→Zaratamo

Andoni Gutierrez: “Mendi gidaria izateko energia, konfiantza eta segurtasuna helaraztea ezinbestekoa da”

Mendia eta irakaskuntza ditu pasio Andoni Gutierrezek. Feel the adventure enpresarekin biak batu ahal izan ditu, horren bidez prestatutako irteeretan gidari izanik.

Andoni Gutierrez mendi gidaria / Utzitakoa

Andoni Gutierrezek (Zaratamo, 1983) betidanik izan du mendia presente. Arkotxan jaioa, gaztetan hasi zen etxe inguruko mendiak ezagutzen. Hala ere, heldua izan arte ez zitzaion modu profesionalean mendian aritzeko grina sortu. Horrek bere etorkizuna izan behar zuela ulertu bezain laster, lanean hasi eta mendiko gidaria izateko helburuarekin, Kirolene Eskolan ikasi zuen zenbait urtez. Orain, mendi eta arroiletako gidariaren tituluak lortuta, urtebete darama bere ametsa bizitzen, martxan jarri duen ‘Feel the adventure’ enpresaren bitartez. Horren inguruan, bereziki, aritu gara berarekin hizketan.

Mendia beti egon da zure bizitzan…
Kirola eta mendia betidanik gustatu izan zaizkit. Oso gazte hasi nintzen lan egiten, 18 urterekin. Ez neukan oso argi zertan aritu nahi nuen. Batxilergoa bukatu nuen eta informatika munduan sartu nintzen. Baina, laster konturatu nintzen ez nuela nire burua egunero ordenagailu baten aurrean jesarrita ikusten. Horregatik ikasketak utzi eta berriro lanean hasi nintzen. Urte batzuk geroago, 24-25 urterekin ikasketekin jarraitzea erabaki nuen, baina momentu horretan argi nuen kirolarekin zerikusia zuten ikasketak egin nahi nituela.

Eta orduan sartu zinen Kirolenen.
Hori da. Kirolene Kirol irakaskuntzen ikastetxea da. Bertan hainbat kiroletako erdi eta goi mailako zikloak ikas daitezke. Nik bertan Mendi Ertaina zikloa egin nuen. Beraz, Mendi Ertaineko Kirol Teknikariaren titulua lortu nuen. Momentu horretan argi nuen hori zela jarraitu behar nuen bidea, asko gustatzen zitzaidan eta. Orduan, urte batzuk geroago, Kirolenera itzuli nintzen eta beste gradu bat egin nuen, Arroilen jaitsierako Kirol Teknikariarena. Bestalde, 2016. urtetik Bizkaiko Mendi Federazioan teknikaria ere banaizela esan behar dut.

Ondorioz, mendi gidaria zara… Zer behar da gidaria izateko?
Energia transmititzea lortu behar dugu lehenik eta behin. Energia edo gertutasun hori lortzen badugu konfiantza jorratuko dugu eta konfiantza jorratzean segurtasuna landuko dugu. Konfiantza ez badugu transmititzen segurtasuna transmititzea oso zaila izango da. Beraz, profesionala izateko jendetasuna ezinbestekoa da, transmititzeko gai izan behar dugu gidariok.

Zuen papera garrantzitsua da…
Bai. Azken finean, mendira joateko baldintza fisiko onak eta izateaz gain, segurtasuna eta lanketa psikologikoa ere ezinbestekoak dira. Mendira joatean zerbait planeatu dugun bezala irteten ez bada, jendea batzuetan blokeatu egiten da eta guk, gidariok, irakasten diegu blokeo horietatik ateratzen. Egoera horietan estresa nola kudeatu behar den irakasten diegu.

Orain Feel the adventure sortu duzu…
Bai, nire ametsetako proiektua da. Euskal Herrian eta inguruetan zehar mendi ibilbideak eta mendian ibiltzeko formakuntza ikastaroak eskaintzen dituen enpresa da. Baita arroilen jaitsierak eta mendiko espedizioak programatzen eta antolatzen dituena ere. ‘Feel the adventure’ nire marka da, Mikel Barcenilla Menditekeko gidariarekin sinergia bat egin dut. Gaur egun esperientzia atalak ‘Feel the adventure’ek eramaten ditu eta Menditek-ek formakuntza.

Zein lekutara egiten dituzue espedizio eta txangoak?
Euskal Herri mailako mendi eta arroilak ezagutzea dugu helburu, eta gero ingurukoak. Askotan, Gorbeiako parke naturalera joaten gara. Bertan gaueko irteera bat daukagu, gure ospetsuenetarikoa. Jende asko joaten da Gorbeiako parke naturalera, baina oso jende gutxik egiten du gauez. Horretan, goiz geratu eta kopetako argiekin joaten gara. Beste irteera ezagun bat Urkiolako parke naturalera egiten duguna da. Horretan Baltzolako kobazuloak ezagutzen ditugu. Mitologia, kultura eta mendiak uztartzen ditugu bertan. Euskal Herritik kanpo, adibidez, Pirinioetara, Europako Mendietara, Alto Campoora…

Andoni Gutierrez mendi gidaria / Utzitakoa

Mendiaz jakin behar da irteeretara joateko?
Ez dago profil zehatzik. Denetarik dago. Batzuetan familiak etortzen zaizkigu, beste batzuetan lagun taldeak, bikoteak eta mendira norekin joan ez duten pertsonak. Maila desberdinak kudeatzen ditugu. Egia da eskaintzen ditugun ekintza guztiak abiatze-ikastaroak direla, eta bezeroak hartzen ditugun heinean maila altuagoak eskaintzen hasten garela. Esaterako, Arkotxan badut arroiletara joateko talde bat. Horrekin maila batean hasi ginen eta poliki-poliki igotzen goaz.

Errespetua diozu mendiari?
Egia esan, lehen ezjakintasunean ibiltzen ginen eta ezjakintasun hori daukazunean ez zara kontziente arriskuaz. Baina faktore garrantzitsuez kontziente izaten hasten zarenean, adibidez, neguan elur-jausiekin, ardura gehiago hartzen duzu. Zorionez, ez dut sustorik izan.

Segurtasun ikastaroetan zein da kezka nagusia?
Ikastaro hauetara etortzen den jendearen beldurrik handiena mendian galtzea da. Guk beti azaltzen diegu hori gertatu ahal zaizun gauzarik txikiena dela… Galtzea ez da arazo larria, beti ere motxila on bat eramaten baduzu. Hori irakasten diegu. Motxilan kopetako argia eta tapaki termikoa eraman behar da. Modu horretan, gaua heltzen bada beroa eta argia izango dugu. Bestalde, mugikorra ere motxilan eraman behar da, baina beti itzalita edo hegazkin moduan. Ezin da GPSa edo mapa sakelako telefonoan eraman. Mapa fisikoa eta iparrorratza eraman behar da mendira eta mugikorra behar denean erabili. Horregatik horiek erabiltzen ikasteko ikastaroa ere eskaintzen dugu, mendiaren esentzia dira eta.

Herrietan ere hitzaldiak eman dituzue…
Bai, adibidez, Etxebarriko kiroldegian egon ginen pasa den urtarrilean segurtasunaren inguruko hitzaldia ematen. Ondoren, ditugun ikastaro, irteera eta esperientziei buruz hitz egin genien. Poliki-poliki hasi gara hori beste herrietan ere egiten, mendia bistaratzeko. Jendeak ikusteko kirol hau praktikatzeko aukerak badaudela.

Urtebete daramazue. Zer geratzen zaizue egiteko?
Orain arte esperientzia eta ikastaro guztiak oso positiboak izan dira. Irteerak bukatzerakoan elkartzen gara eta txangoari buruz hitz egiten dugu, bai gauza positiboei buruz bai hobetzeko egon daitezkeen gauzei buruz. Horrela ondorioak ateratzen ditugu. Jendea oso gustura ateratzen da. Urtebete pasa ondoren, gure helburuetako bat udarako astebeteko esperientzia bat prestatzea da. Aurten Poloniara egin nahi dugu irteera. Bertako kultura, gastronomia eta, noski, mendiak ezagutzeko. Tatra mendiak ezagutzera joango gara.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak