→Zaratamo

Bittori Astobiza: “Zalantzagarria da Pfizer txertoak kontrol guztiak hain arin igaro izana”

Basaurin familia-medikua izandako zaratamarrak erretiroa hartu zuen 2013an eta harrezgeroztik denbora senideekin, ortuan eta elikagaien bankuan ematen du

Bittori Astobiza Ariño / Geuria

1975ean Zaratamo utzi eta Bilbora bizitzera joan zen Bittori. 2004an herrira bueltatu zen eta bederatzi urte eman zituen Basauriko anbulatorioan, familia-mediku bezala lanean. Bere bizitzako 38 urte eskaini dizkio medikuntzari Astobizak eta medikuntzaren garapenaren lekukoa izan da zaratamarra.

Gripea eta Koronabirusaren sasoian guztiz murgilduta gaudelarik, Gabonetako osasun-neurrien inguruan eta Pfizer txertoaz aritu gara berarekin, Zaratamoko Kultur Etxean Lagun Elkarterako elikagaiak biltzen ari delarik herriko lagunekin jo eta su.

Zer dela eta erabaki zenuen medikua izan behar zenuela?
Zaila da 18 urterekin aukera bat egitea. Banekien zer ez nuen izan nahi, baina ez nuen argi zer izan nahi nuen. Lehen aukera, behar bada, ingeniaritza izan zen. Baina unibertsitatean hasi nintzen urte berean Medikuntza jarri zuten Bilbon eta bide horri ekin nion. Familia-mediku moduan 28 urtez aritu izan naiz eta Ezker Aldean Osakidetzako zuzendaritza batean 9 urtez.

2013an erretiroa hartu zenuen. Zelan daramazu jubilazioa?
Ondo. Betidanik joan izan naiz gustura lanera, baina lan egiteko etapa amaitu zen. Momentu bat heltzen da, nola edo hala gorputzak eta buruak ez dutela laguntzen, eta horregatik etxean gelditzeko momentu ona da.

Zertan ematen duzu denbora gaur egun?
Ez naiz aspertzen: etxea, ortua, Zaratamo Lagun Elkartearen ardura daukat, ilobez gozatu eta agertzen diren jardueretan gai naizen eran lagundu.

Bittori Astobiza Ariño / Geuria

Medikuntzaren inguruko hainbat argitalpen egin dituzu eta baita zenbait hitzaldi idatzi ere. Argitalpen hauek derrigorrezkoak izan dira edo idazteko grinetik jaiotakoak dira?
Garai hartan urtero joaten nintzen Euskal Herriko Unibertsitatera (UEU) Nafarroara. Han euskaltzale asko batzen ginen eta zer edo zertan konpromisoren bat hartu genuen, batez ere, bakoitzari bere arloan zegokiona.

Arnas aparatuaren inguruko argitalpeneko hitzaurrean (UEU, 1980) komentatzen da euskara errazean idatzi zenutela, gainontzeko lankideekin. Zer nolako presentzia dauka euskarak medikuntzan gaur egun?
Gizartean euskaraz hitz egiten den proportzio bera hitz egiten da Osakidetzan. Ikastolek oinarrizko irakaskuntzan garapen handia izan dute: materialea euskaraz dago, Unibertsitatean klaseak ere euskaraz ematen dira eta abar. Ikasgai gehienetan hiztegi espezifikoak daude. Horrez gain, Osakidetzak langileak liberatu ditu urteetan zehar euskara ikasteko eta oposaketetan euskara balioztatzen da.

Alderik al dago gaur egungo medikuntza eta antzinako medikuntzaren artean?
Handia. Ospitaletik kanpoko medikuak medikuntza orokorrekoak ginen: ikasketak amaitu bezain pronto lanean hasten ginen. Hortik aurrera norberak bilatu behar zuen bere formazio propioa. Hori horrela izan zen 1984ra arte. Urte horretan sortu zen familia-medikuen espezialitatea “MIR” bitartez eta era berean garatu zen espezialitate honen formazioa. Hortik aurrera denak ginen familia-medikuak. Behin medikuntza lizentziatura amaitu ondoren beste lau urteko formazio arautua egin behar da, oinarrizko espezialitate guztietatik igaroz.

Gaur egungo medikuek oso formazio kliniko ona eskuratu dute eta denbora tarte honetan istorio klinikoak asko garatu dira, lehenengo paperean eta, gaur egun, era digitalean. Garapen prozesu honen barruan oso momentu garrantzitsua izan da lehen mailako asistentziaren istorio klinikoak eta istorio kliniko espezializatuak bat egin duten momentua. Koordinazioa ezinbestekoa da.

Bittorik parte hartu du Zaratamoko elikagaien bilketa solidarioan / Geuria

Abenduan murgilduta, hotza eta hezetasuna heldu dira eta gripea Koronabirusarekin elkarbizitzen dabil. Nolakoa da osasun zentroetako egoera gaur egun?
Larria. Pertsonalen urritasuna, gaixotasun berri bati aurre egiteko beharra, informazioa ez da behar den argia, antolaketa falta dago… eta abar. Horrez gain, alde batera utzi egin da beste gaixotasun ez kutsakorrek behar duten arreta: hipertentsioa, diabetesa eta minbizia, besteak beste.

Itxialdian egoteak eta urtebetean zehar neurri hain zorrotzak izateak zer nolako eragina izan dezake pertsonen osasunean?
Lehenik eta behin, beldurra sartu zaigu gorputzean, eta arazo larria da horrekin bizi behar izatea. Bigarrenez, isolamenduak bereziki edadeko pertsonengan depresioan jausten laguntzen du. Bestalde, ezin ditugu ahaztu kalte ekonomikoak eta honek pertsonen artean sortu duen ziurtasun eza. Horren ondorioak ikusten ari gara Elikagaien Bankuan, azken bolada honetan hartzaileen kopurua asko gehitu da. Azkenenik, ziurgabetasunean bizi gara ez baitakigu noiz arte iraungo duen egoera honek.

Zer nolako eragina izaten ari du Koronabirusak Zaratamo bezalako herrian?
Osasun zailak aurkezten dituen datuetan oinarrituta, abuztuaren erdian 43,98/100000 intzidentzia izan genuen Zaratamon. Azaroaren erdian kasuak asko gehitu dira: lehen hamabostaldian 797,06/100000 portzentajera heldu arte. Momentu honetan eta azkeneko datuen arabera 245,25/100000 portzentajean gaude.

Gabonak direla eta, zer deritzozu Gobernuaren neurri-proposamenei gabonetako bazkari eta afarietan Koronabirusari aurre egiteko?
Neurriak gogorrak dira baina ez dago beste zereginik. Neurriak apur bat zabaltzen direnean denok gehiegi lasaitzen gara. Arduratsuagoak izan behar dugu. Orain badakigu gutxi gorabehera nola zabaltzen den birusa. Datorren urtean ospatuko ditugu Gabonak ohiko eran.

Uste duzu Koronabirusaren aurkako txertoak eragina izango duela?
Nik uste dut baietz, baina zalantzak beste alde batetik sortzen dira: Pfizer txertoaren produkzioa oso arina izan da, eta zalantzan jartzen da ia kontrol guztiak pasatu dituzten. Txertoaren inguruko eztabaidak zaratatsuak izaten ari dira, iritzi larregi eta zalantza asko daude.

Mundu mailako pandemia dela eta, nolako aurreikuspena egiten duzu 2021ari begira?
Kolokan dago dena. Txertoak lehen munduan emaitza onak izan arren, nor arduratuko da garapen bidean dauden herrialdeetako txertaketetaz? Eta herrialde azpigaratuetan daudenetaz? Zelakoa izango da garapen ekonomikoa? Estatu mailako Barne Produktu Gordina (PIB) 12,40% jausi da 2020an eta aurreikusten da 5,40% baino ez dela igoko 2021ean. Beste herrialde batzuk hobeto joango omen dira, baina gauza bat ziurra da: denok hirugarren olatua itxaroten ari gara.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak