Sareak

☉ Zaratamo

Arati Galapan, ongizaterantz zaldian

Arati Galapaneko zaldizko gidak eta ekinoterapeutak Zaratamoko turismo aktiboa erakutsi digu Hego Uribeko basoak eta mendiak zaldi gainean arakatuz

|

Beñat Garcia zaldiaren ondoan / Geuria

[2020ko azaroan 26an paperean argitaratuko elkarrizketa] Goizeko lehen argi-izpiekin jaikitzen da Beñat Garcia (Zaratamo, 1990), Zaratamoko Madariaga auzoko familiako baserrian. Beñatek, Bizkaiko Pilota Federazioko pilota irakaslea izateaz gainera eta Zaratamoko 40 ume entrenatzeaz gain, Arati Turismo Landa-etxean egiten du lan, amarekin batera. Amak landa-etxeko jarduerak egiten dituen bitartean, Beñatek Arati Galapaneko eskualdeko zaldizko gida bezala jarduten du, landa-etxeak antolatzen dituen zaldien bidezko irteerak prestatzen. Aita zaratamarra eta ama zeberiotarra, animaliekin ibili izandako familiakoa da Beñat. Baina, arraroa bada ere, etxean ez dute sekula zaldirik izan, Beñaten hitzetan, errespetu handia ematen duten animaliak direlako.

Bederatzi urte zituela, lehenengo behorra oparitu zioten gurasoek. “Gazteegia, agian”, dio Beñatek: animalia urtebetez baino ez zuten eduki bertan. Beñatek, hain gaztea izanik, ez zuen zaldia landaz aldatzen eta familia animaliak umeekin izango zuen jarreraz fidatzen ez zenez, lehengusu baten Arrigorriagako baserrira eraman zuten: “Animaliak bertan darrai 24 urterekin. Batzuetan bertara hurbiltzen naiz, zaldia bisitatzera”, azaldu du Garciak. Itxialditik irten bezain pronto, Arati Galapanen zerbitzu-eskariak inoiz baino gehiago egin zuen gora udan zehar: “Jendeak etxetik irten gura zuen, eta gure lanbideak naturarekin kontaktuan egoteko aukera ematen du, hiriko burrunba eta pilaketetatik urrun. Zaldietan egindako jarduerak aire zabalean antolatu beharrekoak dira eta sei pertsonako talde txikiak prestatzen ditugu, segurtasun neurri guztiak betez”, azaldu du Zaratamoko gazteak.

Hasiera batean gertuko jendea izan zen Arati Galapanera nahita edo nahigabe hurbildu zena, eta urtez urte ahoz-ahoko publizitateagatik eta sare sozialetako eraginagatik, bere tartea eskuratu du landa-etxeak eta bertako zaldi irteeren zerbitzuak. Horrez gain, gida jakitun da hipika ez dela kirol merkea: “Esparru garestia da zaldiena, bereziki instalazioak sortu eta mantentzeko lanei dagokienez. Hori dela eta, jendearengana hurbiltzen saiatu gara gure inguruei etekina ateraz”.

Zaldiei pentsua eman ostean, Beñat baserri ondoko zalditegira hurbiltzen da, animaliak laztanduz. Batzuk helduak dira, beste batzuen kasuan, hasiberriak, eta boxetik irteten ikasten ari dira. Zaldiak banan-banan ateratzen ditu eta errepidetik, gainontzeko abereen begiradapean baserri ondoko zelaietara eraman. Bidean eskoziako High Lander ilunak ikusten ditugu, zaldiei begirada gainetik kendu barik. Zaldiak, zelai ezberdinetan askatzen ditu Zaratamoko gazteak eta ahokoa kendu bezain pronto galopan hasten dira, Zaratamoko erdiguneak paisaiaren atzealdea osatzen duen berdegune batean.

Aukeraketa zehatza

Guztira 11 zaldi dauzka Beñatek zalditegian. 11 horietatik bost etxean jaiotakoak dira eta beste hiru, bideratutakoak. Gainontzekoak erositakoak dira: “Posible den heinean, zaldiak etxean jaiotakoak izaten saiatzen gara”, azaldu du Beñatek. Zalditegietan arraza ezberdinetako zaldiak ikus daitezke: luzitano arraza jatorriko eme haurdun bat (Portugal), lau hispano-arabiar (nahasketa), arabiar-Horses Paint bat, hiru arraza garbiko arabiar eta ‘Cuarto de Milla’ arrazatik eratorritako zaldi indartsu bi (AEB). Gehienak arabiar arrazarekin nahastutakoak dira, horrela animalia lasaiagoak eskuratzen baitira. Arraza garbiko animaliek bestalde, izaera gogorragoa dute, eta indartsuagoak izan ohi dira. Arraza bakoitza erabilera zehatz baterako erabiltzen dela argitu du Garciak.

Itxialdian zehar, Beñatek behor bi zekortu zituen, eta hilabete batzuetan 14 zaldi izango ditu guztira zalditegian. Zaldiak ateratzen ari dela, ingurua begiratzen du gidak. Zalditegia handitu beharko lukeela dio, gaur egun zalditegiko espazioa ahuntz eta oiloekin konpartitzen dutelako zaldiek, eta laster edo berandu espazioa egokitu beharko dutela adierazi du gazteak. Zaldiak geletatik ateratzen dituen bitartean eta zaratarik egin gabe Laika agertu da, zaldizko irteeretan laguntza ematen dion zortzi urteko Border Colliea: “Gure zaldiak ehiztarien tiroak bezalako soinu gogorretara ohituta badaude ere, zaratarik egiten ez duen txirrindulari batek asko ikaratu ditzake, eta Laikak, zaldien parean atzera eta aurrera doanez, kirolariak abisatzen ditu”. Laikak zelaietaraino laguntzen ditu Beñat eta zaldiak, euren inguruan bueltak emateari utzi barik.

Udan zehar jarduera ugari antolatu dituzte umeekin Arati Galapanen: “Zaldien bizitza nolakoa den erakutsi diegu, eta ez soilik zaldiaren gainean ibiltzen: zaldiaren mantentze-lanak, animaliak zaldizkoari zer transmititu diezaiokeen…”, azaldu du Beñatek. Koronabirusak berak pertsona askorengan estresa sortu duela azaldu du gidak, eta zaldiak estres hori bideratzeko aukera paregabeak eskaintzen dituzten animaliak direla argitu du: “Zaldira igotzean, kontrolaren parte handi bat zaldiak berak duela konturatzen gara, eta animaliak gure mugimendu guztiak errespetatzen dituela ikustean lasaitasuna transmititzen dio zaldizkoari, gainontzeko pentsamenduetatik deskonektatuz”, azaldu du ekinoterapeutak. Horrez gain, zaldian ibiltzeak gorputzeko gihar guztiak mugitzea dakar, igeriketak egiten duen bezalaxe, baina ohikoak ez diren mugimenduekin. Umeen klaseak astelehenetik ostiralera antolatu izan dituzte eta oporretatik bueltan zaldizko ibilbideak antolatu dituzte gehienbat.

Animaliak gertutik

Zaldi batera sekula igo ez den pertsona bati murgilketa graduala egiteko gomendioa ematen zaio: lehenik eta behin, Arati Galapaneko jardueren bidez kontaktua ezartzen da zaldizkoa eta zaldiaren artean, animalia hauen munduko jakintzak eskainiz: animaliaren orrazketa, bere kaskoen tratamendua, aulkia nola jartzen den, ferren zergatia eta euren garrantzia, ahoaren zainketa… Horrela sortzen da zaldia eta gainean doanaren arteko berebiziko kidetasun harremana edo lotura.

40 minutu inguruko aurreprestaketa honen bidez, zaldia ezagutu baino lehenagoko beldurrak urruntzen direla adierazi du Garciak: “Oso garrantzitsua da lotura hori lantzea. Azken batean, zaldi batera sekula igo ez den pertsona batek lau orduko ibilaldia kontratatzen badu eta esperientzia lehen minututan ez bazaio gustatzen, ez du ibilbidea gozatuko”. Umeez gain, Arati Galapaneko eskaria familiek eta bikoteek osatzen dute bereziki.

Madariaga auzoko baserrian bertan bukatzen da errepidea eta basoak ongietorria ematen die oinezkoei, txirrindulariei eta zaldizkoei. Koronabirusak eragindako normalitate berri honen ondorioz mendi magalean jende gehiago ikusten dela adierazi du Beñatek: “Lehen ez zen hainbeste jende ikusten inguru honetan, eta egia da konfinamenduak jendea etxetik atera duela. Baina basoa guztiona da eta denok daukagu berau disfrutatzeko eskubide bera”.

Ibilaldiak iraupen askotakoak dira eta guztiak etxetik irteten dira, inguruetako merenderoetatik igaroz: Upoko pagadira doana eta baita San Segismundora doana ere, Usansoloko urtegira doan ibilbidea Lekubaso merenderotik… ibilbideek panoramika ederrak eskaintzen dizkiete zaldizkoei, mendian murgilduta egonda Bilbo gertu ikusteko aukera izanik, besteak beste. “Ibilbide hauen bidez, lasaitasuna transmititzen dugu naturan, segurtasuna eskainiz zaldiaren bidez”.

☉ Zaratamo

‘Kortxoaren Dilema’ ikuskizuna eta lodifobiari aurre egiteko tailerra ekarriko dute Zaratamora

Maiatzak interes orokorreko jarduerak ekarriko ditu euskara hutsean eta doan Zaratamoko Arkotxa eta Elexalde auzoetara. Elexalden 14 bakarrizketa eskainiko dituzte eta Arkotxako txokoan Laura Galar aktibista izango da lodifobiaren aurkako tailer bat eskaintzen

|

Emakume bat // Fuu J, Unsplash

Zaratamoko Berdintasun Batzordeak maiatzeko ekintzen egitaraua argitaratu berri du eta euskara hutsean antolatutako jarduera bi antolatu ditu. Hilaren 10ean Kortxoaren Dilema emanaldia eskainiko dute 19:30ean, Elexaldeko Kultur Etxean. 14 bakarrizketa eskainiko dituzte oholtzan ipiniko duten txizatoki batean.

Maiatzaren 10 eta 17an, ‘Lodifobiari aurre eginez’ izeneko saio biko tailerra eskainiko du Laura Galar haur hezitzailea eta aktibista lodiak Arkotxako txokoan, 18:00etatik 20:30ak arte. Edertasun-kanonek emakumeen gorputzen gainean egiten duten presioa hain da handia, ezen askotan osasun fisiko eta mentalaren kontra egiten du. Gero eta gehiago gertatzen dira elikadura-jokabidearen nahasmenduak, EJN izenez ere ezagunak; arazo hori ikusezina da neurri batean, eta aurreiritzi asko ditu. Maiatzaren 31n Lisipe bildumaren Aingeruak eta neskameak: Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak liburuaren aurkezpena egingo du June Fernández kazetariak.

Ekainari begira, Berdintasun Batzordeak Boterea, ahizpatasuna, Twerk izeneko tailerra antolatu du Elexaldeko gimnasioan hilaren 8an eta 15ean. Saioak 10:00etatik 13:00ak arte antolatu dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Elexalde eta Iragorri auzo zaratamarrak lotzen dituen foru errepidea konpontzen hasi dira

Zaratamoko auzo biak lotzen dituen errepide zatia berriro asfaltatu, zabaldu eta margotuko dute. Lanak martxan daude

|

Iragorri auzoaren hasiera adierazten duen seinalea // Geuria

Zaratamoko Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen BI-3702 foru errepidea konpontzeko lanak hasi ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Errepide sailak. Iaz Iragorri Goikoa eta 2 kilometro puntuen arteko (PK 13:350 eta PK 13:780 zatian) lanak egin zituen Foru Aldundiak eta oraingo honetan Iragorritik herriko plazarainoko errepide zatiko neurketa-lanei ekin diete (PK14:920 eta PK 15:490).

Udal ordezkariek azaldu dute asfaltatze lanak eta galtzada bera zabalduko dutela. Gainera, errepidea margotuko dute.

Iazko irailean konpondutako errepide zatia, Iragorri auzoan // Geuria

Autoak eta oinezkoak

BI-3702 foru errepidea 1955. urtekoa da eta historian zehar hainbat berriztapen izan dituela azaldu dute Zaratamoko Udaletik. Foru errepidetik autoak eta oinezkoak igaro dira egunero eta Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen errepidea “lotune garrantzisua” da Zaratamoko Udalarentzat.

Iazko irailean, lehen zatiaren lanak hasi zituztenean, udal ordezkariek eskaera bidali zuten Foru Aldundira, “Iragorri eta Elexaldeko plaza lotzen duen berriztatze proiektuan oinezkoentzako irisgarritasuna eta segurtasuna kontuan izateko”.

Erantzun modura, Foru Aldundiak BI-3702 errepidea “errepide moduan” konponduko zuela izan zen, udal ordezkariek GEURIAri azaldu lez. “Oinezkoak kontuan hartzeko modu bakarra errepidea udal jabetzakoa izatea litzateke eta proiektua Irisgarritasun Plan batean jaso beharko litzateke”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen hitzak.

Azken zatiaren lanak hasi dituzte beraz, eta Foru Aldundiaren asmoa auzo biak lotzen dituen errepide zatia berriro asfaltatu, zabaldu eta margotzea da.

Konpondu beharreko errepide zati bat // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Arkotxako jaiak astebete aurreratu dituzte Europako hauteskundeak direla eta

Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra izango dira aurtengo dira aurtengo jaiak eta Arkotxako Jai Batzordetik azaldu dute programa berdin-berdin mantenduko dutela

|

zaratamo arkotxako jaiak 2018 ander arrieta 0
Arkotxako jaiak, 2018an // Geuria

Aurtengo Aurkotxako jaiak maiatzaren 31tik ekainaren 2ra ospatuko dituzte, salbuespen modura, Europar Parlamenturako Hauteskundeak direla eta.

“Aukera guztiak aztertu genituen baina ez genuen gure jaiak Europar Hauteskundeekin kointziditzea”, izan dira Xabi Garcia Arkotxako Jai Batzordeko kidearen berbak.

Garciak azaldu du astebeteko aurrerapena egin duten arren jaietako programa mantenduko dutela eta momentu hauetan jaietako kontzertuak eskainiko dituzten taldeen baieztapenen zain daudela. Momentura arteko programa helarazi dio Jai Batzordeak GEURIAri, behin betiko ordutegiak faltan.

Zaratamoko Ealain taldea // Geuria

Programa | Arkotxako jaiak 2024

Maiatzak 31, barikua

⁠Talo txiki
⁠⁠Etxebarria Aita ta Seme Trikitilariak
Rumbas Akais
Muxutruk Erromeria
⁠⁠Dj Dreyky

Ekainak 1, zapatua

⁠Txori kantarien erakustaldia
Presagana txistu taldearen kalejira + Txistorrada Txoko Tabernan
Xaibor diskofesta
Paella txapelketa
⁠⁠Frontenis txapelketa herrikoia
Txitxarrilloa eta luncha nagusientzat
⁠⁠Kontzertuak: Ealain + ⁠⁠Akerbeltz Erromeria + Dj Oihan Vega

Ekainak 2, domeka

Umeentzako tailerrak eta jolasak Gaztek Abiren eskutik
⁠⁠Tortilla eta sukalki txapelketa
Fanfarrea
⁠⁠Bazkari popularra
Herri Kirolak, Jasoka Herri Kirol taldearen eskutik
Sari banaketa eta jaien amaiera

Tortilla lehiaketa // Geuria

Joan den otsailaren amaieran GEURIAn aurreratu moduan, Akais taldeak flamenkoa ekarriko du Zaratamoko auzoko jaietara eta Euskal Herriko erromerien esparruan Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak izango dira. Musika modernoari dagokionez Oihan Vega DJaren saioak dantzarako tartea eskainiko die auzotarrei, eta herriko Ealain taldeak bere folk-metal proposamen indartsu taularatuko du. Goizaldea Akerbeltz Erromeriak girotuko du.

Nagusientzako lekua ere egongo da eta txitxarrilloa ekarriko dutela iragarri dute batzordetik: “Hala ere kontuan izan beharrekoa da horiek ez direla kontzertu guztiak izango; gehiago baieztatuko ditugu laster”. Aurreko urteetan Bongo Botrako, La Raíz, Vendetta eta Zoo bezalako taldeak igo dira Arkotxako oholtzara, besteak beste.

Musika eskaintzaz gainera, bestelako jarduera gehiago aipatu dituzte antolakuntza taldetik eta haurrentzako jolasak, herri-kirolak, barrakak, ikuskizunak eta gastronomia-lehiaketak egongo direla azpimarratu dute.

Diru gutxiago

Jai Batzordearen arabera, Arkotxako jaietako aurrekontua “dexente” jaitsi da: “Bizitzaren igoera kontua izanda muntaketa-lanak, karparen instalazioa, kontzertuen kudeaketa, ekitaldiak… den-dena igo da eta aurrekontua txikiagoa da aurreko urtekoekin alderatuz, eta dena moldatzea erronka handia izaten ari da guretzat”, eta aurreko urteetako eredua “mantendu” nahi dutela gehitu dute tadetik.

“Zaratamon dauden gainontzeko elkarteak gonbidatzen ditugu gure jaietan parte hartzera”, azaldu dute Jai Batzordetik. Laster bigarren bilera egingo dute eta programa osotuago baten berri emango dutela azaldu dute.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamok luiziek hondatutako errepide zatiak konpondu ditu Madariaga eta Arkotxan

31.725 euro bideratu ditu iazko euriteek Madariaga eta Arkotxako Santa Barbara auzoetan sortutako kalteak konpontzeko

|

Amaitutako hormak, Madariaga auzoan // Geuria

Zaratamoko Udalak 31.725 euro bideratu ditu iazko euriteek Madariaga eta Arkotxako Santa Barbara auzoetan sortutako kalteak konpontzeko. Izan ere, 2023an gertatu ziren euriteen ondorioz luiziak egon ziren. Mendiko lurra, urak bultzatuta, errepide gainera erori zen, eta kalte materialik sortu ez bazuten ere, kontentzio-lanak egin behar izan ditu Udalak arazoa errepika ez dadin.

31.725 euro horietatik 22.094 euro Bizkaiko Foru Aldundiko aurreikusi gabeko diru-laguntzetakoak dira eta aurrekontu horrekin porlanezko hormak eraiki dituzte lurra eta errepideak babesteko bai Madariaga, bai Arkotxako Santa Barbara auzoetan. Lanak berez bukatuta daude.

Porlanezko hormak, Madariagan // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

#A21 / Emaitzak / Zaratamo / EH Bildurekiko alde estuagoarekin irabazi ditu EAJk hauteskundeak

#A21 / Zaratamo / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri