→Ugao

Ugaok 4,69 milioi euroko “gizarte-aurrekontuak” izango ditu 2021ean

Udalak 4,69 milioi euroko partida izango du 2021ean, 2020an baino 150.322,5 euro gutxiago. Hala ere, Ekaitz Mentxakak azpimarratu du 2021eko aurrekontua nabarmenki murriztu den arren zerbitzu publikoak eta “ugaotar guztien gizarte-babesa bermatuta daudela” eta alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie aurrekontuei ekarpenak egin dizkien herritarrei. Aurtengo berritasun modura, merkataritza eta ostalaritza sektorearen laguntzak bikoiztuko dira.

Aurrekontu hauek aho batez onartu ziren pasa den abenduaren 22ko Osoko Bilkuran, EAJren aldeko 7 botoekin eta EH Bilduko 4rekin. Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie alderdi biei, “akordioa lortzeko aurkeztu izan duten jarreragatik”. Alderdi bien artean adostutako akordioaren proiektuan Jane Jauregiko eta Kultur Etxeko komunetan egin behar diren birmoldaketak eta irisgarritasun lanak zein garbiketa automatikodun komuna jartzeko egitasmoa daude.

Gauzak horrela, Udalkutxatik datozen diru-sarrerak 2.564.933 eurokoak izango direla azaldu du Udalak (aurrekontu osoaren %54,64). Tokiko zerga eta tasa desberdinek %35,45eko ekarpena egingo dute: “2021erako kontuak onartzeak berebiziko garrantzia du testuinguru honetan. Udalbatza osatzen dugun bi alderdiok onena nahi dugu gure udalerrirako, eta guztion artean, egoera kontuan hartuta, uste dut Ugao-Miraballeserako aurrekonturik onena lortu dugula”, adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Datorren urteko aurrekontuak gizarte-aurrekontuak bezala definitu ditu berriro Ugaoko Udalak: “Legezko baldintzak bete eta laguntza eskatzen duten pertsona guztiei emango zaie laguntza”, azaldu du Udalak. Hala nola, Gizarte ekintzan 110.000 euro bideratuko dira Etxez Etxeko Laguntzetan eta Gizarte Larrialdietako Laguntzek iazko 95.000 euroak mantenduko dituzte: “Azpimarratu beharrekoa da aurtengo Gizarte Larrialdietarako Laguntza guztiak bete direla”. Udal Gizarte Urgentziek 5.000 euroko partida izango dute.

Udaltzainen autoa // Geuria

Merkataritza eta ostalaritza Ugaoko Udalaren beste helburu garrantzitsuak ditugu eta sektore horiek indartzeko aurrekontua bikoiztuko dute 2021ean, 15.000 eurotik 30.000ra handituz. Enpleguaren alorrean, gazte eta langabetuen prestakuntzaren aldeko apustua egingo da, eskualdeko enplegu-planak bultzatuz.

Bestalde, 46.583 euro bideratuko dira Zainduz programari, mendekotasuna pairatzen duten pertsonak zaintzen dituzten pertsonei zaintzeko. Halaber, DYAri, Down Sindromearen Fundazioari, Odol Emaileei eta gizarte arloko bestelako elkarte eta erakundeen diru-laguntzak mantenduko direla azpimarratu du Udalak.

Horrez gain, bestelako berrikuntzak egongo dira: zibersegurtasunerako 14.520 euro bideratuko dira. Gainera, Udaleko langileen soldatak %0,9ko igoera izango du datorren urtean, eta alkatetzaren soldata izoztu egingo da (Udaleko bakarra). Berdintasun teknikariaren lanaldia luzatuko da.

2021eko inbertsio nagusiak

Begirada arin batean, datorren urteko inbertsio nagusiak HAPOean (35.264,28 euro), kiroldegiko aparkalekuaren handitzean eta irisgarritasunaren hobekuntzan (75.789,39 euro) eta Jane Jauregiko zein Kultur etxeko komunen birmoldaketan egingo dira (56.559,79 euro) eta 101.000 euro bideratuko dituzte urte osoan zehar herriko konpoketak egin ahal izateko. Gainontzeko inbertsioen artean, aipagarrienak dira hurrengo hauek:

  • HAPO: 35.264,28 €
  • Ur beroa Arandiako igerilekuetako aldageletan: 18.700 euro
  • Jane eta Kultur Etxea komunak birmoldatzea: 56.559,79 euro
  •  Berez garbitzen den komun publikoa jartzea: 55.000 euro
  •  Kiroldegiko aparkalekuaren handitzea eta irisgarritasunaren hobekuntza: 75.789,39 euro
  • Hilerria, barandak eta estalkiak: 13.500 euro
  • Lorezaintza: 7.200 euro
  • Edukiontzietarako irisgarritasuna hobetzea: 19.000 euro
  • Hiri-altzariak eta seinaleak: 14.520 euro
  • Leitoki eta Haurreskolako konponketak: 14.482 euro
  • Zabuen hobekuntza: 5.000 euro
  • Ohiko konponketak: 101.000 euro
  • Kirol instalazioetako konponketak: 16.280 euro

Ugaoko udaletxea // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak