→Ugao

1.600 UgaoBono salgai jarriko ditu Ugaok azaroaren 30ean, Koronabirusari aurre egiteko

Ugaotarrak, erosketak egiten // Geuria

UgaoBonoen hirugarren kanpaina honetarako 16.000 euro bideratu ditu Ugaoko Udalak, aurreko edizioetan baino 6.000 euro gehiago. Covid-19ak sortutako osasun-krisia dela eta, Udalak kanpainaren zenbatekoa handitu du 15 euroko 350 bonu eta 30 euroko 1.250 bonu salgai jarriz. Guztira 1.600 bonu salgai jarri ditu Udalak aurten, iaz baino 600 gehiago. UgaoBonoen kanpainaren helburu nagusia udalerrian bertan erosketak sustatzea da, konfinamenduan zehar itxitako asteetan izandako galera orekatzeko. Udalaren arabera, “kanpaina honen bidez kontsumitzaileek %33ko aurrezkia izango dute eta aldi berean herriko merkatariak sarituko dira, salmentak bultzatuz”. “Azken urteotan abian jarri dugun bonu-eskaintzarik garrantzitsuena da hau. Ahalegin honen helburu nagusia gure udalerriko saltokiei, Covid-19 krisiak hainbeste zigortutako negozio horien atzean dauden familiei laguntzea da, hain zuzen ere. Era berean, azpimarratu nahi nuke laster beste laguntza-ildo bat jarriko dugula abian, kasu honetan ostalaritzarako. Horren bidez, pandemiak sektore horretan eragin dituen ondorio negatiboak minimizatzen lagundu nahi dugu. Datozen egunetan xehetasun gehiago emango ditugu” baieztatu du Ekaitz Mentxaka alkateak. 18 urtetik gorako ugaotar bakoitzak gehienez bonu bi erosi ahal izango ditu NAN bakoitzeko eta pertsona bakoitzak NAN bi aurkeztu ahal izango ditu gehienez.

UgaoBonoen kanpaina azaroaren 30etik abenduaren 31ra izango da eta bertan izena eman nahi duten establezimenduek azaroaren 27ra arte egin dezakete. Horretarako, kanpainan izena eman nahi duten establezimenduek Ugaoko Udaletxera joan beharko dute. Astelehenetan 07:30etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 19:00ak arte eta asteartetik ostiralera 07:30etatik 14:00ak arte, hurrengo dokumentazioa aurkeztuz: atxikitze-eskabidea, sinatuta eta zigiluarekin, eskuragarri duen azken autonomoen ordainagiria, IFZ/IFKren kopia, JEZn alta egotearen egiaztagiria eta Hirugarrenen alta.

Andre bat, erosketekin // Geuria

Nola eta non erabili UgaoBonoak?

Mota biko UgaoBonoak egongo dira eskuragarri azaroaren 30etik aurrera, denak saldu arte. 15 euroko bonuen kasuan, bonua erabiltzeko gutxieneko erosketa 15 eurokoa izan behar da eta bonu bakoitza eskuratzeak duen kostua 10 eurokoa da. Hortaz, kontsumitzaileak 5 euroko aurrezpena izango du. 30 euroko bonuaren kasuan gauza bera gertatzen da: gutxieneko erosketa 30 eurokoa izan behar da, bonua eskuratzeko balioa 20 eurokoa izanik, eta kontsumitzaileak 10 euro aurreztuko ditu. Bonu hauek Ugaoko 15 langile baino gutxiagoko establezimenduetan erabili ahal izango dira soilik eta esparru bitan erabiltzeko aukera ematen dute: %75 Zerbitzuak eta elikadura establezimenduetan eta %25 Zerbitzuak-en.

UgaoBonoak Ugaoko udaletxean eskuratu ahal izango dira. Astelehenetan 07:30etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 19:00ak arte, eta asteartetik ostiralera 07:30etatik 14:00ak arte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak