→Zaratamo

2020ko Euskaraldiarako batzorde propioa osatzeko asmoa agertu dute Zaratamon

Arrigorriagan 2019an egindako mintzodromoa Euskaraldian / Geuria

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko da Euskal Herrian Euskaraldiaren bigarren edizioa. 2018ko azaroan izan zen lehenengoa eta asmoa bi urterik behin errepikatzea da. Bada, 2018an ez bezala, 2020an Euskaraldia sustatu, gizarteratu eta kudeatuko duen batzorde propioa eratzeko asmoa agertu dute Zaratamon. Azaroaren 29an bilera irekia deitu dute Elexaldeko Kultur Etxean, Euskaraldia 2020 ekimena aurkezteko, eta abenduaren 3an -Euskararen Nazioarteko Egunean- dute batzordea osatzeko asmoa. “Iaz Euskaraldian izena eman zuen Zaratamok baina ez zuen batzorde eragilerik sortu. Euskaraldiaren baitan antolatu ziren ekintzetan parte hartzeko Arrigorriagara edota Galdakaora joan behar izan genuen. 2020ra begira, erakundeak, gizarte eragileak eta norbanakoak elkarlanean jarri nahi ditugu, Zaratamon ere Euskaraldia giroa nabaritu dadin”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.

GEHIAGO ETA GEHIAGOREKIN. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan izango da datorren urteko Euskaraldiaren leloa. Aurrekoaren ildotik, Ahobizi eta Belarriprest rolen dinamika izango da ariketaren oinarri nagusia, baina talde-kutsu nabarmenagoa izango du. Horretarako, Arigune kontzeptua erantsi diote; entitateentzat pentsatuta dago, eta euskaraz eroso aritzeko aukera ematen duten espazioak izango dira. Askotariko eragileak daude deituta ariguneak osatzera: besteak beste, erakunde publikoak, enpresak, kooperatibak eta kirol elkarteak. Hala ere, bi mota bereizi dituzte. Alde batetik, barne-ariguneak daude, leku eta talde itxietakoak. Esaterako, enpresa bateko departamentu bat izan liteke barne-arigunea. Bi baldintza bete behar dira halako bat osatzeko: euskara denek ulertzea, eta taldeko kideen %80 gutxienez ados egotea. Bestetik, kanpo ariguneak ere egongo dira: herritarrekin harreman espazioetan dauden entitateei eragingo die, eta herritarrak une oro euskaraz artatuak izango direla bermatuko dute arigune hauek. Talde horietako kideek ere ahobizi edo belarriprest modura jardungo dute, baina ariguneetan modu kolektiboan gauzatuko dute ariketa.

Irailean zabaldu zuten herri batzordeek izena emateko epea eta “martxa onean” doala nabarmendu dute antolatzaileek. Hego Uribe eskualdean Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakaoko herri batzordeek izena eman dute dagoeneko eta gainontzekoak osatze bidean daude. Horrez gain, entitateek ariguneak sortu eta izena emateko aukera dute Euskaraldiaren webgunean. Azkenik, 2020ko irailean zabalduko dute herritarrentzat Euskaraldian izena eman eta ahobizi edo belarriprest rolak hautatzeko epea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak