→Zaratamo

Bideoa | Vulcanizados Zuloagako langileek 200 egun bete dituzte greba mugagabean

Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresako 26 langile 200 egun daramatzate greba mugagabean. Iazko ekainaren 27tik enpresako ate aurrean jartzen dira egunero nagusiekin negoziatu ahal izateko, hitzarmen duin propio bat helburu. Gaur egun Estatu mailako kimikakoen hitzarmena aplikatzen zaie langileei eta kasik 1.000 eurora heltzen diren soldatak jasotzen dituzte. ELA euskal sindikatuarekin batera, plataforma bat proposatu zieten enpresako jabeei, “plataforma hartan Bizkaian bizi dugun egoera islatzen da, zenbait hobekuntzekin: soldaten igoerak, antzinakotasuna, gauekotasuna, toxikotasuna…”, baina enpresaren aldetik “erantzunik jaso ez zutela” azaldu diote GEURIA komunikabideari. “Enpresak ez du gurekin berba egin nahi izan: gutxietsi egiten gaituzte, ez-entzunarenak eginez.”

2022an Arrigorriagan, Ugaon eta Zeberion mobilizazioak egiten jarraituko dutela iragarri dute grebalariek. Momentu honetan grebalarien lana “kanpora bidaltzen ari direla” adierazi dute langile kaltetuek: “Enpresak bere horretan dihardu gure lana kanpora bidaltzen ari delako. Bulegokoekin barne eskirol-jokoa egiten ari da, greba eskubidea urratuz”. Ondorioz, salaketa jarri dute eta datorren martxoaren 1ean epaiketa izango dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak