→Ugao

Kiroldegiko eta zabor bilketen tasak igo ditu Ugaoko Udalak 2022ra begira

Urriaren 26ko Osoko bilkuran 2022ko ordenantza fiskalak onartu zituen Ugaoko Udalak EAJren aldeko zazpi botoekin eta EH Bilduko kontrako laurekin

Ugaoko udaletxea // Geuria

Urriaren 26ko Osoko bilkuran 2022ko ordenantza fiskalak onartu zituen Ugaoko Udalak EAJren aldeko zazpi botoekin eta EH Bilduko kontrako laurekin.

“2022an tokiko administrazioak 2020an baino 533.000 euro gehiagoko hitzartutako gastuari aurre egin behar izango dio, eta 2021ean baino 245.000 euro gehiagori”, azaldu du Ugaoko Udalak prentsa ohar baten bidez. Horrela, igoera nagusiak kiroldegian, kale-garbiketan, hiri hondakin solidoen bilketan, EISEn eta gizarte zerbitzuen indartzean izango dira: kiroldegiaren kasuan, 288.704 euro gehiago ordainduko dira 2021ean eta 2022an 293.704ra igoko da gastua. “Zerbitzuak aurrera egin duela ikusi dugu EH Bildutik eta benetan eskertzekoa da hori”, azaldu zuen EH Bilduko Aritz Millan zinegotziak. “Baina aurreko urteetan igoera bat aplikatu zen eta legegintzaldi osoa daramagu igoera aplikatzen eta ez dugu duina ikusten igoera berri bat egitea. Aurreko urteetan kontra bozkatu badugu ere, aurten, zerbitzuen hobekuntza hori ikusita abstenituko gara”. Honen aurrean, Ekaitz Mentxakak 2021ean tasen igoera egon zela aitortu zuen: “Azaldu genuenez, oso zentimo gutxikoa izan zen. 145.000 eurotik 436.000 eurora igo da kostua, kiroldegian egindako hainbat inbertsiogatik. Hala ere, %3ko igoera horrekin ezer gutxi kubritu dezakegu. Tasak igotzen ez baditugu, hurrengo lizitazioan Udalak diru gehiago jarri beharko du, gastu eta diru-sarreren diferentzia handituko delako”, arrazoitu zuen Ugaoko alkateak, eta gogorarazi zuen Udalak bere gain hartzen duela kiroldegiko gastu osoaren %76a: “Kiroldegira goazen erabiltzaileok kostu osoaren %24a ordaintzen dugu. Baliteke urteek aurrera egin ahal diferentzia hori handiagoa izatea”.

Kale garbiketaren kasuan, gastua 160.000 eurora igoko da; hiri hondakin solidoen bilketan 60.000 eurora; EISEri dagokionez, “Arakaldo, Arrankudiaga, Zeberio eta Ugaoko Udalek psikologo bat kontratatzea aurreikusten dute hurrengo lizitazioan, ziurrenik lanaldi erdian. Ugaoko urteko kostua 20.000 euro ingurukoa izango dela kalkulatu da“, azaldu du Udalak.

Bestalde, osoko bilkuran azaldu zen doikuntza nagusietako bat Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) tasa %1,5 murriztea izango dela. “Murrizketa honek Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusten duen katastro-balioaren eguneratzea orekatzea ahalbidetuko du. Neurri honen bidez, gobernu taldeak eguneratze horrek familia ugaotarrengan izan dezakeen eragina murriztu nahi du”.

“Argi dago diru-sarrera arruntek nekez estaliko dituztela gastuak, bereziki Udalkutxa funtsetik datozen diru-sarrerak nabarmen murrizten diren urteetan, azken urteetan hainbatetan gertatu den bezala”, azaldu du Ugaoko Udalak. “Era berean, gogorarazi behar da Covid aldi oso zaila izan dugula, eta diru-sarrerak asko jaisteaz gain, Udalak pandemiak eragindako ustekabeko gastuei aurre egin behar izan diela. Osasun-larrialdiko egoeran, Udalak 200.000 euro baino gehiago inbertitu ditu gehien zigortutako sektoreak suspertzeko neurrietan“, arrazoitu du.

Hala ere, datorren urtari begira Udalkutxako datuak itxaropentsuak direla azaldu zuen Arkaitz Mentxakak: “Uste baino hobeagoak dira 2022ko datuak eta aurten baino 641.000 euro gehiago jasoko ditu Ugaok. Hala ere, albiste hau abisu bezala interpretatu behako genuke: hilabete kontuan aurrekontu batek aldatzeko duen gaitasunaren seinalea da. Beste hitz batzuetan azalduta, aurten 641.000 euro gutxiago izan ditugula esan nahi du horrek”.

Herritarrak, Ugaotik paseoan // Geuria

311,68ko presio-fiskala

Bizkaiko Foru Aldundiaren arauaren arabera, zenbat eta presio fiskal handiagoa, orduan eta gehiago jasotzen du udalerri bakoitzak Udalkutxa funtsetik. Zergen igoera ikusita, Arkaitz Mentxaka Ugaoko Alkateak azaldu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako azken datuen arabera Ugao Bizkaiko zerga-karga txikienetako udalerria dela: “Ugaoko presio-fiskala 311,68 eurokoa da. Udalerriaren antzeko udalerriek (2.000 eta 4.999 biztanle artekoak) 597,03 euro ordaintzen dute batez beste (hau da, % 91,55 gehiago), eta Bizkaikoek (521,37 euro, %67,28 gehiago). Bizkaiko 112 udalerrietatik 89 udalerritan Ugao-Miraballesen baino zerga eta tasa gehiago ordaintzen dira (presio fiskala Ugaon baino txikiagoa duten 21 udalerrietatik, 3 udalerrik bakarrik dute hiribilduak baino biztanle gehiago; beraz, zerbitzu gutxiago ematen dituzte, eta, beraz, ez dute gehiago biltzeko beharrik)”.

“Nahiz eta presio fiskalaren irakurketa era positiboan ikusi, eta horrela adierazi adostutako puntuetan, ezin diegu herritarrei urte gogor honen ostean ahalegin gehiagorik eskatu”, azaldu zuen EH Bilduko Xabier Zaballa de la Fuente zinegotziak. “Zaborren tasan  ikusten dugu gobernu taldearekiko ezberdintasunik handiena, izan ere, tasa honen bilketarekin 29.000 euro bilduko genituzke Udal Gobernuaren proposamenean, eta diru kopuru hau, aurten, udalak bere gain hartzea posible ikusten dugu. Honengatik guztiagatik kontrako bozka emango dugu”. Zinegotziak azaldu zuen 2022tik aurrera tasa eta zergen inguruko igoera bat adosteko prest egongo litzatekeela EH Bildu “baldin eta hauek modu mailakatu eta orekatuan egingo diren bermea izango bagenu”.

Zerga batzuk % 2 igoko dituzte Etxebarrin, lau urtez izoztuta egon ondoren

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak