→Ugao

274 langabe erregistratu ditu ekainean Lanbidek Ugaon, iaz baino 60 gehiago

274 langabetu daude Ugaon, iaz baino 60 gehiago. Langabezian dauden emakumeak 145 dira eta gizonak 129.

Azken lau hilabeteetan 65 langabe gehiago zenbatu dituzte, baina joera apaldu egin da // Argazkia: Geuria

Lanbidek argitaratu dituen ekaineko datuen arabera, 274 langabetu daude Ugaon, iaz baino 60 gehiago. Langabezia-tasa % 13,2koa da, iaz baino 3 puntu gehiago. 274 langabetuen kopurutik 145 emakumeak dira (% 15,2) eta 129 gizonak (% 11,5). Aipatzekoa da azken urtean % 55,42 igo dela langabezian geratu diren gizonen kopurua (2019an 83 gizon langabezian); emakumeen kopuruak % 10,69 egin du gora (14 gehiago).

Adinari dagokionez, 25 eta 44 urte bitartekoen tarteak ditu langabetu gehien, 135rekin (70 emakume eta 65 gizon). 45 urtetik gorakoen tartean 116 langabetu daude: 65 emakume eta 51 gizon. Azkenik, 25 urtetik beherakoen kasuan, guztira 23 langabetu daude: 13 gizon eta 10 emakume.

Iazko ekainetik % 28,04 igo da langabezia-tasa Ugaon (60 langabe gehiago). Zehazki, 2019ko ekainean 214 ziren langabezian zeudenak (% 10,2). Bizkaian langabezia-tasa % 14,6an dago eta EAEn % 13,5ean.

Hiletik hilera

Iaztik gaur egunera bitartean egon den gorakadak Covid-19aren pandemiarekin du zerikusia. Pandemia hasi aurretik, 2020ko otsailean, 209 langabetu zeuden Ugaon. Azken lau hilabeteetan 65 langabe gehiago zenbatu dituzte, baina joera apaldu egin da.

Hilabetetik hilabetera hau izan da langabeziaren bilakaera Ugaon: otsailetik martxora 22 langabe gehiago erregistratu zituzten Lanbiden, martxotik apirilera 26 gehiago, apiriletik maiatzera 12 gehiago, eta maiatzetik ekainera 5 gehiago.

6.793 langabe eskualdean

Lanbidek publikatu dituen datuen arabera, ekainean 6.793 langabetu zenbatu dituzte Hego Uriben. Eskualdean Basaurin daude langabetu gehien (3.178, % 16,7), Galdakaoren (1.707, % 11,7), Arrigorriagaren (777, % 12,6), Etxebarriren (677, % 11,2), Ugaoren (274, % 13,2), Zaratamoren (121, % 14,5) eta Zeberioren (59, % 10,6) aurretik.

📊 DATUAK | 6.793 langabetu daude ekainean Hego Uribe eskualdean, maiatzean baino 95 gehiago

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak