☉ Zaratamo
Aiora Renteria: “Haurrek nire eskoletan musikarekin gozatzea gura dut. Solfeoa matematika hutsa da”
Bederatzi urte daramatza Zea Mays taldeko Aiora Renteriak Zaratamoko ikasleak soinuen munduan murgiltzen, helburu nagusia ikasleek musikaz gozatzea izanik
Euskal Herriko ahots esanguratsuenetarikoa da Zea Mayseko Aiora Renteriarena (Bilbo, 1976). Artista eta irakaslea, Aiorak urteak daramatza Zaratamoko Gurutzalde eskolan musika irakasle bezala jarduten. Irakasle eta abeslari bezala, Aiorak bizitza osoa eskaini dio musikari eta bere helburu nagusia haurrek musikaz gozatzea da, irakaslearen hitzetan, gauza askotarako libre egiten baitu gizakia. Gurutzaldeko eskolako bizipenez gainera, gaur egungo musika industriaren egoeraz eta eskualdean bizitako azken esperientziez egin dugu berba Elexaldeko eskolako gela batean, klaseak bukatu bezain pronto eta etxera bueltatu baino lehen.
Nolakoak izan ziren zure hastapenak musikan?
Sei urte nituela solfeoa ikasten sartu gintuzten familiako seme-alaba guztiak, eta geroxeago musika tresna bat ikasten hasi nintzen: biolina. Ondoren biolontxeloa, eta 13 urte nituela gitarra jotzen eta abestiak egiten hasi nintzen. Urteak igarota eta unibertsitateko ikasketak bukatu nituenean Zea Mays sortu nuen. Bizitza musikaren inguruan eraiki dut, eta hastapenak musika klasikoan egin banituen ere paraleloan abestiak sortzen nituen gitarrarekin, eta horrela sortu zen musika taldea.
Zer nolako musika ikasketak dituzu?
Seigarren mailara arte solfeoa ikasi nuen, oinarrizko ikasketak eginez. Ezin izan nuen erdi-mailako gradua atera biolontxeloarekin. Nagusiagoa egin nintzenean Musika-Hezkuntza gradua atera nuen unibertsitatean. Irakasle bezala oso azkar hasi nintzen lanean, baina taldearekin diskoa grabatzen hasi nintzenean atzera bota behar izan nuen lan bat. Ondorioz, urte batzuk eman nituen hezkuntza publikoan beharrik egin gabe. Hala ere, egindako lan guztiek konexioa izan dute musikarekin, nola edo hala: eskolaz kanpoko jarduerak, gitarra klaseak… Horrela ibili nintzen eskola publikoan sartu arte.
Zein eskolatan lan egindakoa zara?
Eskola publikoan egonda, hamaika tokitan egon naiz lanean: urtebete eman nuen Iurretan, urte pare bat Txurdinagan eta azken esperientzia Zaratamon bizitzen ari naiz.
Zelan zabiltza Zaratamoko Gurutzalde eskolan bertako umeekin?
Bederatzi urte daramatzat bertan eta esperientzia ona izaten ari da. Mendian kokatutako eskola dugu eta hainbeste urte bertan egon ostean umeak txikitatik ezagutzen ditut. Gainera, eskola sistema ondo baino hobeto ezagutzen dut eta Zaratamok eskaintzen duen leku honetan aritzea plazera da, oso herrikoia baita eta lankideen lagun egin naiz. Oso gustura nabil bertan.
Musika irakaslea izanik, nolakoa da gazteen pertzepzioa musikarekiko?
Bakoitzaren kontua da hori. Ume askori pilo bat gustatzen zaie musika eta egia da txikitan bereziki oso ondo pasatzen dutela. Ikasketei seriotasuna gehitzen zaienean iritzi ezberdinak azaltzen dira musikaren inguruan: musika entzutea gogoko dute, baina txirularekin hastean, esaterako, batzuek beste batzuek baino erraztasun gehiago dute. Nire helburua haurrek musikarekin ondo pasatzea eta disfrutatzea da, gauza askotarako libre egiten gaituelako. Musikak arterantz jotzeko aukera ere zabaltzen du.
Aldearik ba al dago eskolan irakatsitako musikaren eta betidaniko musika eskoletan irakatsitako solfeoaren artean?
Bai, noski. Eskolan musikaren eta solfeoaren hastapenak irakasten dizkiegu umeei. Adimenarentzako oso onuragarria da hori, besteak beste, solfeoa matematika hutsa baita musikan, era erraz batean plasmatuta. Esan beharrekoa da baita ere musika irakasteko era aldatu egin dela azken urteetan: eskolan modu lausoagoan irakasten da eta notak irakasten saiatzen bagara ere, dantza asko egiten dugu, askotariko abestiak ikasten ditugu, euskal abestiak barne. Askoz ere jostagarriagoa da, eta alde horretatik solfeo soiletik aldendu egiten da.
Nolako aldaketak egon dira musika hezkuntzan atzera begiratzen badugu?
Hasteko, musika klaseak ez ziren lehen hezkuntzan eskaintzen, musikari ez zitzaion behar besteko garrantzirik ematen eta eskolatik kanpo ematen zen solfeoa oso gogorra izan ohi zen, aparteko ikasketak balira bezala, umeei txikitatik irakatsiz. Gaur egun musika eskoletan eskaintzen dutenak ez dauka zerikusirik irakasteko modu harekin.
Erreferentziak irakasteaz gainera, umeei sortzeko aukera ematen al diezue Zaratamon?
Eskolan irakasten zaiena oso murriztua da eta ikasleek sortutakoa maila horretakoa izan ohi da: abesti txikiak, errepikapen txikiak eta era horretako edukiak, besteak beste.
Irakaslea izateaz gainera, duela gutxi Ugaoko Udazken musikatuan izan zinen, baina artista bezala.
Udazken Musikatuan izan ginen Piti eta biok, formatu akustikoan, benetan gustura. Jane Jauregiko ganbara leku polita da eta formatu akustikoak egitearen oso aldekoak ez bagara ere ezin gara jende askorengana heldu formatu elektrikoan. Eskaintza oso erakargarria egin ziguten antolaketatik eta esperientzia itzela izan zen.
Nola ikusi zenuen Ugaoko publikoa koronabirusak baldintzatutako saio intimo horretan?
Ondo, formal-formal eserita eta lasaitasuna transmitituz. Argi dago musikak nolabait berpiztu egiten gaituela, eta normaltasun ez erreal batera garamatza. Momentu hauetan guztiz beharrezkoa dugu hori.
Kultura segurua al da gaur egungo egoera ikusita?
Bada, bai. Behar den gauza bakarra emanaldi horiek egiteko espazioa izatea da, eserleku kopuru jakin batekin. Era honetako jarduerak osasun neurriak jarraituz egiten badira, guztiz segurua da kultura.
Koronabirusa heldu baino lehen, lan handia zeukan talde hasiberri batek aurrera egiteko. Nolakoa da egoera gaur egun?
Oso zail dauka talde hasiberri batek aurrera egiteko. Guk zorte izugarria daukagu, denbora daramagulako honetan eta kultur etxeetan zein Udaletan arazo barik sartzen garelako. Non sartuko dira talde txikiak orain?
Nola hasi zen Zea Maysen oihartzuna?
‘Gaztea Maketa Lehiaketa’ irabazi genuenean. Gure zabalkundea gaztetxeei esker izan zen astebururo kontzertuak eskainiz han eta hemen. Momentu honetan aukera hori ez da existitzen talde txikientzat.
Zer egin daiteke gaurko egoera ikusita?
Gobernuaren aldetik ez dago lan handirik talde txikiak bultzatzeko, euren zereginak beste gai batzuk direlako. Bestalde, ez dakit egoerak zein puntutaraino uzten duen horren inguruko ezer antolatzen. Zenbat aulki jar daitezke gaztetxe txiki batean? Horren guztiaren kontrola izatea benetan lan zaila da. Agian, aretoek talde txikiak kontratatu beharko lituzkete talde handiekin batera, baina gaur egun talde bi eszenatoki berean ikustea oso zaila da. Garai txarrak dira eszenatokietara igotzeko eta baita entseguak egin ahal izateko ere, talde profesionalek egin ditzaketelako entsegu-saioak.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Pasio Bizia martxoaren 28 eta 29an antolatu dute
Hilaren 28an Azken Afaria antzeztuko dute eta hurrengo egunean, Gurutze-bidea
Gaztek-Abi elkarte zaratamarra Aste Santuko Pasio Biziaren 56. edizioaren azken ukituak egiten ari da. Martxoaren 28an eta 29an egingo dute Arkotxako aurtengo ikuskizuna “Aste santua bizi dezagun, gainontzekoek hala bizi dezaten” lelopean.
Hilaren 28an, Ostegun Santuan, Azken Afaria taularatuko dute Arkotxako San Bizenti elizan, 19:00etan. Hurrengo egunean, martxoaren 29an, Gurutze-bidearen antzezpena egingo dute.
Gaztek-Abitik eskerrak eman nahi izan dizkie beste urte batez Aste Santuko Zaratamoko Pasio Bizia antolatzen laguntza eman duten pertsona zein instituzioei.
☉ Zaratamo
Oier Elorz pilotari zaratamarrak Euskal Ligako eskuz binakako gazteen txapelketa irabazi du
Zaratamarra “oso pozik” agertu da Upo Mendirekin finala irabazteagatik eta hurrengo erronka asteburu honetan hasiko duten Grabni txapelketa izango da
Joan den martxoaren 8an Euskal Ligaren finala jokatu zuten Upo Mendi Pelota Klubeko Oier Elorz zaratamarrak (Zaratamo, 2007) eta Unax Ramirezek Intxurreko (Alegia) Murua eta Iturriozen aurka, eskuz binakako gazteetan, Aretako pilotalekuan.
“Partida oso orekatua” izan zela azaldu dio Txemi Elorz Oier Elorzen aitak GEURIAri. Zaratamoko pilotariek aurrea hartu zioten markagailuari 11-1eko emaitzarekin: “Upoko pilotarien hutsak aprobetxatuz markagailuko emaitza hiru tantuko aldearekin berdintzea lortu zuten aurkariek, baina alferrik; partidaren amaieran 21-16 irabazi zuten Upo Mendikoek”.
Bilakaera “nahiko ona”
“Mutilek nahiko ondo jokatu dute Euskal Ligan zehar”, azaldu du Txemik. “Partidak ez dira oso zailak izan, Oihartzungo pilotari batzuen aurka jokatutako norgehiako bat izan ezik”. Aitak azaldu bezala, Oier “oso pozik” agertu da eskuz binakako gazteen Euskal Liga irabazteagatik. “Oierrek hainbat txapelketa irabazi ditu: Bizkaiko Txapelketa, Renterian, Diman, Sopelan jokatutakoak… asko dira eta ez ditut guztiak buruan momentu honetan”, dio pozik.
Hurrengo erronkei begira, Oier Elorzen hurrengo helburua Grabni txapelketa da epe laburrean. Asteburu honetan hasiko dituzte pelota partidak: “Nafarroa eta Gipuzkoako pilotariak egongo dira bertan eta Oierrek aurre egin beharko dio erronka handi horri”, azaldu du Elorzek. Momentuz, Upo Mendi Pelota Klubeko pelotariak jo eta su dabil Baiko enpresagaz entrenamendu lanak egiten.
☉ Zaratamo
Ane, Izaro eta Miren:«Belaunaldien arteko ahalegin kolektiboa egin behar da Zaratamoko feminismoak aurrera dezan»
Ane Bikandi, Miren Ugarriza eta Izaro Iturriondobeitia zaratamar gazteekin elkartu gara herriko feminismoaren etorkizunaren inguruan berba egiteko
Zaratamoko feminismoak etorkizun oparoa izateko beharrezko gakoak ezagutzearren herriko hiru neska gazterekin elkartu da GEURIA, Irantzu Lekue artista arabarrak 2022an margotutako muralaren aurrean. Feminismoaren geroaz galdetuta, unibertsitateko ikasleek azaldu dute egin beharreko ahalegina ez dagoela bakarrik gazteen eskuetan, herrian bizi diren belaunaldi guztietako emakumeen artean baizik.
Emakume moduan, nolako herria da Zaratamo gizon eta emakumezkoen arteko berdintasunari dagokionez?
Miren Ugarriza: Azken bolada honetan emakumeak barnebiltzen dituen hainbat ekintza ikusi ditut herrian. Egia da Zaratamon eskupilotak eta frontoiak presentzia handia duela eta hor gizonak gailentzen direla. Hala ere, betidanik neskok alde batetik eta mutilak bestetik bildu garen arren, pixkanaka-pixkanaka herriak guztiok parte hartzeko aukerak ematen dituela ikusten nabil.
Matxismoaren arrastorik ikusten duzue Zaratamon?
Ane Bikandi: Zaratamon, inguruko herrietan moduan, badaude matxismoaren arrastoak. Non ez? Azken batean, gizartea den bezalakoa da eta egia da eskualdeko herri txikienetakoan bizi garela. Hala ere, esan behar da gainontzeko udalerriekin alderatuta mikro-burbuila batean bizi garela: denok ezagutzen dugu elkar eta bertan egiten den bizitza oso lasaia da: lagunekin zerbait hartu, mendira joan, familiarekin egon, bizitza estiloa hori izanik zailagoa egiten zaigu matxismoaren arrasto horiek ikustea, egia esan. Herrian bizi dugun familia giro horrek ez digu uzten Bilbo bezalako hiri batean sumatu daitezkeen matxismo arrasto horiekin alderatzen.
Landa eremua izanik, matxismoaren arrastorik ikusten al da Zaratamo bezalako herri batean? Arrastorik egotekotan, nolakoak dira?
A.B.: Egia da landa eremuan bizitzeagatik, biztanle gutxiko eremua izateagatik, alegia, harreman handiagoa dugula emakume helduagoekin. Baina harreman hori agian ez da hain estua edo politikoa. Ez dakigu zer pentsatzen duten feminismoari buruz, esaterako. Egia da azken hilabeteetan gai hauek jorratzeko taldea sortu dela Zaratamon, eta hori aurrerapauso garrantzitsua da guretzat, herrian inplikazio handiagoa dagoela esan nahi duelako, nolabait. Gainera, adin ezberdinetako emakumeez osatutako taldea da. Aurrerantz goaz, beraz, eta uste genuena baino inplikazio gehiago dugu Zaratamon, egia esateko, feminismoaren inguruan informazio gutxi geneukalako herri honetan, batere ez geneukala ez esatearren.
“Zaratamok gazteoi eskaintzen dizkigun aukerak eskasak dira. Horrek herritik joatea eragiten du”
Gazte gutxi bizi zarete herrian. Bertan ikusten duzu zuen burua etorkizunean?
M.U.: Asko gustatzen zait Zaratamok eskaintzen duen bizitza estiloa. Hemen oso lasai bizi naiz, jendea ezagutzen dut, segurtasuna ematen didana, eta aldi berean hirigunetik hurbil bizi gara. Noski, gustatuko litzaidakeela hemen jarraitzea. Hala ere, orokorrean etorkizuna latza izango da, gaur egun etxebizitza bat lortzea zaila da eta, gainera, Zaratamon ez dago etxebizitza nahikorik. Oraindik ikaslea naiz eta ez daukat oso argi nire ibilbidea norantz doan, baina Zaratamok gazteoi eskaintzen dizkigun aukerak eskasak dira, eta horrek gazteok herritik joatea eragiten du.
Talde feminista sortu dute Zaratamon orain dela gutxi. Bertan parte hartzen duzue edo horretarako asmorik baduzue?
A.B: Duela gutxi sortu zuten Zaratamoko Berdintasun Batzordea eta benetan pozten nau hauxe herrira ekarri izanak. Gauza berria da guretzat eta, egia esateko, ez dakigu norantz enfokatuko duten: talde feminista sortzea, feminismoaz berba egiteko leku seguru bezala erabiltzeko.Dena dela, taldeak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko edota horien inguruan informatzeko prest egongo nintzateke.
Unibertsitatean ari zarete zuen ikasketak egiten. Berdintasuna zaintzen den esparrua da edo oraindik asko dago egiteko?
A.B: Egia da unibertsitatean, gizartean ondo edo gaizki egiten diren gauzak bereizi egiten dituztela. Hala ere, unibertsitatean lan egiten edo ikasten duten pertsonek matxismoa bereganatuta dute eta oraindik ikusten den kontua da hori. Ikasketei begirada bat bota besterik ez dago horretaz jabetzeko: erizaintzan emakumeak dira ikasle portzentaia handiena eta ingeniaritzan, ostera, gizonezkoak. Gure partetik gizartea aldatzen saiatzen gara etengabe, baina denok ditugu aurreiritziak barnean eta hori gure barnetik egun batetik bestera ezabatzea ezinezkoa dela uste dut.
Martxoaren 8a gertu dago. Nolako garrantzia dauka egun horrek zuentzat?
M.U: Azken urteotan martxoaren 8arekiko ikuspuntua aldatu egin zait. Garrantzitsua iruditzen zait egun horretan emakumeon eskubideak eta figura aldarrikatzea, baina pertsonalki azken bolada honetan nahiago izan dut nire egunerokotasunean feminismoa nola aplikatzen dudan aztertu eta zuzentzea. Martxoaren 8an parte hartu arren, feminismoa egunero landu behar da, ez da egun bakarra existitzen emakumeak ospatu eta aldarrikatzeko.
“Adineko emakumeek feminismoaz zer pentsatzen duten ez dakigu. Harremana ez da hain estua”
Martxoaren 8aren markoan, jardueretan parte hartzeko asmorik baduzue?
Izaro Iturriondobeitia: Azken urteetan Zaratamon ez da ekintzarik egin Martxoaren 8an. Hortaz, inguruko herrietan zein Bilbon izan gara bertan egin izan diren manifestazio handietan parte hartuz. Herri txikiagoei begira, Arrigorriagan prestatu ohi dituzten jarduera eta elkarretaratzeetan ere parte hartu izan dugu ahal izan dugun heinean, bertan ere ezagunak egon ohi direlako.
Nolako garrantzia daukate Zaratamoko neska gazteek herriko feminismoaren etorkizunari begira?
I.I: Herriko feminismoaren etorkizunari begira uste dut neska gazteek garrantzia izango dugula, baina biztanleriari dagokionez oso talde txikia gara eta ez gara bakarrak; esan bezala, Zaratamo herri txikia da eta azkenean denon lana da feminismoak aurrera egitea. Ikusi da interesa adin ezberdinetako emakumeetatik etorri dela eta horixe da, hain zuzen ere, gakoa: ahalegin kolektiboa eta belaunaldien artekoa egin behar da herriko feminismoak aurrera egiteko.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Moiordin eta Mendieta lotzen dituen oinezkoentzako bidearen lanak amaitu dituzte
Udal ordezkarien arabera, Moiordin eta Ugarte industrialgunea konektatuko duen proiektuaren helburua langileek Arrigorriagako zerbitzu publikoa erabiltzeko aukera izatea da
Moiordin eta Mendieta auzo zaratamarrak lotzen dituen oinezkoentzako bide berriaren lanak amaitu ditu Udalak. Moiordin eta Ugarte industrialgunea lotuko dituen proiektu honen lehen fasea da honako hau eta Moiordin auzoko Irisgarritasun planean jaso zen 2021eko martxoan.
Aste batzuetako iraupena izan duten lan hauetan porlan zimurra erabili dute langileek irristagarritasun arazoak ekiditeko eta errepidetik bereizteko. Gainera, bazter-babes bikoitza eta baranda berriak ipini dituzte bide berrian zehar.
Lan hauekin batera, Zaratamoko Udalak lan txiki bat egin dute Moiordineko Makatza tabernaren pareko espaloian, bertan zegoen irisgarritasun arazoarekin behin betiko amaituz.
Ugarte, ikusmiran
Zaratamoko Udalaren hurrengo erronka Mendietan amaitzen den bide hori Ugarte 1 industrialgunearekin “modu irisgarrian” lotzea da, udal ordezkariek GEURIAri azaldu bezala: “Oinezkoentzako bide berria amaitzen diren lekuan Ugarte 1 industrialguneko eskailerak daude”, azaldu du Alberto Ugarriza herriko alkateak, eta asmoa eskailera horiek arrapala irisgarri batean bihurtzea dela azaldu du.
Hala ere, herriko alkateak azpimarratu du obra “konplexua eta garestia” izango dela, egitura ezponda handi baten ondoan dagoelako. Ondoren, Ugarte 1eko pabilioiak Ugarte 2koekin konektatu beharko lirateke, “espaloi baten bidez, ziurrenik”. Ugarte 2tik ibilbideak Mendieta auzoari helduko lioke, bertatik Elexaldera “modu irisgarrian” joan ahal izateko.
Moiordin eta Ugarte konektatzean jendeak Zaratamotik Arrigorriagako herrigunera zeharkatzeko aukera izango du Bi-625 errepide gaineko zubitik zehar: “Bigarren fase honen helburu nagusia industrialguneko langileek Arrigorriagako garraio publikoa erabiltzeko aukera ematea da, kotxea ez erabiltzeko”, gehitu du Albertok.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Arkotxako jaiak ekainaren 7tik 9ra egingo dituzte aurten
Akais, Etxebarria Aita ta Seme Trikitilariak, Oihan Vega DJa, Ealain zaratamarrak eta Akerbeltz Erromeriaren kontzertuak baieztatu ditu Jai Batzordeak momentuz
Arkotxako Jai Batzordea aurtengo jaiak prestatzen hasi da eta duela egun batzuk Zaratamoko auzoko jaiak antolatzeko lehen bilera antolatu zuen. GEURIAk jakin ahal izan duenez, aurtengoak ekainaren 7tik 9ra izango dira eta programa guztiz itxita ez badago ere, zenbait kontzerturen berri eman dute antolakuntzatik.
Akais taldeak flamenkoa ekarriko du Zaratamoko auzora eta Euskal Herriko erromerien esparruan Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak izango dira. Musika modernoari dagokionez Oihan Vega DJaren saioak dantzarako tartea eskainiko die auzotarrei, eta herriko Ealain taldeak bere folk-metal proposamen indartsu taularatuko du. Goizaldea Akerbeltz Erromeriak girotuko du.
Nagusientzako lekua ere egongo da eta txitxarrilloa ekarriko dutela iragarri dute batzordetik: “Hala ere kontuan izan beharrekoa da horiek ez direla kontzertu guztiak izango; gehiago baieztatuko ditugu laster”. Aurreko urteetan Bongo Botrako, La Raíz, Vendetta eta Zoo bezalako taldeak igo dira Arkotxako oholtzara, besteak beste.
Musika eskaintzaz gainera, bestelako jarduera gehiago aipatu dituzte antolakuntza taldetik eta haurrentzako jolasak, herri-kirolak, barrakak, ikuskizunak eta gastronomia-lehiaketak egongo direla azpimarratu dute.
Diru gutxiago jaietarako
Jai Batzordearen arabera, Arkotxako jaietako aurrekontua “dexente” jaitsi da: “Bizitzaren igoera kontua izanda muntaketa-lanak, karparen instalazioa, kontzertuen kudeaketa, ekitaldiak… den-dena igo da eta aurrekontua txikiagoa da aurreko urtekoekin alderatuz, eta dena moldatzea erronka handia izaten ari da guretzat”, eta aurreko urteetako eredua “mantendu” nahi dutela gehitu dute tadetik.
“Aurtengo aurrekontua txikiagoa da aurreko aurtekoekin alderatuz, eta dena doitzea erronka handia izaten ari da guretzat”
“Zaratamon dauden gainontzeko elkarteak gonbidatzen ditugu gure jaietan parte hartzera”, azaldu dute Jai Batzordetik. Laster bigarren bilera egingo dute eta programa osotuago baten berri emango dutela azaldu dute.