→Zaratamo

Ana eta Marian (Zaratamo): “Euskaraldiak gazte batzuengan badu eragina, baina tropela ez doa bide horretan”

Ana Ellakuria eta Marian Arin Zaratamoko Euskaraldiaren talde dinamizatzaileko kideak dira. Ana euskara irakaslea da institutu batean eta Marian, mendizalea eta euskaltzalea

Ana Ellakuria eta Marian Arin / Geuria

Euskaraldia Euskal Herri mailako dinamika da, handian zein txikian eragiteko tresnak herritarren eskura jartzen dituena. Herri bakoitzak bere modura ekin behar dio Euskaraldiari eta Zaratamok bere bideari ekin dio. Marianek ez zuen parte hartu 2018an. Anak bai, irakaslea den aldetik, gela barruan bizi izan zituen dinamikak.

“Herri txikia izanik, auzoetan sakabanatuta, ondoko herrietara joan ohi gara halako ekimen orokorretan parte hartzeko”, diote. 2018an ez bezala, lantaldea sortu dute aurten eta Euskaraldia zabaltzen ari dira euskara pizteko asmoz: Udala eta kultur etxea, tabernak, mediku kontsultak eta erizaina…

Zaratamoko Euskaraldia Instagramean topatuko dituzu, baita zaratamokoeuskaraldia@gmail.com helbide elektronikoan ere. Marianekin eta Anarekin batu gara lantzen ari diren dinamikaz berba egiteko.

2018tik hona beste modu batean heldu diozue dinamikari.
Marian Arin: Lehen Euskaraldian txapak beste toki batzuetatik lortu genituen. Ez genuen pentsatu ere egin talde bat egitea.
Ana Ellakuria: Iazko abenduaren 3an herritar batzuk bildu ginen Euskararen Egunaren bueltan eta bilera hartatik sortu da taldea. Karmelo Aiesta arrigorriagarrak Euskaraldiaren inguruan eman zuen hitzaldia. Orduan erabaki genuen animatzea. Aurten bakoitzetik 350 txapa ditugu, belarriprest eta ahobizi.

Nortzuk osatzen duzue taldea?
AE: Norbanakoak gara, ez dago ordezkaritzarik. Gure izenean aritzen gara. Guztira hamar bat lagun gara eta guk geuk koordinatzen dugu taldea. Miren eta biok goaz Bilboko bileretara edo online bidez entzuten ditugu bertan esaten direnak… eta esan behar dugu gure burua hortik oso aldenduta ikusten dugula.

Proiektu nazionala herri txiki batera egokitzerakoan?
AE: Zaratamok bere berezitasunak ditu: sakabanatutako auzo ugari, elkar ikusteko zailtasunak, ez dago saltokirik eta osasun krisi batean gaude. Horiek kontutan hartuta, gure ahalegina herritarren kohesiora bideratzen ari gara. Auzoz auzo goaz, gure burua aurkeztu, parte-hartzea eskatu eta akuilu izaten gara.
Akuilu bazarete, horrek esan nahi du badagoela aukera Euskaraldia lantzeko.
MA: Euskaldun asko dago. Baina euskaldun kopurua ikusita, ez da nabarmentzen kalean erabilera. Gure lana ahobiziak agerrarazten ikusten dugu, belarriprestak hartzen baino. Hau euskalduna da, bestea ere bai… euskaldun asko dago, baina sekula ez diezu entzun euskaraz. Inplikazioa eta motibazioa. Hori da bilatzen duguna.

Ohiturei erreparatzen diezue hortaz.
AE: Etxealdian eguneroko ohiturak aldatzeko esan ziguten. Hori zela abiapuntua. Gaur egun, eskolan hasterako ohiturak oso barneratuta dituzte.
MA: Ni Andoaindik etorri nintzenean, asko harritu ninduen gaur egun 90 urte dituzten pertsonak gaztelaniaz entzuteak. Andoainen euskaraz egiten zuten, baina hemen jada ez. Euskaldun osoak izan arren, gaztelaniazko ohitura zuten, aspalditik errotuta, eta ohitura sendoak dira. Azkenean, euskara mordollo, erdera tortollo!
AE: Hori da, euskararen lotsaz, gaztelaniaz, eta gaztelaniaz gaizki.

Lanik handiena auzoetan egiten ari zarete.
AE: Beste herri batzuetan zentroak indar handia dauka, baina gurean ez. Zaratamon, nahi eta nahi ez, auzoka bideratu behar ditugu proiektuak, bai Euskaraldia, bai gainontzekoak. Horretan ari gara lanean eta aurrera goaz. Konturatu gara auzoak badirela kohesiorako elementu bat. Batetik, bideotxoak grabatzeko eskatzen diegu herritarrei, eta Arkotxak sorpresa ikaragarri ona eman digu! Pozik gaude. Eta apurka-apurka auzo guztietako herritarrekin mosaiko handi bat egiteko asmoa dugu.

Mezua helarazteko eta ulertzeko lasaitasuna eta denbora hartzea faltan botatzen duzue.
MA: Taldean hamar gara, horietako bakarra da gaztea. Auzoz auzo gabiltzanean konturatzen gara ez dela horren erraza herritar gazteak inplikatzea. Ordutegi eta ohitura ezberdinak dituzte. Horrez gain, garrantzitsua da esatea hau ez dela ohiko kanpaina bat, ariketa bat dela. Uste dut ez dugula hartzen patxadarik, denborarik, elkar entzuteko. Ez guk, ez haiek. Hau da, guk azaltzeko “hemen gatoz Euskaraldiarekin, baina hau ez da Bai Euskarari! edo bestelako kanpaina bat. Beste zerbait da”. Eta aurrean dugunak ez du patxadarik hori entzuteko. Egia da egin egiten dela, baina ez dakit benetan badakien zertarako eman duen izena. Sentsazio horrekin geratzen naiz.
AE: Euskaraldiak azaroan eta abenduan euskararen erabilera handitzea lortzen duela diote. Grafiko batean ikusiko bagenu, marrak urte amaieran gora egingo luke eta ematen du hurrengo hilabeteetan ere apur bat mantendu egiten dela. Horretan sinetsi behar dugu. Aztarna geratzea da inportantea. Kualitatiboa kuantitatiboaren gainetik.
MA: Egia da familiak, gizarteak berak, asko arrastatzen duela, baina “guk gure artean zergatik hitz egiten dugu gaztelaniaz? Bada hemendik aurrera ez. Euskaraz egingo dugu”. Erabaki bat da, besterik ez. Zuk halako hamabi ohitura aldatzen badituzu, nik beste batzuk… Hori da bidea.

Horren sinplea eta horren zaila.
AE: Institutu batean euskara irakaslea naiz eta udaberriko itxialdian topera ibili gara lanean, online, ikasleei euskaraz esaldi bat ateratzeko ahaleginetan. Ez dute euskara inondik ere entzuten eta ez dute apreziatzen. Euskaraldiak, ostera, eragina du: ikasle batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, baina gela guztietan bada motorea den taldetxoren bat eta eurek institutuan dinamizatzaile lanak hartzen dituzte. Horiekin oso gustura geratzen zara, pozarren! Baina tropela ez doa bide horretan. Eta arazoa ez da euskara! Gainontzeko ikasgaietan ere antzeko jarrerak sortzen dira.

Zer beharko luke Zaratamok euskara pizteko?
MA: Udala euskalduna dugu, langileak eta korporazioa; kultur etxea ere bai. Hurrengoa guk geuk sinistea da. Herriko talde dinamikoenak euskaldunok osatzen ditugu.
AE: Agian ematen du ez garena, talde dinamikoenak euskaldunak garelako, baina plazako ume giroak asko esaten du, jolastorduak, ostiral arratsaldeko jolas-parkeak. Horiek guztiak erdara hutsean izaten dira.
MA. Baina nik ez nuke ezer handirik eskatuko. Euskaldunok, guk geuk euskaraz egitea. Orain dela hamalau urteko pasarte bat kontatuko dizuet: Gure etxean Saharako ume bat izan genuen, herriko eskolan ikasten zuen. Berarekin hizketan ari ginen eta eskolako beste ume batek galdetu zion: “Zure etxekoa irakaslea da?”. Eta berak erantzun: “Ez”. “Ah, euskaraz hitz egiten duelako galdetu dizut”.

Eta Euskaraldiari zerbait eskatuko zeniokete?
MA: Parlamentuak euskaraz egitea. Ez legoke gaizki!
AE: Prestigioa behar du, agian horrek prestigioa emango lioke. Askorentzat euskara toki nekagarria dela ematen du, eskolatik atera behar dugu, ezin du gustura egiten ez dugun zerbait izan, ezin du zama izan… Gustura hartu behar den zerbait da euskara, gustuko tokian ez dagoelako aldaparik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak