→Ugao

Amak trikitilari laukoteak kontzertua emango du irailean Ugaon

Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kris Solanok osatzen dute Amak eta irailaren 12an Ugaon izango dira.

Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kris Solanok osatzen dute Amak // Argazkia: amaktaldea.eus / Arri Studioa

Amak musika taldeak kontzertua emango du Ugaon. Irailaren 12an izango da, herriko plazan. Baga Bigak eta taldeak berak eman dute Ugaoko kontzertuaren berri euren webguneetan. Oraindik zehaztu gabe dago zein ordutan izango den emanaldia.

Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kris Solanok osatzen dute Amak taldea, eta aurten kaleratu dute euren lehen diskoa. Xabi Solano Maizak ekoitzi du eta Anttoni Recordsen grabatu zuten 2021ko martxoan.

Nortzuk dira Amak?

Beti musika munduari lotutako lau emakumek osatzen dute Amak taldea:

Alaitz Telletxea. ‘Alaitz eta Maider’ trikiti bikoteko kidea (1989-2004). Besteak beste, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari izan zen 2006-2009 artean. Gaur egun, musika irakasle moduan ari da lanean.

Maixa Lizarribar. ‘Maixa eta Ixiar’ taldeko kidea (1989-1999). 2002an bakarkako disko bat plazaratu zuen. 16 urterekin hasi zen trikitixa eta pandero irakasle bezala eta hala dihardu gaurdaino Loatzo Musika Eskolan eta Arrasateko Trikitixa Eskolan.

Amaia Oreja. Ixiar Oreja bere ahizparekin batera txapelketetan aritu izan zen. Kristina Solanorekin batera ‘Kristina eta Amaia’ eta ‘M-n Ezten’ taldeetan ibili ziren.

Kristina Solano. Bihotz Forkada panderojolearekin hasi zen plazetan, baina Amaia Orejarekin jardun zen 10 urtez ‘Kristina eta Amaia’ eta ‘M-n Ezten’ taldeetan. 2004an Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuen ‘K.S.’ bere taldearekin eta Fermin Muguruzaren ‘Kontrabanda Komunikazioa’ Tour-ean ere parte hartu zuen. Xabi Solanoren arreba da. ‘Esne Beltza’ taldearen eta bere anaiaren zenbait diskotan kolaboratu du ahotsa jarriz edo panderoarekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak