten duzue 2022a?
Gauzak nola dauden ikusita, ez daukagu batere argi. Beldurra daukagu. Abenduan beste kontzertu bat eman behar genuen Ermitabarrin, baina osasun neurri berriak direla-eta bertan behera geratu zen. Espero dugu Begoñako basilikan udaberri aldera kontzertua eman ahal izatea, behintzat.

Animatuko zenuke inor abesbatzan kantatzera?
Bai, noski! Nola ez, bada! Bertan kantatzeko ez dugu inolako ikasketarik eskatzen eta edonori emango diogu ongietorria. Abesteko gogoa da eskatzen dugun gauza bakarra!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak