Sareak

☉ Ugao

Isa Ordóñez eta Inma Vera (Zirimiri dantza taldea): “Euskal dantzekin fusioa ere egin dugu”

Isa Ordóñez Fernández (Jaen, 1981) eta Inma Vera Giménez (Cadiz, 1970) pasa den mende erdialdeko industrializazioak eragindako migrazio-mugimenduak ekarritako Andaluziako emakume adoretsu bi dira. Batak zein besteak zainetan daramate dantza eta Zirimiri dantza taldeko kideak ditugu.

|

Isa Ordóñez eta Inma Vera // Geuria

Isa Ordóñez Fernández (Jaen, 1981) eta Inma Vera Giménez (Cadiz, 1970) pasa den mende erdialdeko industrializazioak eragindako migrazio-mugimenduak ekarritako Andaluziako emakume adoretsu bi dira. Batak zein besteak zainetan daramate dantza eta Zirimiri dantza taldeko kideak ditugu. 12 urte eman ditu taldeak sevillanak, fandangoak eta runbak eskualdeko hainbat lekutan dantzatzen eta azken urtean elkarte bilakatu da. Koronabirusa gure bizitzara heldu baino lehen Apirileko Azokak antolatzen zituzten Ugaoko Nervión kafetegia eta Aker tabernaren aurrean, egun batez bada ere Andaluziako jai ospetsuak dantza artean gogorarazteko. Aurtengo Azokaren edizioa antolatzea posible izango ez bada ere, euren ibilbidea gogoratu dute Zirimiri elkarteko emakumeek inoiz baino dotoreago, El Jaro kiroldegiaren aurrean.

Zirimiri Dantza Elkarteko kideak // Geuria

Nolakoa da Zirimiri dantza taldearen jatorria?
Inma Vera: Duela urte batzuk, Laudion bizi ziren Andaluziako neska batzuk jende bila hasi ziren Ugaon, sevillanak dantzatzeko. Gezurra badirudi ere hasiera batean jende pila batek eman zuen izena, 30 pertsonak baino gehiagok.
Isa Ordóñez: Eta horren haritik El Jaro kiroldegian dantzatzen hasi ginen.

Zirimiri taldea edo elkartea da?
I.O: Duela urtebete arte taldea zen soilik, baina 2020tik aurrera elkarte bezala gabiltza, entseguak egiteko lokala doakoa izateko.

Nolako jarduerak egin dituzue?
I.O: Gure ikuskizun guztiak irabazi-asmorik gabekoak izan dira. Koronabirusaren garaia heldu arte Apirileko Azoka (Feria de Abril, erdaraz) ospatzen genuen urtero. Garai hartan elkartea ez ginenez, ekitaldia guk geuk antolatzen genuen, horren truke ezertxo ere jaso barik. Egia da jende askok elkarte bihurtzeko animatu izan gaituela, azken batean herrian badirelako gurea bezalako elkarteak. Horregatik, dantza-talde bezala 12 urte aritu ostean, elkarte bilakatu ginen.

Zirimiriko emakumeak, Ugaon // Utzitakoa

Nondik ibili zarete?
I.V: Hainbat lekutan ibilitakoak gara, baina bereziki nagusien egoitzetan eta deitzen gaituzten ekitaldi askotan: Arrigorriagan, Zeberion…
I.O: Eta urtero Apirileko Azoka antolatzen dute Nervión kafetegiak eta Aker tabernak apirila eta maiatza bitartean. Oso ekitaldi berezia da Apirileko Azoka guretzat, eta goiz osoa ematen dugu bertan, dantzan.
I.V: Behin baino gehiagotan asteburu osoa ere eman dugu dantzan (barreak)

Aurten Ugaoko Apirileko Azokarik egingo ez baduzue ere, bere jatorria ezagutzea ondo legoke
I.V: Aker tabernako jabea gure laguna da eta egun batean hain esanguratsua den Andaluziako ospakizun horren birsorkuntza egitea bururatu zitzaigun. Lehen edizioa antolatu genuenean beldur handia genuen, ez genekielako zer nolako harrera izan zuen herritarren artean. Baina tira: taberna biak goraino beteta egon ziren, inoiz baino biziago.
I.O: Plazako tabernak bete-betean inplikatzen dira jaian: terrazak jartzen dituzte, ‘rebujitoak’ eta Andaluziako gastronomiako tipikoak diren janariak prestatzen dituzte…

Dantzariak // Utzitakoa

Zergatik izan dezake horrenbesteko arrakasta zuen eskaintza honek?
I.V: Nire ustez, ikuskizun diferentea delako. Azken batean, euskal jai eta dantzetara ohituta gaude, eta zoragarriak izan arren antzeko giroa bizi daiteke herri bakoitzean. Guk eskaintzen dugun ikuskizuna bestelakoa da, eta gainera, uste baino Andaluziako jende gehiago bizi da Ugaon.

Joan den mende erdian industrializazioak eragindako migrazio mugimenduagatik, agian.
I.O: Ni neu 13 urterekin heldu nintzen Ugaora. Aitak lan egiten zuen lantegiko ateak itxi zituzten eta bertan zeukaten makina Ugaoko enpresa batera ekarri zuten. Aita izan zen hona etorri zen lehena, egoera nolakoa zen ikustera. Linaresera bueltan (Jaen) galdetu zigun: “Jaenen geratuko gara, ezjakintasunean murgilduta edo Ugaora joango gara lan bila?”. Familia osoa bertara etorri ginen.
I.V: Nire familiarekin ere antzeko zerbait gertatu zen: aita Ugaora etorri ostean, familia osoak etxez aldatu genuen.

Gaur egun emakumeen taldea dugu Zirimiri. Betidanik izan al da horrela?
I.O: Lehen mutil bi geneuzkan taldean, baina oso gutxi iraun zuten.
I.V: Taldea sortu genuenean jende askok izena eman zuen, fenomeno berria zelako Ugaon. Gaur egun 14 lagunek osatzen dugu Zirimiri, eta bertan gabiltzanok hasiera-hasieratik daramagu taldean.
I.O: Gure taldekideak berez euskal herritarrak dira, sustraiak Andaluzian eta Extremaduran dituzten arren. Eta hemen jaiotakoak bi baino ez dauzkagu taldean.

Zirimiriko emakumeak, Ugaon // Utzitakoa

Zer nolako dantzak egiten dituzue?
I.V: Sevillanak, fandangoak, alegriak, Rumbak… eta baita aurreskuak ere! Euskal dantzekin fusioa ere egin dugu, eta egia esateko oso harrera ona izan du herrian. Oso polita da Ugaoko Herriko Taberna Apirileko Azoka egiten dugun lekuaren parean egotea eta bertako jendea ikuskizunaz gozatzen ikustea.

Zenbatez behin egiten dituzue dantza-saioak?
I.O: Ostiralero, bi orduz. Gure klaseetan Rocío izeneko Andaluziako irakasle bat dugu.

Zer nolakoa da Ugaoko Udalarekin duzuen harremana?
I.O: Harreman ona daukagu. Diru-laguntzak jaso ahal izateko ikuskizun jakin batzuk antolatu behar ditugu herrian, bi urtero prestatzen diren kultura arteko topaketak, besteak beste. Rociok animatzen gaitu era horretako kultura ikuskizunetan parte hartzera eta gu poz-pozik joan ohi gara. Hala ere, azken urte honetan ezin izan dugu inolako ekitalditan parte hartu.
I.V: Dena den, Ekaitz Mentxaka alkatearekin harreman sanoa dugu, eta beharren bat izan dugun bakoitzean, laguntzeko prest agertu da beti.

Elkarte izanik eta pentsatzeko denbora duzuelarik, ametsik ba al daukazue etorkizunari begira?
I.V: Ni edozein lekutara joango nintzateke dantza egitera, egia esateko.
I.O: Behin baino gehiagotan komentatu dugu dirua aurreztu beharko genukeela urteren batean El Rociora joateko. Nire kasuan, Linareseko azokan egondakoa naiz, baina ez naiz sekula El Rocion egon.

Zirimiri dantza elkartea // Utzitakoa

☉ Ugao

Ugaoko Aste Berdeak Leitzako Peru-Harri museora eramango ditu herritarrak maiatzean

Nafarroako museora antolatutako ekoirteera doakoa izango da eta izena emateko azken eguna maiatzaren 10a izango da, Ugaoko Jane jauregian

|

Peru-Harri parke eskultorikoa // Turismo Vasco

Maiatzaren 6tik 12ra Aste Berdea ospatuko dute Ugaon eta doako jarduera ugari prestatu ditu Historia Ezagutzeko Zentroak Ugaoko Udalaren Ingurumen sailaren babesarekin.

Asteko jarduera nagusia maiatzaren 11n Leitzako (Nafarroa) Peru-Harri museora antolatu duten ekoirteera da (Perurena museoa). Iñaki Perurena harri-jasotzaileak diseinatutako parke eskultorikoa da Peru-Harri, herri kirolaren historia eta Iñaki eta haren seme Iñaxioren Kirol markak ezagutzeko. Goiko aldean, harri-jasotzailearen irudia gailentzen da. Beherago, Pedro I.aren omenez egindako irudia ikus dezakete bisitariek.

Gainera, zurtarri bat, forma megalitiko desberdinak, beso erraldoi bat edo trikuharri antzeko bat ere ikusteko aukera dago. Parke eskultorikoan Gorritenea izeneko baserri familiarraren bisita egin dezakete bisitariek: etxearen hiru solairuetan herri kirolaren historia ezagutzeko aukera dago.

Herritar guztiei zuzendutako egun osoko irteera hau doakoa izango da baina udal ordezkariek azaldu dute izena ematea beharrezkoa dela, edukiera mugatua izango delako. Horretarako, Jane jauregira jo beharko dute interesdunek maiatzaren 10a baino lehen edo 946 480 704 telefono zenbakira deitu. Autobusa 09:30ean irtengo da Ugaotik Leitzarantz.

Maiatzaren 6tik 12ra Ekotailerrak antolatu dituzte ume eta gazteentzako zerbitzuetan, eta hilaren 9an, material birziklatuekin egindako jolasak prestatu dituzte bost urtetik gorako haurrentzat 18:00etan, Herriaren enparantzan.

Ingurumen hezitzaile bik Ugao bisitatuko dute herriaren birziklapen ohiturak ikertzeko

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ingurumen hezitzaile bik Ugao bisitatuko dute herriaren birziklapen ohiturak ikertzeko

Arrigorriaga, Zaratamo eta Zeberiotik igaro ostean, ingurumen-hezitzaileek apirilaren 29tik maiatzaren 8ra bitartean bisitatuko dute Ugao

|

Udalekoko kamioi bat, hondakinak biltzen // Geuria

Arrigorriaga, Zaratamo eta Zeberiotik igaro ostean, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak martxan jarritako eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako ingurumen hezkuntza kanpainako hezitzaile bi Ugaora iritsiko dira herrian birziklatzeko dagoen ohitura aztertzeko eta sentsibilizatzeko. Ingurumen-hezitzaileen bisitak apirilaren 29tik maiatzaren 8ra izango dira.

Birziklapena oinarri nagusia izango da eta beste gai batzuk ere landuko dituzte horren inguruan: hala nola zer frakzio birziklatzen duten eta zein ez, birziklatzeko zer zailtasun dituzten edo zer deritzoten hondakinak biltzeko zerbitzuei buruz…

Momentu honetan kanpaina prozesuaren erdian dagoela azaldu dute Ugaoko udal ordezkariek eta Arakaldo, Zaratamo, Zeberio, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga eta Urduñako 668 pertsona informatu direla azaldu dute: “Horietako 516 laguni inkesta egin diete”.

Hondakin ezberdinak bereizten dituen Nerbioi-Ibaizabaleko edukiontzia, Zaratamon // Geuria

Horia eta marroia

Inkestatuen artean, Ugaoko udal ordezkariek adierazi bezala, zalantza gehienak edukiontzi horiak sortzen ditu: “Galdetutako pertsonen zalantza ohikoenen artean, ontzi arinen frakzioarekin lotutakoak nabarmentzen dira. Edukiontzi horretan plastikozko ontziak, brikak eta latak utzi daitezke”, eta egoera argitzearren, edukiontzi horietan plastikozko zein metalezko ontziak eta bestelako ontziak sar daitezkela argitu dute: tetrabrikak, porexpanezko erretiluak, aluminio-papera, film gardena…

“Aldiz, ezin dira honako hauek utzi: Pertxak, plastikozko ostailuak, sukaldeko tresnak, biberoiak eta txupeteak, kafetegietako paperezko edalontziak, harategi eta arrandegietan erabilitako paper plastifikatua, tuperrak, aluminiozko kafe-kapsulak, plastikozko loreontziak, CD eta DVD kaxak, boligrafoak, zorrozkailuak, metxeroak…”.

Beste zalantza batzuk edukiontzi berdearen ingurukoak dira, eta galdera ohikoenak botilen kortxoak zein edukiontzira bota behar diren izaten da: “Hondakin organikoa da, eta edukiontzi marroira bota behar da”, izan dira udal ordezkarien berbak.

Ugao bisitatuko duten ingurumen-hezitzaileek hondakin desegokien maila erregistratuko dute ere. Honek esan nahi du edukiontzietan oker utzitako hondakin kopurua zein edukioentzien beraien erabilera txarra aztertuko dutela. Ugaoko udal ordezkariek adierazi bezala, erabiltzaileek gorabehera bi izan ohi dituzte erabiltzaileek birziklatzeko orduan: “Alde batetik frakzio organikoko hondakinak plastikozko poltsetan uztea, poltsa konpostagarrietan utzi ordez, edota poltsarik gabe uztea. Beste alde batetik, paperezko edo kartoizko hondakinak
plastikozko poltsetan uztea, edukiontzi horretan ez baita utzi behar papera edo kartoia ez den beste osagairik”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

#A21 / Emaitzak / Ugao / EAJrentzat garaipena, eta EH Bildurentzat igoera handiena

#A21 / Ugao / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bi orduko lanuztea eta manifestazioa egingo dute gaur Ugaon Envaseseko langileen alde

Herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute gaurko Ugaon, atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez

|

Martxoaren 16an egin zuten lehen manifestazioa Ugaon / Utzitakoa

Joan den apirilaren 8an aste biko grebari hasiera eman zioten Ugaoko Envases Universales multinazionaleko langileek, Aldi Baterako Lan Espedientearen kontsulta-aldia enpresa batzordearekin akordiorik lortu gabe amaitu ostean.

Gaur, eta atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez, herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute. LAB sindikatutik azaldu dutenaren arabera, “langileak zaurgarritasun-egoera larrian daude inolako eskrupulurik ez duen multinazional baten aurrean, aberastasun gehiago metatzeko irrika nola ase besterik ez duena buruan, aberastasun hori beren ahaleginaren bidez sortzen ari diren pertsonen bizitzari erreparatu gabe”.

Envases Universaleseko langileek Gaubela egin zuten atzo / Utzitakoa

Egoera hori salatzeko hainbat ekintza egin dituzte herrian atzotik hona, besteak beste pankarteoa, elkartasun kontzertuak, afari kolektiboa edo gaubela.

Denak bere horretan jarraituko balu mobilizazio berriak iragarri dituzte langileek, eta LAB sindikatuak kanpainan dauden alderdiei eskatu die “hauteskunde-kanpainaren amaierako mitinak ematen ariko diren pertsona horiei, arduradun politiko horiei, langileak babesteko politikak ezar ditzaten, deslokalizazio eta eraispen industrialeko prozesuak zailtzen dituzten legeak sor ditzaten eta errotuta dagoen industria baten alde egin dezaten”

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Gazte Eguna egingo dute bihar, “gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”

|

Gautegun erromeria / Geuria

Musika, jolasak eta aldarrikapena izango dira Ugaon bihar egingo duten Gazte Egunaren oinarria. Helburua, antolatzaileek eurek adierazi dutenaren arabera, “gazteak elkartzeko espazioa sortzea da, gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”. 

Hori horrela, 12:00etan hasi eta gaueko ordu txikietan bukatuko den ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute. Hasteko, 12:00 taldeen arteko jolas musikatuak egingo dituzte tabernetan zehar. Hori ondoren etorriko den herri bazkariaren atarikoa izango da.

Arratsalde parterako elektrotxaranga 17:30ean, eta gauarekin batera hainbat kontzertu, hala nola Txapelpunk, Arene G, Gautegun Erromeria edo Jonkass DJa.

Osorik irakurri