→Ugao

Aine, Ameba, B.O.T.H, Rukula eta Gwa Ya taldeen kontzertuek Ugaoko VI. Sarea Festeko kartela osatuko dute

‘Musikaren birusak harrapa gaitzala’ lelopean, Sarea Festaren seigarren edizioa prestatu dute datorren ekainaren 4an, Ugaoko kaleetan zehar. Aurtengo kartela Aine, Ameba, B.O.T.H, Rukula eta Gwa Ya taldeek osatuko dute.

AINE Ugao eta Arrigorriagako neska gazte bik osatutako taldea dugu. Doinu akustiko eta hots ederrak dituzte Ane eta Ainhizek.

AMEBA taldeak zazpi kantuz osatutako ‘Elikatuz’ (2021) lana aurkeztuko digu Sarea Festean. Taldearen hitzetan, “emakumeen eta gazteen ikuspegitik egindako kantuak dira ‘Elikatuz’ diskokoak, taldea bera ere gaztea delako”.

B.O.T.H. Hego Uribeko laukote batek osatzen duen hardcorea taldea da. Momentu honetan euren aurkezpen txartela izango den diskoa grabatzen ari dira Txarraska gaztetzean, Bajo Presióneko Gorkagaz.

RUKULAk funka, rocka, stoner eta technoa lantzen dituzten disko bi dakartza Usurbil eta Lasarte-Oriatik, ikusentzuleak zutik eta dantzan jartzeko aproposak.

GWA YAk reggaez girotuko ditu herriko kaleak, eta ez hori bakarrik: jazz, ska, latino eta funkyko ukituak emango dizkiote herriari ere.

Kontzertuez gainera musika azoka ere antolatu dute DJ Ak & L.A Woman DJek girotuta. AK DJk rockandroll, punk, garage, rockabilly eta phychobillya pintxatuko ditu besteak beste. La Womanek, punka landuko badu ere, rock oldies, soul, do-woop eta rocksteady estiloetan murgilduko du publikoa.

Orkestra ere izango dugu herrian zehar: “Sarea Fest, egun osoko jaialdia da. Bertan, goizean hasita, herriko kaleak musikaz betetzen ditugu; orduro kontzertu bat egoten da kale batean, taberna baten alboan, eta amaitu bezain laster hurrengoa hasiko da herriko beste kale batean“, azaldu dute Sarea Fest jaialditik.

Orduz-ordu

Kontzertu guztietara garaiz heldu ahal izateko hurrengo programa argitaratu dute antolakuntzakoek:

  • 12:00-15:00 | Musika azoka 3 hodietako iturrian, DJ Ak & L.A Woman DJek girotuta
  • 12:00 | Orkestra (azokatik irtenda)
  • 17:00 | Aine, Zelai tabernan
  • 18:00 | Ameba, Lourdes-Patxi tabernetan
  • 19:00 | B.O.T.H, Felipe-Kabia tabernetan
  • 20:00 | Rukula, Lainoa-Aker tabernetan
  • 21:00 | Gwa Ya, Dorretxea-Nerbion tabernetan

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak