→Ugao

Ugaok gune gorria saihetsi du, 316,46ko eragin-tasara jaitsiz

Herritarrak, Ugaoko saltokietan // Geuria

Osasun sailaren arabera, eragin tasak behera jo du eta Osakidetzako azken datuek eragin tasa 316,46ra jaitsi dela azaldu dute. “100.000 biztanleko 400 kasuren azpitik jarraitzen du Ugao-Miraballesek; Osakidetzaren azken datuen arabera, 316ra jaitsi da tasa. Nahiz eta eremu gorrian ez sartu, oso zorrotzak izaten jarraitu behar dugu denok ezagutzen ditugun neurriak betetzeko orduan, hori da gure burua babesteko eta gainerakoak babesteko modurik onena”, azaldu du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak sare sozialetan. Txostenaren arabera, azken astean hiru positibo kasu antzeman dituzte herrian guztira.

Pandemia hasi zenetik martxoaren 28ra arte 340 positibo kasu antzeman dituzte guztira Ugaon eta lau pertsona hil dira. Martxoaren 29tik apirilaren 4ra arteko datuak laster argitaratuko ditu Eusko Jaurlaritzak webgunean.

Herritarrak, erosketak egiten // Geuria

Gune gorritik kanpo, momentuz

Duela astebete gune gorrian sartzear zegoen Ugao, 100.000 biztanleko 462 kasurekin eta LABIk ezarritako 400eko tasa gaindituz. Ekaitz Mentxaka alkateak adierazi zuen kopuru horrek behera egin ezean murrizketa berriak aplikatu beharko liratekeela herrian, itxiera perimetrala eta bestelako osasun neurriak jarraituz. Egoerak hobera egin duen arren, alkateak gogorarazi du tentsioari eusten jarraitu behar dela eta eskerrak eman dizkie osasun neurriak era zorrotzean bete dituzten herritarrei: “Birusak gure artean jarraitzen du. Tentsioari eusten jarraitu behar da, zorrotz eta erantzunkidetasunez jokatzen jarraitu behar da. Indarrak batzen jarraitu behar da, mugikortasuna eta kontaktu soziala ahalik eta gehien mugatuz. Eskerrak eman nahi dizkiet unean-unean ezarritako neurriak zorrotz betetzen ari diren pertsona guztiei egiten ari diren ahalegin pertsonal garrantzitsuarengatik. Eskerrik asko”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak