→Ugao

The Smoke Dealers: “Kontzertuetan publikoa eserita ikustea benetan zaila egiten zaigu”

The Smoke Dealers banda Ugaoko jaiak izan behar ziren astean izan genuen institutuko pistan rock amerikarraren erakustaldi berezia eginez. Berezia, koronabirusak eragindako egoera dela eta kontzertua egunez hasi zutelako. Berezia, bertara hurbildu ziren jarraitzaileek aulkietan eserita eta Eusko Jaurlaritzaren osasun neurriak jarraituz ‘gozatu’ behar izan zutelako kontzertua

The Smoke Dealers, Ugaoko kontzertuko soinu probetan // Geuria

The Smoke Dealers banda Ugaoko jaiak izan behar ziren astean izan genuen institutuko pistan rock amerikarraren erakustaldi berezia eginez. Berezia, koronabirusak eragindako egoera dela eta kontzertua egunez hasi zutelako. Berezia, bertara hurbildu ziren jarraitzaileek aulkietan eserita eta Eusko Jaurlaritzaren osasun neurriak jarraituz ‘gozatu’ behar izan zutelako kontzertua (gogoratu beharrekoa da udan kontzertuak eserita ikusi behar zirela). Garai arraroak dira musikarentzat oro har eta rock ‘n rollarentzat bereziki, momentura arte zutik eta eskuan garagardo batekin dantzan ikusten ziren kontzertuen ideia iraganeko ilusioan geratu baita. The Smoke Dealerseko Ibai Arangurenekin taldeaz eta gaur egungo egoeraz berba egiteko eta argazki batzuk atzerako aukera izan genuen kontzertu hura hasi baino lehen.

Zer da The Smoke Dealers bezalako talde batentzat Ugaoko jaietan jotzea? Kar, kar, kar, kristoren urduritasuna eta plazera, noski . Hiru taldekideen herria izanik lagun asko izan genituen inguruan, eta pozik gaude.

Susterbaksek azken momentuan kale egin bazuen ere, B.o.t.h taldearekin aritu zineten eszenatokian. Elkar ezagutzen duzue? Bai, denok ezagutzen dugu elkar. Susterbaksekin pare bat kontzertu egin ditugu eta B.o.t.h.-eko Beñat ere ondo ezagutzen dugu. Guztiak dira musikari estimatuak guretzat. Gainera, gaur arte, Susterbakseko Aitor Bizkarguenaga baxu-joleak gurekin batera jo du. Ugaokoa azken kontzertua izan zuen gurekin. Pena handiz agur esan behar diogu. Bere falta asko sumatuko da taldean, izugarrizko musikari eta laguna da.

Zenbat denbora daramazue musika egiten? Musika txikitatik jo izan dugu taldeko partaide guztiok. Borjak (bateria-jotzaileak), talde askotan jo izan du. Aipagarrienak Lur eta Radio Revolucion dira. Josebak eta Ibaik, bestalde, talde bat eratu zuten 14 – 15 urterekin. Josebak beti jotzen jarraitu du eta soinu eta argi teknikari moduan lan egin du hainbat kontzertutan, nahiz eta talde batean ez jo. Ni Fetitxerekin nabil, Aitor Susterbaksekin… baina aurretik ere beste talde batzuetan aritu da (Txapa ta Pintura, etabar).

Ibai, alde handia dago Fetitxe eta The Smoke Dealers proiektuen artean? Bai, noski! The Smoke Dealersen rock’n’roll klasikoa egiten dugu eta gehienbat ereserki ezagunak egiten saiatzen gara (Rolling Stones, Oasis, Nirvana, Jimi Hendrix…) Proiektu honekin betiko musika erreferenteak berpiztea dugu helburu. Fetitxen, ordea, erritmo gogorragoak jorratzen ditugu, eta hasieratik geure abestiak konposatzen hasi ginen.

Nola igaro zenuten itxialdiaren etapa hau eta nola itzuli zarete koronabirusak mugatutako errealitate berri honetara? Covid pandemiak izugarrizko zailtasunak eragin dizkigu. Entseguak egiteko beste herri batera mugitu behar izan gara, kontzertu batzuk bertan behera gelditu dira, eta abar. Gainera, egin ditugun kontzertuetan publikoa eserita eta geldi ikustea benetan zaila egiten zaigu. Gure asmoa, kontzertuetan publikoarekin batera ondo pasatzea da.

Covid-19ak aldez aurretik zegoen musika-panorama zaildu du edo berdin jarraitzen du egoerak? Noski, egoera honetan talde txikientzat oso zaila da entseatzea eta kontzertuak topatzea. Eskerrak tunelaren amaierako argia ikusten hasi garen.

Nola ezagutu zenuten elkar? Aitor, Joseba eta Ibai ugaotarrak izanik, txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar. Borja Laudiokoa da eta nerabezaroan ezagutu genuen, bere herrira joaten baikinen lehenengo parrandak egiteko.

Nola definituko zenukete The Smoke Dealers? Rock klasikoa egiten dugu, eta helburua gustatzen zaizkigun abesti ezagunak oholtzara eramatea da.

Gero eta bertsio talde gehiago ikusten dira gaur egun eszenatokietan. Zergatik da hain eraginkorra talde hauen formula? Gurea helburua ez da dirua egitera doan talde tributo batena, gure pasioa den musika mota partekatzea baizik. Egia esan ez dugu uste gure moduko talde asko dagoenik gure artean. Beste herrialde batzuetan beharbada ohikoagoak dira bertsio klasikoak egiten dituzten taldeak , bikoteak , akustikoan edo bestelako formatuetan.

Rock amerikarraren bertsioak egiten dituzue. Nolako erreferentziak dituzue? Gure erreferentziak ez dira amerikarrak bakarrik, mundu osokoak baizik. Euskal Herrian ere baditugu rock’n’roll klasikoko hainbat abesti eta dagoeneko hurrengo kontzertuetarako prestatzen ari gara.

Pentsatu al duzue inoiz abesti propioak konposatzea The Smoke Dealersekin? Bai, pentsatu dugu eta ez dugu ideia hori baztertzen. Animatzen garenean, apurka-apurka errepertorioan sartuko ditugu.

Erronkarik edo ametsik baduzue Smoke Dealersekin banda bezala? Ahalik eta kontzertu gehien jotzea. Hori baita zoriontsu egiten gaituena. Eta zergatik ez, egunen baten San Mames bete batean jotzea. Batek daki!, kar, kar, kar.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak