→Zaratamo

Danel Elezkano zaratamarra eskuz banakakotik kanpo utzi du Darío Gómezek Logroñon

Domekako partida ezin izan zuen irabazi Danel Elezkano pilotari zaratamarrak eta Darío Gómezen aurkako partidan 10-22 galdu zuen. Porrot hau Aspeko prebiako bigarrena dugu eta eskuz banakako txapelketatik kanpo geratu da

Danel Elezkano, Zaratamoko frontoian // Geuria

Domekako partida ezin izan zuen irabazi Danel Elezkano pilotari zaratamarrak eta Darío Gómezen aurkako partidan 10-22 galdu zuen. Porrot hau Aspeko prebiako bigarrena dugu eta eskuz banakako txapelketatik kanpo geratu da: “Ondo hasi nintzen baino gero ni baino gehiago izan zen Darío”, aitortu dio pilotariak GEURIA komunikabideari.

Zaratamokoa hiru aldiz izan da eskuz banakako lehen mailako txapelketako semifinalista, baina joan den domekako topaketako garaipenak ihes egin zion Logroñoko Adarraga frontoian, Darío Gómez indartsu baten aurka.

Gogotsu eta indartsu aritu zen Elezkano II Logroñoko neurketan, eta beti lez, arriskatu zuen. Lehen aukeran horma biko tantua eskuratu zuen ezkerreko eskuagaz, eta 4-1 aurreratu zen markagailuan. Hala ere, Ezcaraykoa zaratamarraren mugimenduetaz jabetu eta Danelen hutsegiteei etekina atera zien eta eskumako eskuagaz egindako gurutzatu baten ondorioz pelotari bien arteko lehia piztu zen 4-3ko emaitzatik jarraituz. Horrela, 5-3, 5-4, 6-4, eta 6-5eko emaitzak ikusi ziren markagailuan: “Erabaki batzuetan modalitate aldaketa igerri nuen. Halan da be, berak asmatu eta partidako erritmoa jarri zuen”, azaldu du pilotari zaratamarrak.

Daríok distantzia hartu zuen jarraian 12 tantu eskuratuz, 6-4tik 6-16ra. Hortik aurrera erosotasunez jokatu zuen Gómezek, eta Danelek borroka egiteari utzi ez bazion ere, ezin izan zuen garaipena bereganatu. 10-22 izan zen markagailuak erakutsi zuen azken emaitza.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak