→Zaratamo

Eugenio Arriaga: “Altxor kulturala dira betizuak eta ez ditugu galdu nahi”

Eugenio Arriaga, Betizuekin // Geuria

Antzinako ‘gauzen’ maitale bezala definitzen dute euren burua Eugenio eta Braulio Arriaga anaiek. Orozkotik Zaratamora 1.895 urtean etorritako Arriagaren birlobak eta Ordiziatik Arrigorriagara 1848 urtean etorritako Garmendia familiakoak. Suhiltzaileak ofizioz, aititea abeltzaina zen eta nolabait Euskal Herriko ganadu mota zaharrenarenganako maitasuna kutsatu zien biei. Gaur egun, betizuak hazten dituzte Zornotzako basoetan eta euren haragia oso preziatua da: Bilboko Guggenheim museoko jatetxean eta Larrabetzuko Azurmendin izan dute, besteak beste. Eugeniorekin eta betizu iletsuekin goiza eman dugu, animalia hauen mundua gertutik ezagutuz.

Eugenio eta bere behiak // Geuria

Nola hasi zineten betizu arrazako behiak hazten?
Zaratamon betidanik egon dira betizuak, eta ez hemen bakarrik: Zeberion, Orozkon… 70. hamarkadan basoko saneamendu kanpainak martxan jarri ziren. Garai hartan, betizuak basoetan bizi ziren, beren kabuz, eta kanpaina hauen ondorioz, animalia hauek batzen hasi ziren abeltzainak.

Baina berez betizuak harrapatzearen lana ez da makala!
Behi izuak esaten zaie, eta jende asko ez zen prest agertu lan horiek egiteko. Horregatik behi asko tiroka hil zituzten eta betizu kopurua nabarmenki jaitsi zen. Harrapatzea lortzen zituzten abeltzainek okela gutxi ematen duen animaliak zirela ikusi zuten. Horregatik, betizuak bestelako arraza okelatsuagoekin gurutzatzen hasi ziren.

Nolako izaera dute betizuek?
Denetarik dago. Betizuak herriko jaietan erabiltzen ziren antzina, zezen-jokoetan bereziki. Nik urteak daramatzat hauekin lanean, baina egia da barruan tenperamentua daukatela.

Familian anaia bi zarete: biak suhiltzaileak eta biak abeltzainak
Braulio eta niri betidanik gustatu zaizkigu antzinako gauzak: historia, kultura, arbasoak… Euskararekin gertatzen den bezalaxe, pena da betizu arraza galtzea. Gure aititea artzaina zen eta gu basoko ganaduarekin 1985en hasi ginen beharrean, Enkarterrietatik eta Orozkotik ekarritako ganadua hazten. 1998an behi arraza hauen inguruko elkartea sortu zen eta Europako diru-laguntzak jaso genituen Terreñak eta betizuak berreskuratzeko helburuarekin. Diputazioko teknikari bat etorri zen gure lursaileko behiak ikustera eta berreskuratzeko animaliak zirela baieztatu zuen.

Betizuak, baserrian // Geuria

Nola uztartzen dituzue suhiltzaile eta abeltzain lanak?
Braulio eta biok txanda ezberdinetan egin dugu lan betidanik eta ez dugu problemarik izan ganadua zaintzeko tarteak topatzeko, azken batean behi hauek ez baitute esne behiek ematen duten lanik ematen. Etxe inguruan jan ostean, 11:00ak aldera, emazteak behiak soltatzen ditu eta mendira doaz, hurrengo egunera arte.

Nolako behiak bizi dira Zaratamon?
Zaratamoko basoetan basabehiak eta behiusoak egon dira betidanik. Aitaren lehengusu batek gerra ostean Gutiolotik Gorbeiara eraman ohi zituen arraza horretako animaliak. Bere hitzetan, hemengo behiak gorriak izan ohi ziren eta Terreñei ‘behi arabarrak’ esaten zieten. Garai hartan hasi ginen gu betizu behiak berreskuratzeko asmoarekin, eta lehen behi mistoak Orozkon bertan erosi genituen. Gaur egun betizuak eta terreñak ditugu.

Eugenio, animaliak elikatzen // Geuria

Baina arraza biak ez dituzue Zaratamon.
Ustiategia Zaratamon egon arren, arraza biak zonalde berean mantentzea zaila da: zezenak aparte mantendu behar dira eta horrek arazo handiak dakartza. Orduan, erosotasunagatik terreñak Zaratamoko Gutiolo auzoan utzi genituen eta betizuak, Zornotzako landetan. Zaratamoko basoak zabalak dira eta Zornotzan itxidura gehiago dauzkate lursailek. Terreñek okela gehiago ematen dute, eta nahastuta egongo balira eta betizuekin ernalduz gero, nahasketatik jaiotako behiaren prezioak behera egingo luke haragi gutxiago izateagatik.

Betizuen sinonimo al dira zezengorriak, behigorriak, txahalgorriak, ahatxegorriak eta idigorriak?
Bai, Diman katamizerrak ere esaten diete. 1916an Austriako ikerlari bat etorri zen eta euskal arrazako behi mota bi bereiz zitezkeela esan zuen: euskal arraza zahar edo rustikoa (betizua) eta hobetutako arraza. Hobetutako arrazako behiak Pirinioetan topa daitezkeenak dira, denboran zehar bertako mendi inguruetara doitzen joan direlako. Betizua berez paleolitiko garaitik bizi da Akitania, Aragoi eta Kantabria arteko lurretan. Denborak aurrera egin ahala, betizuen behi kopuruak behera egin du eta Bizkaian Andoni Errekagorri bere kabuz zonalde ezberdinetako behiak erosten joan zen, arraza berreskuratzeko asmoz. Gipuzkoan, Urnieta, Hernani eta Astigarragako betizuek mendian gora egin dute urteek aurrera egin ahala. Nafarroan, Agoizko urtegi inguruetan betizuak berreskuratzeko ahalegina egin zuten 60ko hamarkadan, inguruetan hainbat behi utziz, eta urte batzuk geroago Nafarroako Gobernua arduratu zen.

Baserriko Betizuak // Geuria

Zergatik daude desagertzeko zorian?
Alde batetik, errentagarria ez delako. Europatik datozen diru-laguntzak jaso ahal izateko baldintza gogorrak bete behar ditu abeltzainak. Beste alde batetik, okela gutxi ematen du betizuak, eta harakin askok ez dute haragi mota hau saldu nahi: azken batean, behi txiki hauen okela prestatzeko beste arraza bateko behi nagusi batena besteko denbora behar delako eta ez du merezi egun oso bat ematea 40 haragi kilo eskuratzeko.

Okela honekin lan egin nahi ez badute ere, hainbat jatetxe ospetsutan egondakoa da betizuena
Animaliak hil eta behar besteko osasun-kontrolak igaro ostean, etxera ekartzen ditugu eta paketeak prestatzen ditugu lagunentzat, senideentzat eta Zaratamoko lagunentzat. Bezero horiez gain, gure betizuen okelak inguruko jatetxe onenetan egon dira: Guggenheim museoko jatetxean, Azurmendin, Meliá hotelean… gaur egun Artxandako Ostalaritza Eskolan, Garena jatetxean eta Areetako Pablo Urzayn dasta daiteke.

Nola egiten dute lan Arriaga anaiek?
Europatik datozen diru-laguntzekin, eurek ezartzen dituzten baldintzak betez. Ez dugu irabazi askorik. Dagoeneko, nire lagunen zaletasunak eskalatzea, surfa… hori maite dute. Nire zaletasuna abeltzaintza da, baina lan honekin ez dut diru irabazirik.

Betizuak, ez hain izuak // Geuria

Esaten da baita ere animalia mitologikoak direla betizuak
Joxemiel Barandiaran berak betizua “animalia zaputza” bezala definitzen du (Elhuyar hiztegiaren arabera, zaputza eta betizua hitzak sinonimoak dira). Braulio eta biok 2000. urtean hasi ginen betizuak hazten, eta urte hartan Nafarroatik ekarritako zezentxo bat eroan genuen Orozkoko lehiaketa morfologiko batera. Bertakoak aho bete hortz lotu ziren animaliaren izaera ikusi bezain pronto: “Zezen hori izanik txakurrik ez duzue behar!”, esan ziguten. Antza, animalia hark Barandiaranen kobazuloko sarrerako ahotik sua botatzen zuen zezen gorriaren antza zuen.

Zein da Betizuen bizileku aproposena?
Behi hauen bizileku naturala berez mendia da. Elurra egin izan duen urte hasierako egunetan, egokiena belar fardo batzuk hartu eta basora botatzea izan beharko litzateke, eurek badakitelako bertan nola moldatu. Nafarroan horixe bera egiten dute: Goizuetako egoera zoragarria da, bertan betizu arrazako behiak dauzkatelako soilik, legez. Bizkaian, ordea, ez dago horrelako behar besteko leku zabalik. Errepide, trenbide eta azpiegitura gehiegi daude animalia hauek libre izateko. Gutiolotik Orozkorainoko tartean, esaterako, badira leku zabal ugari, baina horietan dagoeneko badaude estelako arrazako behiak, eta bertako abeltzainek ez dituzte betizuekin nahastu nahi. Altxor kulturala dira betizuak eta ez ditugu galdu nahi, Euskal Herriko ganadu mota zaharrena baita.

Betizu behia, kumearekin // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak