→Zaratamo

Zaratamo euskaraz | Aitziber Cobo: “Haurrak dira euskararen erabileraren itxaropena Arkotxan”

Aitziber Arkotxako 28 urteko auzotarra da. Ikasketak eta lana euskaraz burutzen dituen arren, bere eremu pertsonalean euskara indarra galtzen ari dela dio.

Aitziber Cobo Martinez / Geuria

Arnasgune izatetik itogune izatera. Aitziber Cobo eta Karlos Zarraga Zaratamoko Arkotxa eta Elexalde auzoetako euskararen bi adierazle dira. Biekin egon gara euskarak Zaratamon izan duen bilakaeraz eta etorkizunaz berba egiten. Aitziber Cobo Martinez: “Haurrak dira euskararen erabileraren itxaropena Arkotxan”  /  Karlos Zarraga Ellakuria: “Duela 100 urte Arkotxako gazteek euskaraz egiten zuten”

Aitziber Cobo Martinezen etxean (Bilbo, 1993) euskaraz egin ez arren, ikasketa guztiak euskaraz egin ditu eta dagoeneko EGAduna da. Arkotxako lehen hezkuntzako irakasleak Zaratamoko Udalean lan egiten du enplegu-teknikari eta bere hitzetan auzoa euskalduntzearen gakoa hizkuntzaren erabileran dago, Zaratamoko haurrak herriko euskararen etorkizunaren ardatza izanik.

Zer nolako lana burutzen duzu Zaratamoko Udalean? Lehen hezkuntzako irakaslea banaiz ere, momentu honetan enplegu-teknikari lez egiten dut lan. Koronabirusa dela eta, eskoletan lan egiteari utzi behar izan nion eta Zaratamoko Udalean behar egitea proposatu zidaten, eta horretan ari naiz.

Euskaraz egiten al duzu Udaleko langileekin? Ia gehienekin. Dakitenekin euskaraz egiten dut berba.

Zer nolako garrantzia dauka euskarak zure bizitzan? Eta lanean? Ikasketak euskaraz burutu ditut betidanik, eta irakaslea izanik, orain arte D ereduko haurrekin lan egin dut, eskola barruko zein eskolaz kanpoko jardueretan. Arlo profesionalean pisu handia izan du euskarak betidanik. Euskara niretzat lan-eremuko hizkuntza da. Dagoeneko, gaur egun batzarrak erdaraz egin behar ditugun bakoitzean erdarazko berbak topatzea kostatu egiten zait. Hala ere, esparru pertsonalean gero eta gutxiago egiten dut euskaraz eta elkartzen naizen pertsona horiekin presentzia gutxiago dauka gure hizkuntzak. Azken batean, uste dut euskararen erabilera ohitura moduan dugula. Zortea daukat haur txikienekin beti euskaraz egin dudalako eskolan eta oso pozgarria da herrian eurekin topo egiten dudan bakoitzean nirekin euskaraz mintzatzen direla ikustea. Haur txikiak dira bereziki nigana hurbildu eta euskaraz egiteko aldez aurreko jarrera dutenak.

Euskara egiten al da Arkotxan? Ohitura falta dago auzoan eta, zentzu negatiboa izan arren, badu alde positiboa ere: haurrek nirekin euskaraz egin dezaketela ikusten badute, agian gainontzekoekin ohitura berbera jarri dezakete martxan. Jende askok uste du euskararen erabilera eskola-eremura mugatzen dela soilik eta nik lortu dut euskara eskolatik kanpo zabaltzea, haurrekin.

Alde handia dago Arkotxa eta Elexalde auzoen artean euskararen erabilerari dagokionez? Elexaldekoek gehiago erabiltzen dute elkarren artean komunikatzeko Arkotxakoek baino. Eta ez da ezjakintasun kontua, ohitura falta baizik. Euskaraldian uste baino jende gehiago irten zen kalera Arkotxan euskaraz egitera. Guraso eta senide askok jakin badakite euskaraz egiten Arkotxan.

Zergatik uste duzu dagoela ohitura falta hori zure auzoan? Lotsa kontua izan daiteke askotan, modu onean esanda betiere. Euskaraldian bideoak grabatu genituenean jendeak euskaraz egiteko lotsa zeukala esaten zigun, hanka sartzeko beldurra zeukatela argudiatuz. Beste batzuetan hizketa bat euskaraz hasteko orduan beldurra sentitzen dute auzotarrek, beste hizlariak euskaraz jakingo ez duen zalantzarekin.

Nahikoa al dira Euskaraldia bezalako ekimenak egoera honi buelta emateko? Euskaraldia gure hizkuntza indartzeko ekimen zoragarria izan arren, nik uste dut aldaketa sakonagoa egin beharko genukeela. Zaratamoko Udalean euskara bultzatzeko hainbat ekimen prestatu ditugu, esaterako, euskara ikasketa- eta lan-eremutik harago eramateko. Euskara gure artean komunikatzeko estrategia polita da eta gaztetxoengan egin behar dugu indar gehiena, horiek baitira gure etorkizuna. Gaur egun, nagusiek aurretiko jarrera murritza dute euskararekin eta baita beste esparruetan ere: etxe bat eraberritu behar denean “zertarako?” izan ohi da askoren erantzuna. Umeek ostera, aurretiko jarrera aktiboagoa daukate, eta hau aplikagarria da gure hizkuntzaren erabileran ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak