Sareak

☉ Ugao

Ugaoko Udalak 2021eko zergak eta tasak izoztea proposatu du, kiroldegikoak izan ezik

|

Urriaren 27ko Osoko Bilkuran, Ugaoko Udalak 2021eko zergak eta tasa ia guztiak izoztea proposatu zuen: “Uste dugu proposamen arrazoizkoa, arduratsua eta, batez ere, solidarioa dela ugaotarrentzat eta gure udalerriko negozioentzat. Garai gogorrak izaten ari dira guztiontzat, eta uste dugu ez dela garaia herritarrak itotzeko eta ahalegin ekonomiko gehiago eskatzeko”, azaldu zuen Ekaitz Mentxaka alkateak. “Azken legegintzaldietan egindako udal diru-kutxaren kudeaketa arduratsu eta zorrotzaren ondorioz, Udala ugaotarren interesen alde gerrikoa estutzeko moduan dago”, azaldu zuen. “Azkenengo zortzi urteetako bostetan zergak izoztu ditugu, bestelako salbuespenak kontuan izan barik” azaldu zuen Mentxakak. “Datu horiek argi uzten dute guretzat garrantzitsuena pertsonak eta bereziki ugaotarrak direla”.

Gauzak horrela, zerga nagusiak (OHZ, TMIZ, EJZ…) eta Udal tasak (zabor bilketa, estolderia, jarduera ekonomikoen irekiera…) izozteaz gain, Azoka eta jai herrikoietan postuak jartzegatiko tasak eta Jabari publikoa terraza eta mahaiak erabiltzeagatiko tasak murriztuko direla azaldu zuen: Azoka eta jai herrikoietan postuak jartzeagatiko tasaren kasuan eguneko 15,59 eurotik 10 euroa murriztuko da 15 metro karratuko saltokietan, eta jabari publikoa terraza eta mahaiak erabiltzeagatiko tasari dagokionez, 2021era arte bertan behera utziko dela azaldu zuen Udalak.

El jaro kiroldegiko kartela / Geuria

Kirol tasek, gora ordea

Koronabirusak eragindako egoerak Ugaoko kiroldegiaren erabiltzaile kopurua gutxitu duela adierazi du alkateak, eta gainontzeko zergek eta tasek behera egin badute ere, kiroldegikoek %1,1 gora egingo dute datorren urtetik aurrera herrian erroldatuta dauden erabiltzaileentzat. Udalaren arabera, igoera hau instalazioetan egingo diren azken inbertsioak justifikatzeko egin dira, eta horrek eztabaida sortu zuen Eaj eta EH Bildu alderdien artean. EH Bildu Ugaok proposamenaren aurkako jarrera azaldu zuen: “Kiroldegiaren tarifak izoztearen alde gaude”, adiezi zuen Aritz Millán zinegotziak. “Erabiltzaileok jakin badakigu ez direla garai onak eta gainontzeko erabiltzaileei galdetzea baino ez dago: garbitasuna, erabiltzaileen baldintzak… hori dela eta, urtetik urtera erabiltzaile kopurua murriztuz doa eta horren aurrean ez dugu uste Udalak benetako eskuhartzea burutu duenik. Ez deritzogu ondo erabiltzaileok tarifa handiagoak ordaindu behar izateari zerbitzuak eskaintzen duen kalitate eskasaren truke”.

“Maiatzean egindako Osoko Bilkuran kiroldegiaren Bideragarritasun Plana aho batez onartu zen”, adierazi zuen Mentxakak. “Plan horrek lehenengo hiru urteetan kiroldegiaren tarifa %2aren igoera aurreikusten zuen eta bai Eaj eta baita EH Bildu alderdiek onartu zuen” argudiatu zuen alkateak. Horrez gainera, Mentxakak kiroldegiaren diru-sarrerak 150.000 eurokoak zirela azaldu zuen: “Kopuru horri %1,1eko igoera aplikatuz gero enpresak 1.650 euro jasoko diru-sarreretan eta diru hori kiroldegiko erabiltzaileen poltsikotik etorriko da, eta ez herritar guztienetik“. “Pasa den urtean eztabaida berbera izan genuen: tasen igoeraren kopurua ez da kontua, berauek igotzea eta horren truke eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea baizik”, jakinarazi zuen Aritz Millán EH Bilduko zinegotziak: “Iaz kiroldegiko tasak igo ziren eta zerbitzua berdina izaten jarraitu da eta pasa den urtean erabilitako arrazoia bertan behera gelditzen da”, argudiatu zuen Millánek. “Badakigu diru-kopurua minimoa izango dela badakigu, baina bueltan jasotzen dugun zerbitzua berdina izaten jarraitzen du”. Gauzak horrela, Mentxakak adierazi zuen Koronabirusak zerbitzu horien hobekuntza atzeratu duela eta 2021eko hasieran aldaketak ikusiko direla Ugaoko Kiroldegian: “Spinning bizikletak eta sauna berriak jarriko dituzte eta garbiketa zerbitzua areagotuko da, besteak beste”.

Gaur egun Udalak berak bere gain hartzen ditu kiroldegiko instalazioen mantentze-lanen %74a eta gainontzeko %26a erabiltzaileek ordaintzen dute urteroko kuoten bidez. Era berean, Udalak gogorarazi du aurten kirol-instalazioen kudeaketa lehiaketara atera duela eta Udalaren hitzetan, hainbat hobekuntza jasotzen dira zerbitzuan: “Esleipen berriak langileen lan-baldintzak hobetzea eta instalazioetan koordinatzaile bat jartzea ekarriko du, besteak beste”. Horrez gain, Mentxakak adierazi du 2021ean Udalak 421.000 euro inguruko ekarpena egingo diola enpresa esleipedunari eta 2025ean ekarpen hori 435.000 eurokoa izango dela jakinarazi du: “Beraz, esleipen berriak 200.000 euro gehiagoko kostua ekarriko dio Udalari lehenengo urtean eta 225.000 euro, kontratu amaieran”.

☉ Ugao

Venancio Martinez “perretxikozale nagusia” izendatuko dute Ugaoko Jardunaldi Mikologikoetan

|

Azaroaren 1ean eta 2an Ugaoko XX. Jardunaldi Mikologikoak antolatu dituzte Udalak eta Ugaoko Historia eta Ingurumena ezagutzeko Zentroak.

Urtero lez, ekintza nagusi bi antolatu dituzte udazkenean hain tipikoa den hitzordu honetan: alde batetik goizeko mendi irteera egingo dute azaroaren lehen egunean eta arrastian jasotakoa sailkatu eta aukeraketa egingo dute.

Irteeran izena eman gura duten interesdunek Jane jauregira jo beharko dute edo 946 480 704 telefono zenbakira deitu. Izen emateak helbide elektronikoz egiteko aukera izango dute ere kultura.ugao@ortzadar.es helbidera e-posta idatziz.

Beste alde batetik, hurrengo egunean, azaroaren 2an, omenaldi berezia egingo diote Perretxikozale Nagusiari, 11:00etatik 14:00ak arte. Arrastian urteroko perretxikoen erakusketa antolatu dute.

Egitaraua | Ugaoko Jardunaldi mikologikoak 2025

Azaroak 1, larunbata
08:00 Mendi irteera, perretxiko bila (izena ematea beharrezkoa da)
Arratsaldean: mendian jasotakoaren sailkapena eta aukeraketa

Azaroak 2, igandea
11:00 Perretxikozale Nagusiari omenaldia
Eguerdian: Perretxikoen erakusketa

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Udalak bi peoi eta administrari laguntzailea kontratatuko ditu sei hilabetez

|

etxebarri obrak langileak 2015
Azaroaren 5ean bukatzen da deialdian izena emateko epea // Geuria

2025eko toki ekintzetarako dirulaguntza deialdiaren baitan Ugaoko Udalak hiru kontratazio egingo ditu. Hiru lanpostuak lanaldi osokoak izango dira, eta abenduan hastea aurreikusten dute, gehienez ere sei hilabeteko iraupenarekin.

Ugaoren kasuan, bi peoi (4 hilabete eta erdiz) eta administrari laguntzaile bat (6 hilabetez) hasiko dira lanean, eta hautaketa prozesua Lanbidek emandako hautagai zerrendaren artean egingo dute, baldintza jakin batzuk betez: langabezian egotea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea edota Ugao-Miraballesen erroldatuta egotea, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin. Lan-esperientzia, lanpostuarekin lotutako prestakuntza eta egoera soziolaborala zein familiarra ere kontuan hartuko dira.

Parte hartzeko Lanbideren webgunean izena eman beharko dute herritarrek, azaroaren 5a arte:  Zerbitzu anitzeko peoia eta  Administrari laguntzailea.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Jardueraz betetako Gau Beltz “beldurgarria” antolatu dute Ugaon

Makilaje beldurgarria, karraju beldurgarria, photocalla, mozorro lehiaketa… askotariko jarduerataz gozatu ahalko dute etxeko txiki eta gazteek

|

Neska bat, umeei aurpegiak apaintzen // Geuria

Urriaren 31n Gau Beltza ospatuko dute Hego Uribe eskualdeko hainbat herritan (Basauri, Arrigorriaga, Etxebarri…) eta Ugao horien artean ageri da.

Izan ere, Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera zenbait jarduera prestatu ditu arrastitik gaualdera bitartean, Herriaren enparantzan eta inguruetan: makilaje beldurgarria, karraju beldurgarria, photocalla, mozorro lehiaketa…

Eguraldi txarra eginez gero, Herriaren enparantzako jarduerak Jane jauregira lekualdatuko lituzketela iragarri dute udal ordezkariek.

Egitaraua | Ugaoko Gau Beltza 2025

Urriak 31, ostirala

17:00 Makilaje beldurgarria, udaletxeko arkupeak
17:00 Karraju beldurgarria, Historia Ezagutzeko Zentroa
17:30 Photocall, Herriaren enparantza
17:45 Mozorro lehiaketa, Herriaren enparantza
18:30 Diskofesta, Herriaren enparantza

Osorik irakurri

☉ Ugao

Zuriñe Suarez Moja: «Emakumeak arduratu dira beti baserriko lanez, kontrakoa ikusarazi den arren»

Ugaotarrari omenaldia egin diote GastroUgao azokako lehen edizioan, eta Landa Eremuko Emakumearen Egunaren atarian (urriak 15), igorren duen gaztandategian izan gara

|

Zuriñe, Askibileko gaztandategian, ahuntzez inguratuta // Geuria

Urriaren 15a Landa-Eremuko emakumeen eguna da, eta aitzakia horrekin elkartu gara Zuriñe Suarez Mojarekin (Ugao, 1976). Aurten Gastrougao Azokako lehen edizioa izan da eta ekitaldi horren harira omendu dute ugaotarra.

Baserri giroan hezi bazen ere, amak etxean bizitako lan gogorra ikusi eta gero baserri bizitzatik urruntzen saiatu zen, baina bidean Andoni ezagutu zuen, landa eremua maite duen basauriarra. Ezkondu eta elkarrekin hainbat proiektutan lan egin ostean Askibil izeneko gaztandegia zabaldu zuten Igorren. Bere bizitzaz, lan esperientziaz, ahuntzez eta nola ez, gaztaz mintzatu gara Suarezekin, Igorreko gaztandegiko ahuntz kuxkuxeroen artean.

Hilabete honetan omenaldia jaso duzu Gastrougao Azokan. Zer esan nahi du honek guztiak zuretzat, Zuriñe? Ilusio izugarria egin dit aintzatespen honek. Beti sentitu izan dut nire herriaren babes handia, baina errekonozimendu hori jaso dudala jakiteak… ez dut hitzik! Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiot Udalari, lehen GastroUgao honetan egindako aintzatespen honengatik eta egin diren merkatuetan parte hartzeko aukera eman didan aldi guztiengatik. Eskerrak eman nahi dizkiegu, halaber, tokiko produktuekin sentsibilizatuta dauden eta horiek eskuratzen dituzten, baloratzen dituzten eta jendeari helarazteko borrokatzen diren denda horiei guztiei, hainbeste urtez gure atzetik ibili diren eta jarraitzen gaituzten guztiei.

Askibil gaztandegia, Igorren // Geuria

Gero eta gehiago dira baserri esparruko negozioak zuzentzen dituzten emakumeak, hala nola baserriak edo gaztandegiak, tradizioz gizonek egiten duten lana, edo gutxienez hori izan da esan digutena. Nola ikusten duzu gaur egungo panorama sektore horretako emakumeari dagokionez? Kontrakoa esango nizuke. Ahotsik izan ez duten emakume asko eta asko entzutea besterik ez dago: nik uste dut baserriko lanak beraiek egin dituztela betidanik; gizonak, berriz, kanpora joaten ziren lanera. Eta gizonak beti ikusarazi dituzten arren, emakumeek egiten zituzten benetan etxeko, baratzeko eta animaliekin egin beharreko lanak.

Hiru urte nituela, ama alargundu zen (‘kableko neska’ izan zen aitarekin ezkondu arte), eta baserria eta bi seme-alaba hezteko gai izan zen. Amari musutxo bat bidaltzeko aprobetxatzen dut, niretzat inspirazioa izan baita, bera aitaginarrebarekin batera baldintzarik gabeko laguntza eman didatelako. Ahalegin izugarria egin zuen amak. Hori dela eta, nire ideia ez zen landatik, abereengandik… baserri bizitzatik bizitzea; administrari ikasketak egin nituen.

Baina, azkenean, inork ez daki zer gertatuko den etorkizunean, eta Andoni ezagutu nuen. Andonik baserri bizitza maite du eta hara nora, berarekin ezkondu nintzen azkenean! Elkarren artean lan-proiektu bat hasi genuen eta orduan, ahuntzak, esne-ahuntzak eta jezte-ahuntzak aukeratu genituen, eta horrela, 1996an, lehen 12 txibatxoak ekarri genituen Murtziatik amaren baserrira. Inguruko askok esaten ziguten gure ideia hura zoramena zela eta ez genuela ondo amaituko. Hala ere, jendearen laguntza ere izan genuen, gure proiektua aurrera ateratzen lagundu ziguten lagunak, alegia.

Zuriñe, gaztandategiko lagun iletsuekin // Geuria

Esan beharrekoa da zaila eta neketsua izan zela. Ezer ezatik hasi ginen, eta oztopo ugari izan ditugu bidean, baina burugogor bi garenez, bizimodu hau izatea lortu dugu azkenik. Bestalde, emakumeek egunetik egunera ez duten hain zail mundu hau. Egia da lan asko dagoela egiteko, errealitatea ikusarazteko. ‘Landa XXI Euskadi’ko landa-eremuko emakumeen elkarteko zuzendaritza-batzordeko kidea naiz gaur egun, eta emakumeek eskubidez izan beharko lituzketen kontuak babesten eta defendatzen saiatzen gara. Esan bezala, oraindik lan asko dago egiteko eta borrokatzeko, baina hor dihardugu.

Baserri batean jaio arren zure lan-etorkizuna ez zenuen abeltzaintzan ikusten. Gauzak espero zenuen bezala atera ez arren… pozik zaude? Bizitzak behar duzun lekura eramaten zaitu, eta ez naiz ezertaz damutzen, guztiz kontrakoa. Bizitza hau sakrifikatuegia da, baina urteekin lortutakoa ikusten duzu, eta poztasun handia ematen du horrek. Ezerezetik abiatzeak lan asko ematen du, eta guztia lan gogorrarekin lortu dugu; beraz, harropuzkeria eman arren, pozik nago nire baserriarekin eta nire produktuekin. Oso pozik nago kontsumitzaileek nire produktuak gustoko dituztelako, eta penintsula osoko abeltzainek errespetatzen nautelako. Zer gehiago eska dezaket?

Ahuntz bat, eguzkitan // Geuria

1999an, Andonirekin batera, ‘Askibil’ gaztandegia zuzentzen hasi zinen, Igorren. Nola sortu zen proiektua? Negozioaren bideragarritasuna bilatuz bururatu zitzaigun ideia. Esnea saltzen soilik ez ziren kontuak ateratzen. Ganadutik bizitzeko gazta saltzea eraginkorragoa izango zela ikusi genuen, eta horixe egin genuen.

Zuen esnea ahuntz murtziar-granadarren arraza batetik dator. Ahuntz horien jatorrizko klimak ez du zerikusirik Euskal Herrikoarekin. Zergatik arraza hau eta ez bertako arraza bat? Jatorrizko arraza ez da berez esne-arraza bat, haragi-arraza bat baizik. Esne-azienda nahi genuen guk, eta eskura izan genituen arrazak Saanen, Alpina eta Granadako murtziarrak ziren. Azken arraza honek bereziki maitemindu gintuen, eta klima berokoa bada ere, ondo moldatu da Euskal Herriko klimara. Gainera, arrak bakarrik ekarri genituen; eme guztiak etxean jaioak dira, bizkaitarrak. Dena esan behar da eta aitortu beharrekoa da hasierak ere zoro samarrak izan zirela: nola maneiatu, elikatu, zer gustatzen zaien, zer zainketa behar diren… Dena ikasketa bat da eta esango dizut mundu hau etengabeko ikaskuntza prozesu bat dela. Etengabe birziklatu behar gara abeltzaintzan.

Andoni eta Zuriñe, Askibilen // Geuria

Antzina esnea saltzen zenuen Gamizen. Zergatik ahuntzena eta ez ardi edo behiena? Ugaotik Gamizera eraman genituen lehen 12 ahuntzekin hasi ginen. Bertan ukuilu bat alokatu genuen, ahal genuen neurrian handitzen joateko ideiarekin. Aurrerago, 1998an, baserri bat alokatu genuen Markinan. Han, Igorren ukuilurako pabiloia eta gaztandegia eraikitzen genituen bitartean, esnea saltzen genuen.

1999an Igorreko Loiate auzora lekualdatu ginen. Ahuntzak, ardiak edo behiak hautatzeko erabakiari dagokionez, erantzuna ahuntzak gustatzen zitzaizkigulako da. Nik, ez nuen ez ardirik ez behirik nahi. Euskal Herrian egiten den ohiko erabakitik urruntzen zen apustua iruditu zitzaigun eta ideia atsegin genuen. Esan eta egin!

Askibilek zer gazta mota eskaintzen dio kontsumitzaileari eta nolako bilakaera izan du urteetan zehar? Gaur egun, Askibilek gazta freskoa egiten du. Txuriak esne gordinez ondutako gazta, hau Auntzai Ondua da, gazta laktikoa, ruloa, Auntzai Leuna. Hiru horiek dira Euskal gazten gamakoak. Labeldun gaztetatik kanpokoak, esne berarekin eginak, Camenbert, Samurra motako gazta bat egiten dugu, iaz Loiate izenarekin birbataiatu genuena, gure etxaldea dagoen auzoa, jogurt naturalak ere egiten ditugu. Eta familiarekin bat egiten duen azkena ‘El Azulito’ izan da, gazta urdin bat, Bilbori keinu bat eginez bere izena jarri geniona: salgai jarri genuen urtean hiriko mikrobusaren urteurrenarekin eta merkatu berriarekin bat egin zuelako.

Gaztandegiko ahuntzak // Geuria

Esneki guztiak gure ahuntzen esnearekin bakarrik egiten ditugu; ez dugu bestelako esnerik erosten eta eskuz eta modu naturalean egiten dugu. Gure berme-zigilua da, abeltzainarengandik kontsumitzailearengana, hurbileko lokala, kimikarik gabea, tratamendurik gabea, badakigu zer saltzen dugun, eta horrela jendeak badaki zer erosten duen. Negozioaren garapena oso oparoa izan da.

Nire gazta ondua saltzen hasi nintzenean, egiten hasi ginen lehen gazta izan zen, eta jendeak jakin-minez eta mesfidantzaz probatzen zuen. Zorionez, hemen, ardia zen gehien estilatzen zena, publikoak ohiturak aldatu zituen eta beste esneki mota batzuetara zabaldu zen. Eta gure lurraldean, txikia izan arren, aberastasun handiko esnekiak egiten dituzten etxalde asko ditugu.

Murtzia eta Granadako ahuntzak kuxkuxeroak dira // Geuria

Gaur egun Euskal Gaztak proiektuaren parte zarete. Zer esan nahi du honek? Guretzat ardura garrantzitsua zen Hazi Fundazioa Eusko Labelaren familiari lehenagoko errezeta berreskuratuen gaztak eranstea eta horren parte izatea, 1999tik aurrera ahuntzain eta gazta egileak izanik. Ez genuen birritan pentsatu: horretan hasi ginen, bertako partaide izateko. Beheko mailatik sortzen diren produktuak ikusarazteko modu bat da, kalitatezkoak edo, orain esaten den bezala, egileenak direla adierazteko.

Askibil duela 25 urte hasi zen. Nolakoak izan dira ia hiru hamarkada hauek eta zer etorkizun iragartzen diozu? Bidea gogorra izan da, oso gogorra. Jende gutxik sinesten zuen gure proiektuan, eta ezer gabe hastea, lursail edo etxalde bat izatearekin alderatuta, zailagoa da. Edo, ganadua, zurea egin arte, aklimatatu egin behar da, ondo aukeratzen jakin behar da… eta hori lan izugarria da. Produktu desberdin batekin merkatua zabaltzea asko kostatzen da.

“Jendeak ezagutzen eta bilatzen dituen produktuak izanik, jarduera horretatik erretiroa hartzeko aukera izatea besterik ez dut eskatzen”

Garai hori igarota, eta jendeak ezagutzen eta bilatzen dituen produktuak izanik, jarduera horretatik erretiroa hartzeko aukera izatea besterik ez dut eskatzen. Eta belaunaldien arteko erreleboa egotea, aurrera ateratzeko bizitza behar izan duten proiektu horiek gal ez daitezen. Badakigu abeltzaintzan denetarik gerta daitekeela eta arrisku handia dagoela, baina dena behar bezala joango dela pentsatu behar dugu.

Ahuntz kuxkuxero bat, GEURIAko kazetariaren zorroa miatzen // Geuria

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Jute fabrika ohian lan egindako emakumeen inguruko liburua salgai ipini dute Janen

Liburuak 5 euroko prezioa du eta astelehenetik ostiralera eskuratu daiteke 10:00etatik 14:00ak bitartean Jane jauregian

|

Juten lan egindako emakumeak, joan den martxoan egindako omenaldian // Geuria

‘Miraballesko Jute Ehungintza-Emakumeen rola fabrikaren historia’ liburua salgai ipini dute Ugaoko Jane jauregian. Liburuak 5 euroko prezioa du eta astelehenetik ostiralera eskuratu daiteke 10:00etatik 14:00ak bitartean Jane jauregian.

Ugaoko ondarea izandako fabrika eta bertan lan egin zuten emakumeen historia jaso eta zabaltzeko ‘Miraballesko Jute Ehungintza-Emakumeen rola fabrikaren historian’ liburua idatzi du Josu Hernando Perez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Belen Alcalde lankidearekin batera. Jute ehungintza fabrikaren historia “lurperatuta” zegoela dio Hernandok: “Lantegiaren historia guztiz desagertuta zegoen, eta Udalak horren ikerketa bat egiteko proposamenaren haritik erabaki genuen liburu hau idaztea”.

Liburuaren helburua erreminta dibulgatiboa izatea da: “Urtebeteko dokumentazio eta artxibo lan handia dago liburuaren atzean baina helburu nagusia jendeak Jute Ehungintza Fabrikaren berri izatea da”.

Liburuak atal nagusi bi ditu: lehena, fabrikaren lehen mende erdia azaltzen duena, artxiboko informazioarekin osatu dute. Lan zaila izan dela azaldu du liburuaren egileak, informazioa “desagertuta” zegoelako eta Foru Aldundiko artxiboetatik jaso dute. Bigarren atala sei emakume langile ohien adierazpenekin osatu dute: “Elkarrizketen bidez mendearen bigarren zatiko historia ezagutu ahal izan dugu”, gehitu du Josuk.

Asun, Maritere eta sara // Geuria

Omenaldia, Udiarragan

Asun eta Maritere Ortiz de Zarate ahizpek eta Sara Ferrerok ez dute inoiz ahaztuko Ugaoko Jute fabrikan lan egin zuten garaia. Joan den martxoaren 13an bertan lan egin zuten emakume guztiak omendu zituen Udiarragako amabirjinaren elizan eta lehen ilarako bankuan eserita zeuden Asun, Maritere eta Sara.

14 urterekin haria egiteko makina erraldoiekin egiten zuten lan Ugaoko lantegian. Baina, esan bezala, omenaldiaren egunean irribarretsu zeuden Udiarragako eleizan, urte horietako oroitzapenak elkarren artean kontatzen eta bertan proiektatu ziren antzinako argazkiak adi-adi begiratzen.

Osorik irakurri