→Zaratamo

Urrutikoetxeak 22-7 gainditu du Victor errioxarra eta Elezkano II kanpo lotu da Lau eta Erdiko final laurdeneko ligaxkan

Urrutikoetxea Zaratamo finala 2017
Urrutikoetxea, 2017an // Utzitakoa

Urrutikoetxea zaratamarrak 22-7 gainditu zuen Ezkaraiko pilotaria Lekeitioko Santi Brouard frontoian urriaren 3an, Eusko Labeleko Lau eta Erdiko txapelketako final-zortzirenetan. Partida berdintsua hasi bazen ere, Zaratamokoak martxa itzela hartu zuen segidako hiru sake egin eta 6-2ko markagailura heltzean. Hortik aurrera Urrutikoetxea, ontzi izotz-hausle bat bezala, bidea egiten hasi zen markagailuan tantuak eskuratuz eta aurkaria itoz: 7-3, 10-4, 11-5, 14-6, 15-7 eta 22-7. Partidak aurrera egin ahala nagusitu zen Urrutikoetxea.

Sakean, erasoan eta defentsan geldiezina izan zen Urrutikoetxea eta piloteoan fin aritu zen Zaratamokoa hainbatetan garaipenak eskuratu dituen txapelketa honetan. Gezurra zirudien bi urtez hainbat lesioen ondorioz jokatu barik egon dala. 185 pilotakadako partidak 40 minutu luzeko iraupena izan zuen.

Danel Elezkano, Zaratamoko frontoian // Geuria

Elezkano II, kanpo

Danel Elezkanok kontrako zortea bizi izan zuen atzo Tolosako Beotibarren jokatutako Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkan, Peio Etxeberriaren aurka azken momentuan 20-22 galdu ostean. Partida eroso hasi bazuen be, 7-1 eta 13-5eko emaitzakaz, desgasteko partida izan zan Tolosakoa, takadakada askokoa, eta hasiera batean garaipena ziurra zirudiena… usteak erdi ustel. Etxeberriak sufritu bazuen ere, lan da lan aritu zen fedea galdu barik eta amaieran markagailuari buelta ematea lortu zuen.

Zaratamokoak eskuan izan zuen garaipena ia azken momentura arte, 20-15eko emaitzakoa. Ezkerraz justu bota zuen pilota kanpora eta hortik aurrera dena aldatu zen: Peio Etxeberriak sake bereganatu eta behar zituen sei tantuak egin ostean garaipena erdietsu zuen Zenotzekoak. Pilotari nafarrak hasieran lotuta egon zela azaldu zuen partida bukatu ostean, “pilotara ondo heldu baina behera botaz”. Oro har huts askoko takadako partida bizi izan zen Tolosan eta Peiok etekina atera ahal izan zion, azken momentuan izan bazen ere, egoerari.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak