→Zaratamo

Argi-zutoin bat bota eta argindarra berbideratu dute Arkotxan, martxoko haizete baten ondorioz eztanda egin ostean

Arkotxako auzotarrek denbora zeramaten Iturri plazako postea noiz konponduko zuten zain, eta pasa den ekainean susto handia izan zuten haizete baten ondorioz elektrizitate posteko kableek elkarren artean jo eta eztanda egin zutenean.

Kaltetutako zutoin bat, konponduta // Geuria

Arkotxako auzotarrek denbora zeramaten Iturri plazako postea noiz konponduko zuten zain, eta pasa den ekainean susto handia izan zuten haizete baten ondorioz elektrizitate posteko kableek elkarren artean jo eta eztanda egin zutenean: “Auzoa argirik gabe lotu zen eta elektrizitate posteak sutan geratu ziren eztanda egin ostean. Izugarria izan zen”, adierazi dute bertako auzotar batzuek ezbeharra gertatu zen lekuan bertan, zutoinei begira. Kaltea sortuta, auzotarrek idazkia utzi zuten Zaratamoko Udalean: “100 sinadura baino gehiago biltzen zituen idazkiak eta bertan egoerari irtenbidea eman behar zitzaiola eskatzen zuten Arkotxako auzotarrek”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. Ondorio modura, argi-zutoina bertan behera bota eta bigarren bat konpondu ostean elektrizitate kableak berbideratu ditu Iberdrolak.

Zaharkitutako linea

Udala harremanetan jarri zen Iberdrolagaz eta plazara heltzean egoera txarrean zegoela esan zuten teknikariek: “Zutoina egoera tamalgarrian zegoen, eta linea bakarra bertako etxebizitzak eraiki zituzten garaikoa zen”, azaldu du Alonso Castellano auzotarrak. Alonsok EDS enpresan egiten du lan eta ezbeharra gertatu zen momentuan bera igo zen postera kalteak konpontzera: “Linea bakarra egon arren, zerbitzurik gabeko beste bat zegoen, eta haizeak kableak mugitu zituenean elkarren aurka talka egin eta eztanda eragin zuen. Denbora kontua izan da”. Konponketa-lanetan linea berria ezarri eta zerbitzurik gabekoa baliogabetu zuen langileak.

Argi-zutoin bat, Arkotxa zeharkatuz // Geuria

Poste kaltetuena bertan behera bota eta argindarra gainontzeko posteetara bideratu du Iberdolak (beheko argazkian ikusgarri). Egun biko lanen ostean, Ugarrizak azaldu du konponketak behin-behinekoak direla eta egokiena “linea elektriko hori lurpetik igarotzea dela”. Momentuz, martxoan gertatutakoa errepika ez dadin segurtasun neurriak jarri dituztela ziurtatu du alkateak.

Argi-zutoin kaltetuena Iturri plazatik kendu du Iberdrolak // Geuria

 

Iberdrolaren konponketa-lanak, Arkotxan // Zaratamoko Udala

 

Konponketa-lanak, Arkotxan // Zaratamoko Udala

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak