→Ugao

Umeentzako antzerki saioak antolatu ditu Ugaok abendu bukaerako igandeetan

'Futbolariak eta Printzesak' // Eidabe

Aurreko edizioetako arrakasta ikusita, Ugaoko Udalak umeentzako urte bukaerako antzerki saioak antolatuko ditu hirugarren urtez abenduaren 13an, 20an eta 27an. Emanaldi guztiak Jane Jauregian prestatuko dituzte eta 12:30ean izango dira. Igandeko saio hauen helburua publiko gazte eta familiarrean antzerkia astiro-astiro sustatzea dela adierazi du Udalak.

Programa

NUN DA ELEFANTE GORRIA. Antzezlan hau ipuin kantalaria dugu. Bertan, Oihana safaritarrak bere familiako emakume safaritarren istorioa kontatuko die gaztetxoei, Afrikara joandako biramomaren istoriotik hasita. Abenduaren 13an, 12:30ean.

ZIRRIBORRO. Badut teatroak Gorka Gansok zuzendutako Zirriborro antzezlana ekarriko digu Ugaoko Jane Jauregiko oholtzara. Bertan, Liburu literario baten sorkuntza-prozesuak ematen duen lan handia kontatuko zaie umeei, ez baita gauza erraza. Anduriña Zurutuza protagonistaren erronka liburu bat idaztea izango da, paper zuriaren aurrean egonda sor daitezkeen beldurrak, zailtasunak eta zalantza guztiak gaindituz. Antzezlan hau gainera, testurik gabekoa izango da eta adin guztientzako pertsonei zuzenduta dago. Abenduaren 20an, 12:30ean.

FUTBOLARIAK ETA PRINTZESAK. Eidaberen ekoizpen honek topiko sexistak hautsi nahi duen haur eta gaztetxoei zuzendutako komedia azkarra dakar Ugaora. Bertan, Odei eta Lur umeen istorioa kontatzen da, klasetik piper egiten duten ikasle birena. Ume bi hauek ez dute neska ala mutil bati egozten zaizkion arauak bete nahi; Lurrek Lur izan nahi du eta Odeik, Odei, gizarteak ezarritako topiko sexistetatik ihes eginez. Galder Perezek idatzi eta zuzendutako istorio umore klabea izango du, antzerki-jolasa eta musikarekin lagunduta. Abenduaren 27an, 12:30ean.

Ikuskizun guztiek %50eko edukiera murriztua izango dute, eta bertara hurbiltzeko asmoa duten interesdunek izena eman beharko dute aldez aurretik Jane Jauregira deituz (94 648 07 04 telefono zenbakira deituz) edota kultur-etxea.ugao@bizkaia.org helbide elektronikora mezu bat bidaliz.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak