→Ugao

Arey Seoane Rubio: “Oso etxezaleak gara eta ez dugu gure lana behar bezala promozionatzen”

Ugaoko Susterbaks punk rock taldeko Arey Seoane Rubio (Ugao, 1985) gitarra-jotzaile ugaotarragaz berba egiteko aukera izan dogu Ugaoko lokaletan. Taldekidez inguratuta, bere ibilbideaz, gustuez eta herriagaz duen harremanaz egin dogu berba eta Ugaoko lokalera talde osoagaz hurbiltzeko aukera ere izan dogu

Arey, taldeagaz, Ugaoko entsegu lokalean // Geuria

Ugaoko Susterbaks punk rock taldeko Arey Seoane Rubio (Ugao, 1985) gitarra-jotzaile ugaotarragaz berba egiteko aukera izan dogu Ugaoko lokaletan. Taldekidez inguratuta, bere ibilbideaz, gustuez eta herriagaz duen harremanaz egin dogu berba eta Ugaoko lokalera talde osoagaz hurbiltzeko aukera ere izan dogu. Talde-argazkia egitean “serioak ematen dogu” kexatu da Txemi abeslaria eta komentarioak barreak sortu ditu taldekideen artean, bandaren izaera ‘parrandero’ hori azaleratuz. Pandemiaren zenbakiek behera egin ahala, kontzertuak antolatzen hasi dira ugaotarrak eta apirilaren 8an, Gazte Egunaren bezperan, emanaldia eskaini zuten Ugaoko Felipe tabernan.

Arey, taldeagaz Ugaon // Geuria

Nola murgildu zinen musikan? Musikarekin beti harreman estua izan dut. Nire aita oso musikazalea izan da betidanik: gitarra jotzen zuen hark ere eta haren musikarako gustuaren lekuko hori gaztetatik hartu izan dut. Eszenatokira igotzearena, berriz, Feos Pero Majos taldearekin hasi zen. Ugaoko jaietan hirugarren kontzertua prestatzen ari zirela, parte hartzeko aukera eman zidaten, eta handik gutxira Ugaotik kanpo kontzertuak emateko erabakia hartu genuenean, hainbat lekutan jotzen hasi ginen. Egun horietan, koruak egiten eta “abesten” nuen, ez nuen instrumenturik jotzen.

Baina gitarra da zure instrumentua. Nolakoa da zure gustua korden mundu zabal honetan? Gitarra klasikoa bada be, ez nuke alde batera utziko, askotan gitarra klasikoan ateratzen baititut entseguetara eroaten ditudan ideiak. Gitarra edozein estilotan gustatzen zait. Nire gitarra kuttuna Les Paul standard bat da, horia, beti gustatu izan zait kolore eta forma hori eta erosi nuen lehen gitarrak forma berdina zuen. Baliteke kontzertuetan soinu “potoloena” zeukaten taldeek gitarra horiek erabiltzen zituztelako izatea ere. Baina guztira 6-7 bat izango ditut: klasikoa, akustikoa, lehen gitarra elektrikoa, aitarena. Erosi dodan azkenengoa Fender Stratocaster american standard bat izan da, grabaketetan soinu ezberdin bat ateratzeko, entseguetan zein zuzenekoetan.

Zer nolako musika entzuten dozu? Rock taldeak entzuten ditut batez ere. Euskal talde asko: Su ta Gar, Governors, Soziedad Alkoholika, Ekon, EH Sukarra, Etsaiak, Latzen, Cicatriz, Anestesia, Berri Txarrak … Eta kanpoko talde pilo bat ere: Wolfmother, Queens of the Stone age, Muse, AC/DC, Deftones, Motorhead, Royal blood, Judas Priest, Slayer, Queen, Helloween, Ramones… Danetarik apur bat.

Plataforma digitalen zalea zara? Bai, gaur egun ezingo nintzateke bizi kotxean Spotify jarriko ez banu. Gainera, faboritoen zerrenda zabala dudan arren, beti agertzen da gomendatutako artista berriren bat harritzen eta erakartzen nauena.

Nola hasi zen zure ibilera Susterbaksen? ‘Txapa Ta Pintura’ taldeko ibilbidea amaitutzat eman genuenean (jaiotza-hileta baten ostean eta lan kontuak medio), taldean geunden hiru lagunek entseguak egiten jarraitu genuen musika egiteko eta kontzertuak emateko gogoz geundelako. Hortaz, talde berri bat egitea erabaki genuen, baina bertsioak jo beharrean, gure letra eta musika egiten hasteko ideia argiarekin. Ez zen eztabaida askorik egon: horretarako, taldea osatzeko behar genituen lagunen bila aritu ginen denbora baten, eta denbora gutxiren ostean bueltan ginen izen eta ideia berri horrekin. Gainera, ikuskizuna egiteko nahia ez genuen deuseztatu eta hori egiten saiatzen gara: musikaz gain, show-a, harridura edo barre batzuk ateratzea be.

Nolakoak dira taldeko partaideak? Gaur egungo taldea Arrigorriagako Xabik (gitarra), Aretako Ortzik (bateria) eta Ugaoko Aitorrek (baxua), Txemik (ahotsa) eta ni (gitarra) osatzen dugu. Nire ustez oso talde kuriosoa gara: adin, pentsakera, jarrera eta gustu musikal oso ezberdinak bateratzen ditugulako eta abestietan igartzen da. Horregatik, ezingo nuke taldea rock musika estilo baten barruan sartu abesti guztiak ezberdinak direlako.

Susterbakseko kideak, udal lokaletatik gertu // Geuria

Nola ezagutu zenuten elkar? Aitor eta biok betidanik ezagutu dugu elkar. Ugaotarrak gara biok eta elkarren artean urtebeteko aldea besterik ez dugunez, eskolan zein kalean elkarrekin egondakoak gara. Hala ere, harreman estuagoa dugu Pulmon Negro taldean batera egon ginenetik. Handik aurrera, jo dodan talde guztietan Aitor egon da beti, lehenago edo geroago. Txemi Galdakaotik datorren ugaotarra da. Ainhoa eta Janire Etxaberekin bertsio talde proiektu bat sortzen ari ginela, nork abestuko zuen ez genekien eta Ainhoak Unai eta Txemi ekarri zituen entsegu batera (‘Txapa ta Pintura’ko abeslariak bilakatuko zirenak).

Handik denbora batera neskek taldea utzi zuten eta ‘Txapa ta Pintura’ ofizialki sortu zan. Xabik eta Txemik kontzerturen bat ikusten ezagutu zuten elkar. Susterbaks taldea osatzeko kideen bila genbiltzala, entsegu batera gonbidatu zituen Txemik Xabi eta Gorka. Azken honek aspaldi utzi zuen taldea, baina Xabi gurekin geratu da orain arte. Soloak gehienbat hark egiten ditu. Ortzi eta biok hainbat lekutan egin dugu topo, batez be Laudioko tabernetan gazteagoak ginenean.

Lagun amankomunak ditugu eta gure taldeen kontzertuak ikusten aurkitu gara askotan. Behin alkarregaz jo gendun laudioko gaztetxean Atxurre (bere taldea) eta Txapa ta Pintura. Atxurre taldea jotzeari utzi ziotenean, eta Susterbaksen batería baten falta genuenean, berarengan pentsatu eta entsegu batera gonbidatu nuen.

Zein lekutan egiten dituzue entseguak? Ugaoko musika lokaletan entsaiatu izan dugu beti, baina kanpora egin behar izan dugu eta momento hontan Laudion gabiltza udaletxeak hartutako covid neurrien ondorioz. Izan ere covid-a agertu zenetik, lokalen funtzionamendua bertan behera geratu zen. Neurriak arintzen joan diren heinean lokalen inguruan ez da aurrerapausorik eman azkenengo bi hilabetera arte eta momentu honetan bueltatzeko prozesuan gaude. Normalean, astean behin lotzen gara zarata ateratzeko.

Non ibilitakoak zarete? Egia esan, ez dugu gure burua behar bezala promozionatzen, oso etxezaleak gara eta gure eskualdean mugitzen gara batez ere (Laudio, Ugao, Arrigorriaga…). Horrek ez du esan nahi eskualdetik kanpo jotzeko gogorik ez dugunik: noizean behin kanpoan kontzerturen bat eman izan dugu (Bilbo, Balmaseda, Leioa…) baina ez da ohikoena.

Ba al dago jotzea gustatuko litzaizukeen lekurik? Pertsonalki ez dut halako ametsik izan, gustura jotzeko edozein leku iruditzen zait aproposa. Hala ere, taldeko baten bati galdetzen badiozu, Azkena Rock Festivalean jotzea gustatuko litzaiokeela erantzungo dizula uste dut, hainbeste aldiz publiko bezala egon ostean… Neu ere prest egongo nintzateke.

Nolakoa da Ugaogaz dozuen harremana? Ugaoko herriarekin harreman bikaina dugu, kontzertuetara jende ugari hurbildu da, herrikoa zein inguruetakoa, eta hori beti benetan eskertzekoa da.

Udalagaz, ostera… Gatazkatxo bat izan genuen, aspaldi. 2018ko ekainaren 16ko Sarea Fest jaialdian, beste leku askotan egin dogun bezala, “arde arde el puto alcalde” dioen abesti bat jo genuen.
Orduan, 2019ko Jai Batzordean Ugaoko gazteek gure taldea proposatu zutenean, garai hartako kultura zinegotziak proposamen horren kontra egin zuen aurreko kontzertu horretan, aipatutako abestiarekin, Ugaoko alkatea iraindu genuela argudiatuz. Ondorioz, jai horietan jotzeko aukera bertan-behera geratu zen. Azalpen bila jo genuenean, alkatea ez genuela iraindu argi utzi genuen.
Horregatik, Sarea elkarteak 2019ko Sarea Festen errepikatzeko aukera eman zigunean komunikatu bat irakurri genuen, gertatutakoa azaltzeko. Hau da: Ugaoko kultura zinegotziak jai batzordean, herriko musika talde baten kontra egin zuela Jai Batzordearen iritzia aldatuz, eta ondorioz batzordearen erabakian eraginez. Gure ustez, hori beto ala “kazikada” bat izan zen argi eta garbi eta horrela salatu genuen. Udalaren esanetan berriz ez zen betoa izan, “erabaki puntuala” baizik. Gaur egun ahaztutzat emango dute, baina gure taldeari egin zioten bezala, beste talde bati egin ahal izango diote eta hori penagarria iruditzen zait.

Nolako musika eskaintza dago herrian? Herri oso musikazale eta parranderoa dugu Ugao eta aukera ematen danean dana emateko gogoarekin gaude beti. Esanguratsuak dira Sarea Sound Systemeko Sarea Fest jaialdietan biltzen den jende piloa, musikari zein talde mota ezberdinekin (rocka, jazz, rap, …) Argi dago ugaon jendeari musika gustatzen jakola eta musika taldeak ikusteko mugitzen garela. Taldekoek ere halako zaletasuna eskertzen dugu.

Joan den urtarrilean Herri Txiki Infernu Handi saioan izan zen Txemi. Zer sentitzen da herria nolabait ordezkatzea telebista kate autonomikoaren bidez? Oso harro sentitzen gara gure abeslariaz, ta barre batzuk egin genituen Txemiren kontura. Hala ere gure taldearen eta herriko beste taldeen izenean pairatu dugun musika lokalen etenaldi luze hori salatzea eta programan agertzea falta zela uste dut.

Susterbaks // Geuria

Gatazkaren inguruan…Udalak, ostera, taldearekin harremanik izan ez duela dio. “Jai Batzordeak askatasun osoz hartutako erabaki baten kontra egiten ari dela musika taldea, eta Udala horren erantzunle egiten duela”, azaldu zuen Udalak. Ordutik, beste bi aldiz kontratatu du Udalak Susterbaks: 2019an Sarea Festen, eta 2021eko irailean Jai Batzordeak berak kontratatu zuen. Azken honetan, kontzertua baino apur bat lehenago ez jotzea erabaki zuen taldeak bere kabuz, “agian Udalaren, eta azken batean, Jai Batzordearen eta herriaren beraren errenbatxa gisa. Hortaz, badirudi arazoa taldearena dela Udalarekin, eta ez, alderantziz”, azaldu du udal gobernu taldeak.
Elkarrizketa bukatzeko hizka-mizka ederra eskaini digute batetik eta bestetik. Herri txiki, infernu handi!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak