→Hego Uribe

David Gutiérrez Solana: “Legea eskuan, behartuta gaude etxerre berreskuratzera eta hiri-inguruko parke bat sortzera”

Zaratamoko Udaleko arkitektoa izandakoa da David Gutiérrez Solana. Etxerre eta inguruko eremuak birgaitzeko proposamenen parte izan da. Orain une egokia dela uste du, Europak emango dituen laguntzak baliatuta.

David Gutiérrez Solana / Geuria

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”
Irakurri osorik PDFan

David Gutiérrez Solana (Bilbao, 1974) arkitektoak badu zeresana Etxerreko putzua berreskuratzeko egin diren akordioetan, proposamenetan eta ikerketetan. Zaratamoko Udaleko arkitektoa izandakoa da David. 2013an ‘Etxerreko eta Garaiko putzuak berreskuratzeko plana’ eta 2016an ‘Arkotxaren ekintza-plana’ garatu ziren Udaletik. Dagoeneko Udalean lanean egon ez arren, Etxerreko putzuaren inguruko gaien jarraipena egin du. Legeari erreparatuz, lursail horren inguruko datuak eta beharrak zehaztu ditu ahalik eta modu gardenenean.

Zer balio du Etxerreko putzuak?
Etxerreko putzua Nerbioi-Ibaizabal estuarioaren hezeguneekin lotutako naturagune bakanetako bat da. Kantauriar eremuko hezegune gehienak eraldatuta daude, baina Etxerre oraindik ez. Eraldatu gabe dago eta ingurumen-balio garrantzitsuak ditu, bai florari dagokionez, bai faunari dagokionez. Horregatik guztiagatik gure inguruko gune garrantzitsua da ikuspegi ezberdinetatik begiratuta.

EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialean (LPS) sartuta dago, II. taldean; adibidez, Txingudiren edo Salburuaren maila berean. Etxerren hiri-inguruko parke bat egitea planteatzen da. Nabarmentzekoa da estuarioaren eremuan ez dagoela naturagune garrantzitsurik; beste herri batzuetan, ordea, egon badaude. Horrek ere Etxerreren interesa indartzen du. Etxerre Espainiako hezeguneen zerrendan sartuta dago. Era berean, Bilbao Metropolitarraren Lurralde Plan Partzialean (LPP) eta Zaratamoko eta Basauriko plangintza orokorretan babestuta dago. 2016an, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren ETIan sartu zuten.

Jatorri artifiziala du, bai. Kasu honetan harrobi batetik sortu zen, eta denboraren poderioz ingurumen-balio handia hartzen duten jatorri artifizialeko beste hainbat hezeguneren modukoa bilakatu da, hala nola, legarrak, putzuak, besteak beste. Bi putzuk osatzen dute, Etxerrekoa eta Garaikoa; Etxerreko putzuak, alde batetik, kutsadura-arazo handia du, hondakindegi zahar batek eraginda, eta, batez ere, 1983ko uholdeetan mota guztietako hondakinak biltzeko premiazko zabortegi gisa erabili zelako. Bestalde, Etxerreko putzuaren goiko aldean Garai putzua dago: Etxerreren emari nagusia da, txikiagoa izan arren urte osoan zehar ura duena, eta kontserbazio-egoera onean dagoena.

Zergatik berreskuratu behar da? Ba al dago betebehar moral edo legalik?
Lehenik eta behin, gune libreen eskualde-ekipamendutzat kalifikatuta dagoelako indarrean dauden plangintzetan, bai autonomikoetan, bai udalekoetan. Beraz, legeari erreparatuz gero, behartuta gaude Etxerre ingurumenaren aldetik berreskuratzera eta hiri-inguruko parke bat sortzera. Era berean, kontutan hartu behar dugu oso industrializatuta dagoen eremu baten erdian dagoela eta espazio libreen gabezia oso handia da. Gainera, putzuaren ondo-ondoan dagoen Arkotxa auzoa 2020an degradatutako eremu izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Hortaz, premia handia da. Bilboko metropoliaren inguruko eremuek, Zaratamok edo Basaurik, kasu, hiriburuek erdigunean nahi ez dituzten azpiegiturak jasan behar izan dituzte historikoki: azpiegitura handiak, goi-tentsioko lineak, zabortegiak… Horregatik, lurralde-plangintzak Basauri edo Zaratamo moduko herrietan planteatzen dituen lurralde-izaerako jarduketa urriak gauzatzea eska daiteke.

Bigarrenik, administrazio publikoak berak kutsatutako eremu bat delako Etxerre: eskualde batean dago, Basauri, Zaratamo eta Galdakao lotzen ditu, gune industriala eta langile-jatorrikoa, eta biztanle asko dituena. Dagoeneko administrazioek onartu dute egokia dela bertako eremuan adostutako planak gauzatzea. Hain zuzen ere, 2018an hitzarmen bat idatzi zen, azken unean sinatu ez zena. Eusko Jaurlaritzak, Zaratamoko Udalak eta Basauriko Udalak, elkarrekin, Etxerreko eremua zaharberritzeko akordioa zen hitzarmenaren muina. Hitzarmen horren oinarria sendoa zen: 2013an bi udalek eta Nerbioi-Ibaizabal Udaltaldearen eskualdeko bulegoak batera garatutako aurreproiektu batean zuen oinarria, baita ondoren Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak enkargatutako azterlan espezifikoan ere.

David Gutiérrez Solana / Geuria

Nola dago egun Etxerre?
Gaur egun, industria-hondakinez inguratuta eta hesituta dago Etxerreko putzua. Horrek degradazio-sentsazioa areagotzen du, hain zuzen ere, eremu funtzionalaren erdian, jarduketa lanak egin beharko liratekeen tokian bertan, Basauri eta Zaratamo artean dagoen gunean.

Zer egin daiteke?
Batetik, lurralde-plangintzak ezartzen du eskualde-mailako hiri-inguruko parke bat egin behar dela ur-laminei lotuta. Horretarako, kutsatutako lur-zatiak zigilatu beharko dira, eta horien gainean gune publiko bat prestatu. Baina hau guztia badago idatziz prestatuta. Zehazki, planteamendu oso bat existitzen da Eusko Jaurlaritza berak Etxerre zaharberritzeko eskatu zuen azterlanean.

Bestetik, 2013an planteatutako aurreproiektuak bereziki azpimarratzen zuen Basauriko berdeguneen sarearekin komunikatzea. Ibaizabal ibaiaren ezkerraldean ibai-parkeak aurreikusten ari dira Zaratamo eta Galdakao herrietan. Horri lotuta, Basauritik Galdakaora, Etxerretik barrena, ibilbide berde jarraitua egin daiteke.

Zer ekarriko luke Etxerreko hiri-inguruko parkeak?
Esan bezala, degradazio-egoera garrantzitsua konpontzen lagunduko luke, baita Zaratamoko eta Basauriko auzo horietan bizi diren beste eremu batzuekiko nolabaiteko ahanztura historikoa erreparatzea ere. Bestalde, eskualdean Basauriko eta Galdakaoko herritarren zerbitzura dagoen aisialdia garatzeko gune garrantzitsua izango litzateke.

40 urte joan dira eta Etxerreko putzuak bere horretan dirau. Posible al da lursail pribatu batean hiri-inguruko parke bat egitea degradatutako auzo eta naturagune bat berreskuratzeko?
Posible izateaz gain, legez, betebeharra ere bada. Aurrekontua sortzea eta bideratzea baino ez da falta, eta ez luke lege-aldaketarik beharko. Bihar bertan has liteke bere garapena, lurra eskuratuz eta zaharberrituz. Gainera, nire ustez, orain une egokia da, Europak laguntza handiak emango baititu horrelako proiektuetara bideratzeko. Tamaina ertaineko eremua da horrelako proiektuetarako, bi hektarea inguru. Aldez aurretik hitzarmenak eta planak osatzeko erabili diren aurrekontuak 3,5 milioi euro ingurukoak dira, lurzorua eskuratzea barne; zenbateko hori onargarria da beste lurralde batzuetan gauzatzen ari diren ezaugarri horietako lurralde-jardueretarako. Era berean esan behar dut, historikoki, gune horretan espekulazio-asmoak ere egon direla, helburua jakin batekin: lursaila babesgabe utzi eta erabilera industrialera bideratutako eraikinak egiteko asmoarekin. Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan adierazi du horrelako asmoen aurka dagoela, Etxerreko putzuak babes-maila handia duelako; beraz, planteamendu horiek, interes publikoaren kontra egiteaz gain, ez dira errealak. Gainera, egungo kutsadura-mailak kontuan hartuta, ikuspegi pribatutik ere ez dira ekonomikoki bideragarriak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak