→Zaratamo

Basauriko Ariz futbol taldeak Gurutzaldeko zelai abandonatua erabiliko du Zaratamon

Pablo Paramás Gómez, Zaratamoko zelaian / Geuria

Basauriko Ariz futbol taldeak Zaratamoko Gurutzalde futbol zelai abandonatua erabiliko du haur, kadete eta gazteen entrenamendu saioetarako: “Espazio arazoek behartu gaituzte entrenamenduak herritik kanpo egitera”, azaldu du Pablo Paramás Gómezek, Ariz Kirol Elkarteko presidenteak. “Gure elkartean 400 ume baino gehiago daude eta %95 Basaurikoak dira. Gaur egun ezinezkoa da herriko futbol zelaietan entrenamenduak egitea”. Etxebarri, Galdakao, Ugao eta Arrigorriagako futbol zelaiak jendez gainezka dituztela adierazi du Paramásek.

Elkartearen asmoa osasun krisiak ahalbidetzen duenean proiektu hau martxan jartzea da, eta Ariz KEk eta Zaratamoko Udalak akordioa azaroan bertan sinatzeko asmoa dute. Pablok adierazi du du hasiera batean asteko egun bakoitzean talde batek egingo dituela entrenamendu saioak: “Horrek esan nahi du futbol zelai oso bat izango dugula talde bakarrerako”. Bestalde, aurten hiru futbol talde gehiago daude elkartean: nesken talde bat eta mutilen bi. Espazioa izatea berebizikoa da”.

Konfinamendu garaian, maiatza aldera, Zaratamoko futbol zelai abandonatua erabiltzeko ideia jaio zen eta Alberto Ugarriza alkatearekin harremanetan jarri ziren elkartekoek. Pablok, 18-19 urte zituela bertan jokatu zuen futbolean eta proposamena bitan pentsatu barik, Zaratamoko Udalak ideia hori garatzeko argi berdea eman zion Ariz Kirol Elkarteari, baldintza batekin: kirol elkarteak jarduera burutzeko gastuak (berregokitze lanenak, elektrizitate eta urarenak…) bere gain hartzea. Kirol elkarteak kalkulatu du urtero 14.000 eta 15.000 euro inguruko inbertsioari aurre egin beharko diola futbol zelaia mantentzeko. “Belar mozketa eta elektrizitatea izango dira gastu handienak, koronabirusak eragindako egoerak ez digulako dutxak erabiltzeko aukera emango”, argitu du presidenteak. Halaber, basauriarrak azaldu du Udala prest legokeela ahal duen heinean proiektuan parte hartzeko.

Zelaiaren berregokitzea

Zaratamoko futbol zelaiko gaur egungo lursaila ez da egokia bertan kirol jarduerak egiteko: lurra eta belar altuaz gainera, gurpil-arrastoez, zuloez eta garai honetan baita perretxikoez beteta dago zelaia: “Hasteko belarra ebaki beharko litzateke eta ondoren area bota, lurra egoituz eta horren gainean belar berria landatu ahal izateko” adierazi du Pablok. “Bizpa hiru aldiz moztu ostean belar berria izango genuke behar bezala egokitutako lurrean, eta entrenatzen hasi ahal izango ginateke”. Kirol elkarteko entrenatzaileak, teknikariak eta baita hainbat jokalari ere lurraren berregokitze-lanetan laguntzeko prest daudela adierazi du elkarteko presidenteak.

“Koronabirusak laster edo berandu bakean utziko gaitu eta egoerak aurrera egingo duenean futbol zelai erabilgarria izango dugu Zaratamon”, azaldu du Paramásek, eta errealitate horrek Zaratamori onurak ekarriko dizkiola azaldu du: “Basauriko umeek bertan entrenatzeaz gain, Zaratamokoek ere futbola praktikatzeko aukera izango dute eta etorkizunean txapelketak antolatu ahal izango dira herrian”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak