→Ugao

Herriko merkataritza gazteengana gerturatzeko merkatua antolatu dute Ugaon

Jardunaldiaren helburua da Ugaoko gazteek herriko saltoki txikiak ezagutu ditzatela, “inguruan dituzten negozioak zeintzuk diren, non dauden eta horien atzean zein pertsona dagoen”, diote merkatarien elkartetik.

Herria alderik alde zeharkatzen duen Udiarraga kalea / Geuria

Ugaoko Merkatarien Elkarteak, Udalarekin eta Bizkaidendarekin elkarlanean, gertuko kontsumo arduratsuaren inguruko jardunaldia antolatu du datorren azaroaren 16an, larunbatean, Gernika plazan. Jardunaldiaren helburua da Ugaoko gazteek herriko saltoki txikiak ezagutu ditzatela, “inguruan dituzten negozioak zeintzuk diren, non dauden eta horien atzean zein pertsona dagoen”, diote merkatarien elkartetik.

Larunbateko ekitaldiak bi ardatz izango ditu. Lehena, Gernika plazan egingo duten merkatua, 11:00etatik aurrera: Ugaoko Merkatarien Elkarteko merkatarek hamar stand jarriko dituzte bertan, gazteei euren jardunaren eta egunerokoaren berri emateko. Horien artean izango dira Josu arraindegia, Rosa fruta-denda, Eguia harategia, Spira.l pilates estudioa, Patxes gozotegia, Oihane-Goya-Jani-Zorione ile-apaindegiak eta estetika zentroak, Ugao-Danubius-Dr. Burgos dentistak eta Zu ta Biok parafarmazia, baita tabernen txokoa ere (Zelai, Aker, Guria, Lurdes, Patxi, Anaiak Berri, Lainoa, Beti Alai, Dorretxea eta Jatorrak). Merkatuak iraun bitartean dendariak izateko aukera izango dute gazteek, bai eta horietako bakoitzean antolatutako tailerrez, jokoez, photocallaz edota puzgarriez gozatzeko ere.

Azoka prestatze aldera, herritarren laguntza eskatu du Merkatarien Elkarteak. Jadanik erabiltzen ez dituzten jostailuak uzteko eskatu diete bizilagunei: “Umeek ere parte hartu ahal izateko, merkatu dotore bat prestatzen ari gara. Erabiltzen ez dituzuen jostailuak behar ditugu: pisatzeko balantzak, kutxa erregistratzaileak, bingoak… Norbaitek izatekotan eta gure oparitzekon prest egongo balitz, eskertuko genioke!”, diote merkatariek.

MERKATARIEN GIMKANA

Larunbateko bigarren ardatza umeei zuzendutako “Merkatarien Gimkana” izango da. Jolas honen bitartez herriko gazteenek Ugaoko saltokiak eta zerbitzuak bertatik bertara ezagutzera animatu nahi ditu elkarteak. Sei urtetik aurrerako edozein gaztek har dezake parte gimkanan eta asmoa 10 pertsonaz osatutako taldeak sortzea da. Monitore baten laguntzaz ematen zaizkien pistak asmattu beharko dituzte dena batetik bestera mugitu ahal izateko. 12:00etan hasiko dute gimkana.

Azaroaren 16ko jardunaldia “Ugao Shopping” kanpainaren barruan kokatua dago. Ugaon erosteak eta kontsumitzeak duen garrantziaz ohartarazi nahi ditu herritarrak ‘Ugao Shopping’-ek, eta horretarako zenbait ekimen burutuko ditu abendura bitartean. Dagoeneko burutu dira horietako batzuk: iragarkiak, saltokietan jarritako pegatinak, gida-komertzialak… Urtea bukatu baino lehen “Ugaobono” ekimena martxan jartzea aurreikusten dute ere, 10.000 euroko aurrekontuarekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak