Bizkaiko Foru Aldundiak pasabidearen obrak geldiarazi zituen baimen bat falta zelako. Euskal Trenbide Sareak dagoeneko berrekin die lanei
Trenbide gaineko pasabidea errealitatea izango da hemendik hilabete batzuetara. Euskal Trenbide Sareak (ETS) lanei berriro ekin die, otsailean Bizkaiko Foru Aldundiak obrak eten eta gero. “Basauri eta Galdakao elkartzen dituen errepide zaharreko bide bat aldi baterako ixteko baimena falta zen. Horregatik geldiarazi zituzten obrak”, diote ETSko ordezkariek. Dagoeneko baimen hori iritsi denez, Arkotxako trenbide gaineko pasabidea zazpi hilabeteko epean eraikiko dute.
Oinezkoentzako igarobidearen obrak joan den urrian esleitu zitzaizkion Viuda de Sainz enpresari 425.849 eurorengatik eta urtarrilean hasi ziren eremua prestatzen.
BIZKAIBUSEN GERALEKUA
Igarobideak trenbidearekin paraleloan doan BI-3720 errepidea ere gaindituko du. “Pasabidea eraikitzeko beharrezkoa izango da une honetan bertan dagoen semaforoko oinezkoen igarobidea sarbide berriaren inguruetara aldatzea”, diote ETStik: “Halaber, Bizkaibusen egungo geralekua ere lekuz aladatuko da”.
